Iruñeko Udalak aintzatespena eman die Lecxit programaren III. edizioan Lehen Hezkuntzako haurrei irakurmena hobetzen lagundu dieten 51 boluntarioei

Iruñeko Udalak aintzatespena eman die Lecxit programaren III. edizioan Lehen Hezkuntzako haurrei irakurmena hobetzen lagundu dieten 51 boluntarioei
Ekimenean parte hartu duten haurrei eta horien hamahiru ikastetxeei ere eman die diploma

Guztira 51 boluntariok hartu dute parte Lecxit udal-programaren hirugarren edizioan, Lehen Hezkuntzako haurrei irakurmena hobetzen laguntzea helburu duela. Iruñeko Udalak 39 emakume eta 12 gizonen lan altruista aintzatetsi nahi izan du 2018–2019ko ikasturte honetan egindako lana eskertzearren diplomak emanez.

Gainera, Udalak ekimeneko beste protagonistak ere aintzatetsi nahi izan ditu: bai programan parte hartu duten haurrak, bai horien ikastetxeak. Honako ikastetxe hauek, hain zuzen: Cardenal Ilundáin, Doña Mayor, García Galdeano, Hegoalde Ikastola, Iturrama, Liceo Monjardín, Mendigoiti, Mendillorri, Patxi Larrainzar, San Frantzisko, Sanduzelai eta Santa Teresa. Guztiei eman zaie diploma.

Ekitaldian, Iruñeko Udalak boluntarioen engaiatzea aintzatetsi nahi izan du, programan izena eman zuten haurrei irakurmena hobetzen laguntzen astero ordubete eman baitute. Haurrek arratsaldeko ekitaldian eskertu diete jendaurrean, gaztelaniaz El dragón hambriento kamishibaia eta euskaraz Uxue Alberdiren Besarkada olerkia irakurriz. Udalak datorren urrian programaren hurrengo edizioan parte hartzera gonbidatu ditu boluntarioak.

Irakurmena hobetzea
Iruñeko Udalak LECXIT – Hezkuntza-arrakastarako irakurketa programa 2016-2017ko ikasturtean jarri zuen abian. Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. maila bitarteko ikasleen irakurmena hobetzeko ekimen bat da. Astero ordubetez ikastetxean elkartzen dira boluntario batzuekin liburuez eta esperientziez jarduteko.

Horrela, boluntarioek ikastaldi eraginkorra sortzen laguntzen dute, irakurketa ardatz, baina, horrez gain, irakurleen eta helduen artean belaunaldiarteko aisialdia ere bada. Lecxit programaren gakoa da, hain zuzen, era ludikoan eta atseginean lan egitea, eta hori boluntarioek eta parte hartzen duten haurren ingurukoen inplikazioak egiten dute posible. Eta hona hemen emaitza: parte hartzen duten haurrek beren irakurmena handitu ez ezik, horri esker, beste gai batzuetan ikastitakoa ere sendotzen dute. Iazko ikasturtean, programak irakurmenaren batezbestekoa % 25,8z igotzea lortu zuen, eta haur batzuentzat bereziki garrantzitsua izan zen, beren jatorrizko puntuazioa hirukoiztu baitzuten.

 

¿Te ha sido útil esta página?