Iruñeko Udalak ‘Adingabeak genero-indarkeriazko testuinguruetan’ jardunaldi monografikoak egingo ditu irailaren 7tik 9ra bitarte Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioan - Baluarten. Halaber, jardunaldietan aurkeztuko da Udalak Endara Berdintasun aholkularitzarekin batera udan zehar egindako ikerketa-proiektuaren bidez egoera hauei modu profesional eta instituzionalean heltzeko diagnostiko eta hobekuntza proposamena.
Foro honetan ere, ‘Beldurrean hazi’ marrazkien erakusketa ibiltaria bisitatu ahal izango da: bere amen kontra erabilitako indarkeriaren eraginpean dauden haurrek egindako 60 jatorrizko lan, ikusgai, eraikinaren Ziudadelako aretoaren atarian. Hiru jarduketak 2020ko genero-indarkeriaren kontrako Estatuko Itunak sustatu eta finantzatzen ditu.
Gaur goizean María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak, Zaloa Basabe Berdintasuneko teknikariak lagunduta, udal lan-ildoak eta jardunaldien programa zehatza aurkeztu dute. Haietan sei emakumeren hitzaldiak aurreikusten dira, bakoitza bere esparruetan aditua baita, hala nola, Zuzenbidean, Zientzia Juridikoetan, Gizarte Psikologian eta Soziologian, eta baita diziplina askotariko bi taldeko espezialisten parte-hartzea ere.
Irailaren 7an, astelehenarekin, 16:30ean hasiko dira eta hiru jardunaldietan zehar honako gaiak berrikusiko dira: genero-indarkeriazko kasuetan kalte gehien jasan dituzten haurren eskubideak, haien garapenean sortzen duen inpaktua, haien amak bortxatuak direnean jasaten dituzten gaitzak, kasu hauek arautzen dituen marko juridikoa eta sisteman ezarritako esku-hartze sozialaren baliabide desberdinak.
Eztabaidarako foroa
‘Adingabeak genero-indarkeriazko testuinguruetan’ jardunaldiak, oro har, herritarrei zuzenduta daude, nahiz eta profesionalentzako gogoeta foroa ere badiren. Saioetarako izen-ematea doakoa da eta 010 Arreta Zerbitzuaren telefonoaren edo 948 420100en bidez egin behar da eta izen ematearen ordena kontuan hartuko da, edukiera mugatua baita.
Jardunaldien irekiera-ekitaldian José Luis Arasti Pérez Nafarroan Gobernuko ordezkariak eta Enrique Maya Miranda Iruñeko alkateak parte hartuko dute eta Pilar Kaltzada Save The Children Patronatuko lehendakariorde eta kazetariak bere gain hartuko ditu edukien jarraipena eta eztabaiden moderazioa. Jardunaldiak hiru egunetan zehar izanen dira. Astelehenean Paula Reyesek parte hartuko du, genero-indarkerian eta amatasunetan aditua den Zientzia Juridikoetan doktoreak, ‘Haurren eskubideen ahanztura genero-indarkerian’ jardunaldian.
Asteartean, Pilar Lázaro Zuzenbidean doktoreak ‘Bere bizitza indarkeriarik gabeko ingurugiroetan garatzeko adingabeen eskubidea’-ri buruz hitz egingo du eta Paz Francés Zigor Zuzenbidean doktoreak ‘Haurtzaroa eta genero-indarkeria: marko juridikoa eta analisi-ikuspegiko aniztasuna”-ri buruz, goizez. Arratsaldez, bi taldek hartuko diete txanda. Alde batetik, NUPeko Soziologia eta Gizarte-Laneko Departamentuko FSEPS Proiektu Europarra Taldeak (Familiak: gizarte-bazterketa eta harrera baliabideak) ‘Genero-indarkeriaren inpaktua adingabeengan: familia- eta komunitate-aisialdia, esku-hartze sozial gisara’ gaiari buruz hitz egingo du eta bestaldetik, Endara Berdintasun Aholkularitza.
Azkenik, irailaren 9an, asteazkenarekin, Montse Plaza i Aleu Psikologia Sozialean doktore eta indarkeria matxistetan eta amatasunetan aditua ‘Haurrak emakumeendako arreta-zerbitzuen ikuspegitik’ gaiaz arituko da eta Soziologian ikertzailea eta doktorea den Carmen Ruiz-Repullok ‘Esku-hartzen jakiteko ikusten jakin’ saioari ekingo dio.
Administrazio publikoentzako hobetze-arloak
Asteartean, 17:45ean, jardunaldiek jakitera emanen dituzte Udalak Endara berdintasun-aholkularitzarekin batera egindako ikerketaren emaitzak, non egoera hauei modu profesional eta instituzionalean heltzeko diagnostiko eta hobekuntza proposamena aztertu baita. Jada amaituta dagoen ikerketa horretan agerian geratzen dira alor publikoko instituzio eta entitateentzako erronkak, hala nola, genero-indarkeriazko egoeretan diren adingabeen erregistroa hobetzea, espezializazioa arreta eta esku-hartzeetan, eta baita errealitate hau ikusarazteko herritarren engaiamendu eta sentsibilizazioa ere.
