Iruñeko Udalak ‘Argazkiak: arrazismoa desmuntatzen duten esaldiak’ argazki-lehiaketa antolatu du

Iruñeko Udalak ‘Argazkiak: arrazismoa desmuntatzen duten esaldiak’ argazki-lehiaketa antolatu du
Lehiaketako 25 argazki erakusketa batean egonen dira ikusgai, Kondestablearen Jauregian, martxoaren 15etik apirilaren 5era bitarte
Cámara

 

Iruñeko Udalak argazki-lehiaketa berri bat antolatu du, ‘Argazkiak: arrazismoa desmuntatzen duten esaldiak’ izenburupean martxoaren 21aren inguruan, egun horretan Arrazarengatiko Diskriminazioa Deusestatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen baita. Lehiaketari jarraipena emateko, gerora erakusketa bat eginen da.

Argazki-lehiaketak hiriaren irudiak eta arrazismoa desmuntatzen duten esaldiak lotuko ditu. Argazkiek 5 esaldi izanen dituzte inspirazio-iturri, eta hiriko egunerokoan kultura aniztasunaren elkarbizitza islatu beharko dute. Lanek –Iruñeko ohiko bizitzaren eszenei buruzkoak– 5 esaldi horiek islatuko dituzte, eta epaimahaiak 5 argazki aukeratuko ditu lelo bakoitzeko. Gero, hautatutako 25 argazkiak ikusgai egonen dira Kondestablearen jauregian eginen den erakusketan, eta lehiaketaren oroitzapen-liburu batean editatuko dira.

Honako hauek dira bost esaldiak: “Gizateria da gure benetako nazionalitatea” (Herbert George Wells); "Espero dut azkenean pertsonak ohartzea arraza bakarra dagoela –giza arraza– eta denok garela horren partaideak” (Margaret Atwood); “Askatasunarekin amets egitea, justiziarekin, berdintasunarekin, nahiago nuke jada amestu beharrik ez izatea” (Martin Luther King); “Mundu hau ez da aldatuko, gu geu aldatzeko prest egon ezean” (Rigoberta Menchu), eta “Inor ez da jaiotzen beste pertsona bat gorrotatzen haren azalaren kolorearengatik, jatorriarengatik edo erlijioarengatik” (Nelson Mandela).

Epea otsailaren 27ra arte zabalik

Iruñean eta Iruñerrian bizi diren 18 urtetik gorakoek hartzen ahal dute parte lehiaketan. Argazkiak aurkezteko epea otsailaren 27an amaituko da. Lanak posta elektronikoaren bidez bidaliko dira participacionciudadana@pamplona.es helbidera, eta egilea eta argazkiaren inspirazio-iturri den esaldia adieraziko dira. Oinarriak www.pamplona.es webgunean eskuragarri daude, gaztelaniaz eta euskaraz.

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki aurkezten ahalko ditu, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak, bai eta beste ezein lehiaketa, webgune edo bestelako bitarteko digital edo inprimatutan agertu gabeak ere. Argazkien gutxieneko formatuak 25x32 cm izan behar du, mugikorrarekin egindako argazki batek izan ohi duen tamaina, eta gehienekoak, 40x50 cm. Euskarri informatikoan aurkeztu behar dira, JPEG formatuan eta 96ppp-eko bereizmenean.

Epaimahaiaren epaia martxoaren lehenengo astean

Epaimahaiak martxoaren lehenengo astean emanen du epaia, eta antolatzaileek berariaz jakinaraziko diete hura hautatutako argazkien egileei. Udalak informazio horren berri emanen du komunikabideetan, bere webgunean eta sare sozialetan.

Sei lagunek osatuko dute epaimahaia: Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorreko zinegotzia; bi teknikari; argazkigintzan aditu diren bi lagun, eta gizarte-ehunaren ordezkari bat. Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek guztiak eta epaimahaiaren epaia guztiz onartzea.

Epaimahaiak 25 argazki hautatuko ditu, 5 esaldi bakoitzeko, haien egileak nortzuk diren jakin gabe. Baliteke lehiaketako gainerako irudi finalistak bideo batean jasotzea.

¿Te ha sido útil esta página?