Iruñeko Udalak ‘Adi gaituzu’ abiatu du, hiriko diskurtso publikoan 208.537 ahots txertatu nahi dituen informazio-kanpaina

Iruñeko Udalak ‘Adi gaituzu’ abiatu du, hiriko diskurtso publikoan 208.537 ahots txertatu nahi dituen informazio-kanpaina
Ekimena hainbat bitarteko eta euskarritan bideratu da eta Herritar Aktiboen eta Kolektiboen Udal Erroldan izena ematea bultzatzea du xede
Fitxategi
Cartel_es.pdf128.32 KB

 

 

Iruñean 208.537 pertsona daude. Eztabaida publikoa aberastera gonbidatuta dauden 208.537 ahots dira. Udalak ‘Adi gaituzu’ informazio-kanpaina prestatu du, gaztelaniaz eta euskaraz, adinez nagusiak diren eta hirian erroldatuta dauden Iruñeko herritar guztiek Herritar Aktiboen eta Kolektiboen Udal Erroldan alta eman ahal izateko. Informazio guztia biltzen duten 73.000 diptiko etxez-etxe banatuko dira, errolda honetan izena emateko online edo diptikoa betez, eta ondoren edozein civivoxetara eramanez. Horrez gain, kanpainak honako hauek aurreikusten ditu: sare sozialetan argitaratzea, ikus-entzunezko mezuak mupi interaktibo berriaren bidez, kartelak paratzea eta prentsan iragarkiak argitaratzea. ‘Adi gaituzu’ ekimenak berezko espazioa izanen du ere udal-webgunearen atarian.

Gaur goizean Fernando Sesma Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta Jose Manuel Santana alor horretako zuzendariak erregistro-prozeduraren berri ematen duen kanpaina aurkeztu dute, errolda horretan ahalik eta herritar eta kolektibo gehien sartzea sustatzeko eta hori ahalik eta lasterren lortzeko.

Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduarekin bat, errolda datu base bat da eta harremanetarako informazioa jasotzen du, une bakoitzean araudiak aurreikusten dituen partaidetza-organo, -mekanismo eta -prozesuen bitartez hiriko aferetan parte hartzeko interesa duten pertsonei eta taldeei buruz. Erregistratzean adierazitako lehentasunen arabera parte hartzera deitzeaz gain, datu base bat sortzeko tresna ere izanen da Herritarren Partaidetzako Alorraren jarduketen berri jasotze aldera.

Iruñeko Udalak 27 esparrutan parte hartzeko aukera eskaintzen du, eta guztietan parte hartzea ere hauta daiteke. Kanpainiaren xedea da honako alor hauetan herritarrek duten interesa ezagutzea: osasuna eta ongizatea, hezkuntza, kultura, kirola, ingurumena eta ekologia, partaidetza eta demokrazia parte-hartzailea, berdintasuna, LGTBI, kultur aniztasuna, gizarte ekintza eta boluntariotza, etxebizitza, mugikortasuna, merkataritza, ostalaritza, haurrak, gazteak, adinekoak, ekonomia, herritarren segurtasuna, dibertsitate funtzionala, turismoa, hirigintza, Sanferminak eta festa herrikoiak, auzokoak, animalien defentsa, garapenaren aldeko lankidetza eta, azkenik, erlijioa eta espiritualtasuna.

Nola izan “ahots aktiboa”

Elkarrizketa batean, alde batek entzun dezan beste aldeak hitz egin behar du, adierazi behar du, beraz ‘Adi gaituzu’ kanpainan protagonistak ahoak dira, ezpainak jarrera aktiboan, hori baita gai publikoetan parte hartzeko interesa duten herritarrengandik espero dena, eta, eztabaidan parte hartuz, Udaleko erabakiak hartzeko sistema aberasten lagunduko duena. Informazio orokorra kanpainaren elementu eta euskarri ezberdinetan jarriko da, horien aniztasuna dela eta, publiko zabala barne hartzea helburu dutenak. Udal webgunean tarte bat izateaz gain, sare sozialetan argitaratuko da, mupi interaktibo berriaren edo Turismo Bulegoko pantailen bidez ikus entzunezko mezuak zabalduko dira, kartelak paratuko dira eta prentsan iragarkiak argitaratuko dira, eta abar.

Aukeratutako euskarri batzuek QR kodea ere badute, eta horri esker gailu mugikorrak zuzenean izen emateko formulariora zuzenduko du erabiltzailea. Online erregistroa zabalik dago jada, http://participa.pamplona.es/ciudadania-activa/ webgunearen bidez eta www.pamplona.es webgunean dagoen Egoitza elektronikoaren izapide digitalak egiteko sistemaren bidez. Izena emateko formularioan, herritar bakoitzak nahi bezala segmentatutako interes arloak definitzeaz gain, eskatzaileak harremanetan jartzeko nahi duen modua (posta elektronikoa edo mugikorra) adierazi behar du. Zehaztu behar da, gainera, izena eman duen pertsonak norbanako gisara edo kolektibo baten izenean parte hartzen duen.

Online izena ematen ez duten pertsona eta kolektiboentzat, prozesua ahalik eta inklusiboena egiteko asmoz, Iruñeko Udalak formulario digitalean dauden galdera berdinak jasotzen dituen 73.000 informazio-diptiko, gaztelaniaz eta euskaraz, hiri osoan zehar banatuko ditu. Liburuxka elebidunean errepikatzen den galdetegia betetakoan, edozein Civivoxetan aurkeztu ahal izanen da, zentro bakoitzeko jendaurreko ohiko ordutegian.

Ez dago izena emateko eperik, ‘Herritar Aktiboen eta Kolektiboen Udal Errolda’ beti aktibo egonen delako eta etengabe eguneratuko delako. Izena emateko bide bakar batean ere ez da dokumentaziorik erantsi behar, izan ere, Udalak bere kabuz egiaztatuko ditu herritarrek emandako datuak. Herritarren engaiamendurako mekanismo honek, datuak babesteko araudia bermatu beharko du eta Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorrak kudeatuko du.

¿Te ha sido útil esta página?