Aurreikusitako epean Udalak entregatutzat jo ditu Txantrea Hegoaldeko II. Faseko obrak. Lan horien bidez Ezkaba kalea urbanizatu da, Jesuitinas eta Irabia-Izaga ikastetxeen artean, eta hala, I. Fasean landu zen ardatza osatu da eta sei kaleri (Mendigorria, Etxarri-Aranatz, Etxalar, Cintruénigo, Kaseda eta Artaxoa kaleak) irteera eman zaie Ezkaba kaleko trazadura berrirantz. Bide berria, dagoeneko itxita dagoen lehengoarekin alderatuta, eraikitako eremutik aldentzen da, eta hala, auzokideendako gune atseginago bat sortu da.
Hirigintza Batzorde eta Gerentziako kideek, Enrique Maya alkatea buru zutela, gaur goizean bisitatu dute guztira 23.459 m2-ko azalera duen eremua. Lanei esker urbanizazioaren mugan dagoen Donejakue Bidearen parkearen iparraldeko ertzeko pasealekuari forma emateaz gain, egonleku berriak sortu dira eta behar ziren hiri-altzari berriak instalatu dira: eserlekuak, bizikletendako aparkalekuak, paperontziak eta seinaleak, besteak beste. Gainera, urbanizazio berria ureztatze-sistema duten berdegunez hornitu da. Zehazki, 78 zuhaitz eta 995m2 belardi landatu dira lanek iraun duten bitartean. Urbanizazio berria drainatze- eta ureztatze-sistemaz hornituta dago, bai eta argiztapen adimenduneko sistemak integratzeko prestatuta dagoen Led teknologiako argiteriaz ere.
Magdalenako S-1 errepideko ARS-1 unitateko urbanizazioak –Txantrea Hegoaldea izenez ezagutzen denak–, Burlata eta Magalena / Irubide parkea (Txantrea) lotzen dituen zirkulaziorako bide berri bat gaitu du, bi auzoen artean lotura berri bat sortuz. Lan horiek 2,25 milioi euroan adjudikatu zitzaizkion Excavaciones Fermín Osés SL enpresari 2022ko martxoan, eta obren-zuzendaritza, berriz, Cima Ingeniero SLU eta Aitor Silgado enpresei (80.388 euroan, BEZa kanpo). Lehen zenbatekotik 383.880 euro Bizinavar eta SIFU gizarteratze-enpresek eginiko lanei dagozkie.
Milaka metro zazpi bidetan
Gaur bertan, noranzko bakoitzean zirkulazio-errei bana duen 1,3 kilometroko bide berria, osorik ireki da zirkulaziorako.. Beraz, dagoeneko posible da Ezkaba kalea Jesuitinas ikastetxearen atzealderaino luzatu eta Txantrea Hegoaldeko urbanizazio berriarekin eta Donejakue Bidearen parkearekin lotzen duen bidetik zirkulatzea. Bide horrek auzoa hegoaldetik inguratzen du eta Labrit aldapatik Burlatako udal-mugarterainoko lotura arindu eta zuzenago bihurtzen du.
Zazpi bidetan egin dira lanak, guztira. Horietako luzeenak 1.337 metro ditu eta Ezkaba kalea Donejakue Bidearen parkearen ertzeraino luzatzen du. Halaber, 53 eta 133 metro bitarteko bideak sortu dira Mendigorria, Etxarri-Aranatz, Etxalar, Cintruénigo, Kaseda eta Artaxoa kaleen luzapenetan.
Asfaltatutako trazadura horiek guztiek dagozkien espaloiak eta aparkalekuak dituzte, baterian edo lerroan, kalearen arabera. Esku-hartzeari esker aparkatzeko 152 plaza berri sortu dira, horietako 9 desgaitasuna duten pertsonendako. Gainera, etorkizunean kirol instalazio bihurtuko den lurzatia behin behinean 106 plazako aparkaleku gisa erabiliko da. Bide nagusian 465 metro luzeko, bi noranzkoko eta seinaleztatutako bidegorri bat eginen da.