Ikerketa honen bidez egin da: IAP metodologia (Ikerketa, Ekintza eta Parte hartzea), inkestak, elkarrizketa pertsonalak eta esparru honetan funtsezkoak diren erakundeak, landa-lana kualitatiboa eta kuantitatiboa eta datuen analisia. Lehen helburua teknikarien espezializazio profesional mailaren berri jasotzea zen, instituzioen erantzuteko gaitasuna aztertzeko eta esparru honetan lagungarri izan daitezkeen prestakuntza motak antolatzeko. Profesionalen prestakuntza-planak bilatuko luke kaltetutako adingabeen garapen ebolutiboa hobetzea, indarkeria mota guztien identifikazio goiztiarra, genero-indarkeriaren prebentzioa adingabeen artean eta adingabeekiko lanetan genero-ikuspegia sistematikoki txertatzea.
Gainera, ikerketak aurreikusten du herritarrentzako sentsibilizazio jarduketa orokorrak egitea gizarte zerbitzuetako Lantalde Komunitarioekin eta bestelako entitateekin elkarlanean arituta, esaterako eskoletako IGEekin.
Indarkeria hitzekin adierazi ezin denean
Jardunaldien markoan, bertaratutakoek Ziudadelako aretoaren atarian 60 marrazkiren erakusketa ikusi ahalko dute. Marrazkiok genero-indarkeriaren biktima diren seme-alabek egin dituzte, eta adingabeek beraiek bizitako tratu txarren egoerak islatzen dituzte. Bilduma Adingabekoekin Esku-hartze Psikosoziala proiektuaren barne dago; ekimen hori 2003. urtean abiatu zuten Emakumeen kontrako Tratu Txarrei buruzko Ikerketa Batzordeak eta Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak, tratu txar fisikoa, psikologikoa edo sexuala pairatzen zuten haurren arreta psikologiakoren beharra ikusirik.
2013. urteaz geroztik, 37 adingabe beren gurasoek erail dituzte eta 293 indarkeria-matxistagatik umezurtz geratu dira, Genero-indarkeriarentzako Gobernuko Ordezkaritzaren datuen arabera. Askok autoestima baxua erakusten dute, depresioa, elikadura arazoak, eta baita estupefazienteen kontsumoa ere. Haurrek ikusi izan dituzten indarkeriazko jarrerak errepika ditzakete, eta neskak etorkizunean abusuzko harremanen biktima potentzialak izan daitezke.
Ekimen honetan laguntzeko, Emakumeen kontrako Tratu Txarrei buruzko Ikerketa Batzordeak salmentan jarri ditu erakusketak biltzen dituen marrazki guztiak. Bildutako diru guztia genero-indarkeriaren biktima diren adingabeen esku-hartze psikosozialera eta erakusketa ibiltari hau garatzera bideratuko da.
Jardunaldiak: Adingabeak genero-indarkeriazko testuinguruetan
Irailak 7
- 16:30 Ongietorria
- 17:00 José Luis Arasti Pérez Nafarroan Gobernuko ordezkaria eta Enrique Maya Miranda Iruñeko alkatea
- 17:30-18:30 Ponentziak: ‘Haurtzaroko eskubideen ahanztura genero-indarkerian’. Paula Reyes, Zientzia Juridikoetan doktorea
- 18:30-19:00 Solasaldia
Irailak 8
Goizez
- 10:00 -10:30 Aurkezpena. Pilar Kaltzada, kazetaria eta Save The Children Patronatuko lehendakariordea
- 10:30-11:15 Ponentziak: ‘Adingabeen eskubidea haien bizitzak indarkeriarik gabeko guneetan garatzeko’. Isabel Lázaro, Zuzenbidean doktorea
- 11:45-12:30 Ponentziak: ‘Haurtzaroa eta genero-indarkeria: marko juridikoa eta analisi-ikuspegiko aniztasuna’ Paz Francés, Zigor Zuzenbidean doktorea
- 12:30 -13.30 Pilar Kaltzadak gidatutako solasaldia
Arratsaldez
- 16:30-17.45 Ponentzia: ‘Genero-indarkeriaren inpaktua adingabeengan: familia- eta komunitate-aisialdia, esku-hartze sozial gisara’. NUPeko Soziologia eta Gizarte-Laneko Departamentuko FSEPS Proiektu Europarra Taldea (Familiak: gizarte-bazterketa eta harrera baliabideak)
- 17:45-19:00 Ponentzia: ‘Bere amen kontra erabilitako indarkeriagatik arriskuan dauden adingabeen arretari buruzko errealitatea’. ‘Iruñearen inguruko begirada’ Endara Berdintasun-aholkularitza
Irailak 9
- 10:00 -10.30 Aurkezpena. Pilar Kaltzada, kazetaria eta Save The Children Patronatuko lehendakariordea
- 110:30-11:15 Ponentzia: “Haurrak emakumeendako arreta-zerbitzuen ikuspegitik”. Montse Plaza i Aleu, Psikologia Sozialean doktorea eta aditua indarkeria matxistetan eta amatasunetan.
- 11:45-12:30 Ponentziak: ‘Esku-hartzen jakiteko ikusten jakin’ Carmen Ruiz-Repullo, ikertzailea eta Soziologian doktorea
- 12:30 -13:30 Pilar Kaltzadak gidatutako solasaldia eta ondorioak