
Tokiko Gobernu Batzarrak aste honetan onetsi du Mendillorriko Trinkete eta Kiroldegiko harrera-gunean, bulegoetan eta beste areto batzuetan aire girotua instalatzeko obrak gauzatzeko kontratua. Lanak Next Generation EU Europako funtsen bidez finantzatuta daude, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez.
Iruñeko Udala Kirol Kontseilu Gorenak deitutako nazioarteko kirol ekitaldiak egiteko energia eraginkortasunari, inklusioari eta jasangarritasunari dagokionez instalazioak modernizatzeko lanak egiteko kirol-instalazioen titularrak diren entitateei zuzendutako laguntzetara aurkeztu zen. Laguntza horien helburua kirol-instalazioak hobetzea da, energia eraginkortasunari garrantzi berezia emanez. Kontratua Montajes Eléctricos Alba SAL enpresari adjudikatu zaio, 87.750 euroan, lizitazio prezioa –87.750 euro– baino % 10 gutxiagoan.
Mendillorriko Trinketeak, gaur egun, galdara bat, hozteko makina bat eta eremu handietan erabiltzen diren sei klimatizagailu dituen klimatizazio-sistema du. Eraikinaren eguneroko erabilera oso aldakorra denez eta astean zehar areto gutxi batzuk soilik erabiltzen direnez, erabiltzen ez diren aretoak klimatizatu gabe funtzionatzen ahal duen osagarri bat proposatu da. Irtenbide berriarekin, espazioak hala udan nola neguan klimatizatzen ahalko dira, ponpa itzulgarri gisa funtzionatzen baitu. Proposatutako irtenbideak hozgarria eta ura dituen sistema misto bat du oinarri, eta barne unitate bakar batera lotutako barne unitate sorta bat du.
Klimatizazio-sistemak honako hauek izanen ditu: kontrol automatikoa, areto klimatizatu bakoitzean tenperaturaren kontsigna kontrolatzeko aukera duen termostatoa, edukiera handiena duten bi aretoetan aire-emaria kontrolatzeko gaitasuna eta, kontrol-elementu guztiak ordutegiak, kontsignak eta funtzionatzeko moduak programatzea ahalbidetuko duen kontrolagailu batera kablez lotuta egotea. Instalazioa egiteko igeltserotza-, iturgintza-, elektrizitate- eta pintura-lanak beharko dira, besteak beste.