Askatasun Plazako Erorien monumentu zaharreko erakusketa-aretoa gaur goizean ireki dute berriro, zazpi urtez itxita egon ondoren. Iruñeko Udalak azken urteetan (2015era arte) izan zuen izaera kulturala itzuli dio espazioari, eta programazio propioa duten erakusketa-aretoen udal-zirkuituan sartu du. Erakusketa bat antolatu da berriz irekitzeko, eta, hain zuzen ere, Erorien Monumentua eta haren hiri-ingurunea eraldatzeko ideien nazioarteko lehiaketara aurkeztutako 48 proiektuak ikus daitezke bertan.
‘Hiria birpentsatzen’ erakusketa urtarrilaren 22ra arte bisitatzen ahalko da. Lehen erakusketa honetan, aretoaren ordutegia honako hau izanen da: asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean aretoa itxita egonen da. Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Josetxo Velaz Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko (EHAEO) presidenteak gunea bisitatu dute gaur goizean, eta erakusketan zehar ibili dira. Erakusketa horretan, hainbat erakundek, enpresak, estudiok eta ideien nazioarteko lehiaketan parte hartu duten pertsonek aurkeztutako panelak ageri dira nagusiki.
Eraikinak erakusketa-areto gisa abiatu du berriro bere kultur jarduera, eremu osoa nola eraldatu erabakitzen den bitartean. Udal-ondarearen parte denetik xede kulturala izan du erakusketa areto gisa. Itxi aurreko urteetan, aretoan, oro har, San Ferminetako kartelen urteroko lehiaketan epaimahaiak irabazle hautatzen zituen lanen erakusketa egiten zen, baita beste artista batzuen proiektuenak ere, batez ere nafarrenak.
Aretoa berriz irekitzen duen erakusketak, eraikina bera eta bere ingurua ditu ardatz. 2018an ideia-lehiaketa baterako deialdia egin zen, eta 49 lan aurkeztu ziren guztira. Horietatik 48 onartu ziren, eta orain, lehenbiziko aldiz, guztiak ezagutaraziko dira, eta ez bere garaian sarituak izan ziren 7ak soilik. Lehiaketaren bidez ideiak ezagutu nahi ziren, eraikina herritarren erabilerarako behin betiko berreskuratzeko eta inguruko espazio publikoa topagune erakargarriago bihurtzeko. Egungo eraikina mantentzeko, eraldatzeko, ezabatzeko edo ordezteko aukera zabalik uzten zen, baina beti ere esanahi zibiko berriak emanda.