Iruñeko Udalak Arantzadi eta Sanduzelaiko kirol-instalazioak hobetzea proposatu du, 5,8 milioi euroko inbertsioa beharko lukeena

Iruñeko Udalak Arantzadi eta Sanduzelaiko kirol-instalazioak hobetzea proposatu du, 5,8 milioi euroko inbertsioa beharko lukeena
Aurreko udan enkargatutako ikerketak espazioak berritzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko 95 jarduketa beharrezkoak direla antzeman du
aaranzadi piscinad

 

Guztira, 5,8 milioi euro joko du Arantzadi eta Sanduzelaiko kirol-instalazioak hobetzeko planteatutako inbertsioak. Bi guneetan energia-eraginkortasuna hobetzeko eta gaur egungo beharrei egokitzeko hainbat jarduera egin behar zirela ikusita, Iruñeko Udalak, 2021eko uztailean, ikerketa bat enkargatu zuen, zeinak azpiegiturak hobetzeko beharrezkoak diren 95 jarduketa antzeman baititu.  María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotziak gaur aurkeztu du ikerketa, txostenaren arduraduna den IDOM aholkularitza-enpresako Juan Dávila eta Mikel San Julian kideekin batera.

Ikerketak Arantzadiko kirolgunean egin beharreko 63 jarduketa identifikatu ditu, 5.033.520 euroko aurrekontuarekin. Sanduzelaiko Kirol Hirian, beharrezkoak diren 33 hobekuntza antzeman dira, 808.870 euroko inbertsioa beharko luketenak. Aurrekontua handiagoa da Arantzadin instalazioak zaharragoak direlako eta bertan guneak berritzeko jarduketak eta erabilera berriak aurreikusten direlako.

Arantzadi berritzeko aurreikusitako 5 milioien barruan, ikerketak proposatzen du 1,2 milioi bideratzea kanpoko igerilekuetako bat guztiz eraberritzeko, hura igerileku ludiko eguneratuagoa bihurtzeko, dauden biak antzekoak baitira. Instalazio berriak txirrista-eremua eta jolasgunea izanen lituzke. Halaber, aholkularitza-enpresak gaur egun gutxiegi erabiltzen den kirol anitzerako pistaren erabilera aldatu beharra proposatzen du. Horretarako, hiru aukera aurkeztu ditu. Lehenengoak hainbat patinaje-modalitate praktikatzeko espazioak egokitzea planteatzen du. Bigarrenak, eskalada-eremu bat sortuko luke; eta hirugarrenak, skateboard eta break dance praktikatzeko gunea egokituko luke. Ideia bat edo beste hartzearen kostua 400.000 eta 600.000 euro artekoa izan daiteke. Azkenik, proiektuak aurreikusten du 30.000 euro bideratzea 3x3-ko saskibaloi-pista bat sortzeko.

Arantzadiko gainerako jarduerak instalazioetan energia-eraginkortasuna eta aurrezpena hobetzera bideratuta daude. Horrela, aurreikusten da, adibidez, kristalezko itxiturak eta kiroldegiko estalkia konpontzea (300.000 euro), metal-arotzeria aldatzea sartzeko eremuan, kafetegian eta sarreran (360.000 euro) eta igerileku klimatizatuan (300.000 euro), eta baita igerilekuko aldagelak eraberritzea ere. Era berean, panel fotovoltaikoak instalatzeko aukera planteatzen da, 165.000 euroko kostuarekin; argiak LED sistema batera aldatzea, 95.000 euroko inbertsioarekin; eta eraikin nagusian bero-ponpa bat instalatzea, udan egokitzapen termikoa ahalbidetzeko eta neguan energia gehiago aurrezteko (beste 300.000 euro).

Energia-hobekuntza Sanduzelain

Egindako ikerketaren barruan, Sanduzelaiko Kirol Hirian instalazioetako energia-eraginkortasuna hobetzeko egin beharreko hobekuntzak aztertu dira, eta 808.870 euro beharko lirateke. Lehentasunezkotzat jotako 33 jarduketen artean, nagusiak eraikin nagusiko patioaren itxitura aldatzea ekarriko luke; gaur egun U-Glassekoa da, U formako beira du, ijezketa bidez egina dago, koloregabea eta zeharrargia da eta horren ordez zubi termikoaren haustura duten kristalezko errezel-horma bat jarriko litzateke. Jarduketa horretarako 130.000 euroko inbertsioa aurreikusi da.

Halaber, txostenak barne hartzen du harrera-gunea dagoen eraikinaren klimatizazio-sistema hobetzeko beharra, bero-ponpa bat jarriz, 75.000 euroko kostua izanen lukeena. Era berean, aurreikuspenen arabera, 100.000 euro inguru inbertituko dira panel fotovoltaikoak jartzeko; 40.000 euro, eraikinaren inguratzaile termikoan, eta 65.000 euro, egungo argiztapenaren ordez LED argiak jartzeko.

Beste jarduera mota batzuetan, igerilekuan kontrol-sistema zentralizatua (40.000 euro) eta sistema automatiko bat instalatzea komeni dela planteatzen da, ph- eta kloro-mailak eta beste elementu batzuk kontrolatzeko.

Udal-instalazioen bilakaera

Arantzadiko kirolgunea 1977an eraiki zen, baina ondorengo urteetan beste instalazio batzuk gehitu ziren. Azken eraikuntzak, sarrerako eraikina, taberna eta igerilekuak 2000. urtearen hasierakoak dira. Arantzadik, 2021ean 3.360 abonatu izan zituen, 2019an baino 877 gehiago (2020an, COVID-19 pandemiak ezarritako murrizketek instalazioei eragin zieten). 2015ean 61.515 pertsona erregistratu ziren.

Bestalde, Sanduzelaiko Kirol Hiria hiru fasetan eraiki zen, 2007tik 2010era. Gaur egun, 2.495 abonatu ditu, 1.229 gutxiago 2019arekin alderatuta, pandemiaren ondorioz. Hala ere, aurreko urtean 400 abonatu gehiago izan ziren. 2021ean, 52.982 sarrera erregistratu ziren.

¿Te ha sido útil esta página?