Iruñeko Udalak aurten ere Iruñeko gazte-guneetan berriemaileak martxan jartzeko lehiaketa deitu du. Urriaren 4ra arte dago zabalik ikastetxeek, ikastetxe nagusiek, ikasle-egoitzek eta beste gune batzuek ‘gune laguntzaile’ izaera hartzeko izena emateko epea. Behin izaera hori lortuta, gune bakoitzak urriaren 18a baino lehen aukeratu beharko du berriemaile-lanak eginen dituen gazte-bikotea
Duela ia hiru hamarkada jarri zen abian programa hau, eta honetan datza: ’gune laguntzaile‘ bakoitzeko bi gaztek ardura hartzen dute dagokien gunean gazteendako interesgarri izan daitekeen informazioa bakoitzaren informazio-gunera helarazteko, betiere Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegoarekin koordinaturik eta horrek gainbegiratuta. Informazioa hedatzeko, informazio-panel bat eguneratu behar dute, arreta pertsonala eman nork bere gunean, informaziorako plataforma birtual bat kudeatu eta informazioa hedatzeari loturiko beste zeregin batzuk bete.
2024-2025 ikasturterako ‘gune laguntzaile’ izaera lortzeko, eskaera bat bidali behar da corresponsales@casajuventud.com helbide elektronikora. Urriaren 4an amaituko da izena emateko epea. Iruñeko Udalak gehienez 60 gune laguntzaile ezarri ditu ikasturte honetarako. Programa honi buruzko informazioa hemen kontsulta daiteke: corresponsales@casajuventud.com eta www.pamplonajoven.es/eu webguneetan, eta 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 19koan.
Gune laguntzaileak eta berriemaileak
Honako hauek parte hartu ahal izanen dute berriemaileen programan: 14 eta 30 urte bitarteko ikasleak dituzten ikastetxeek; ikastetxe nagusiek eta ikasle-egoitzek (egoiliar gehienak 14 eta 30 urte bitarteko gazteak badira); gazteen guneek (udal-titulartasuneko edo gazteriarekin lotutako beste edozein administrazioren titulartasuneko programak egiten diren leku gisa ulertuta); eta ofizialki eratutako gazte-elkarteen lokalek. Programan parte hartzeko, gune horiek Iruñeko udal-mugartean egon behar dute kokaturik.
Behin Udalak ‘gune laguntzaile’ izaera aitortuta, gazteen gune bakoitzak aurretiko aukeraketa bat egin beharko du programa garatuko duen bikote berriemailea hautatzeko. Urriaren 18a baino lehen, gazteen guneek eurek aukeratuko dute programa garatuko duen berriemaile-bikotea. Iruñeko Udalak behin betiko hautaketa eginen du, eta gune laguntzaileei jakinaraziko die. Berriemaile-bikotea osatzen dutenen aurre-hautaketarako prozesu bat bideratuko da. Prozesu horretan, talde bakoitzak proposatzen duen berriemaile-proiektua baloratuko da, haien trebetasun pertsonalak eta sozialak, eta baita espazio laguntzaile bakoitzak egokitzat jotzen dituen beste parametro batzuk ere.
Berriemaileen lana
Hautatutako berriemaileek astero joan beharko dute Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegora, gazte-berriemaile gisa egiten ari diren lanaren jarraipen teknikoa egitera. Prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute programa garatzen duen lantalde teknikoaren eskutik, eta informazioa kudeatu eta hainbat euskarriren bitartez hedatzeko ardura hartuko dute bere gain, barne hartuta gune laguntzaileetan paratuko diren panelen kudeaketa, bai eta beste bitarteko birtualena, webgune edo sare sozialena, besteak beste.
Gune laguntzaileetan hautatutako bikoteek konpromisoa hartzen dute gazte-informazioko berriemaileen proiektua abian jartzeko eta gune bakoitzerako landutako proiektuan proposatutako modu berean mantentzeko; 2024ko azaroaren lehen astetik 2025eko maiatzaren 31ra bitartean eusteko beren lana egiten duten espazioko informazio-puntuaren jarduerari; eta Gaztediaren Etxeko talde teknikoaren edozein egiaztapen-jarduketari men egiteko.
Ikasturte osoan zehar arituko diren bikoteek deialdi publiko batean parte hartzen ahalko dute, zeinean ezarriko baitira zeregin hori betetzeagatik jaso beharreko diru-sariak. Sari ekonomiko horiek 2025eko udal aurrekontuetan horretarako diru-izendapenik badago emanen dira, betiere.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Iruñeko Udalak abian jarri du gazteei informazioa helarazteko berriemaileen programa