Iruñeko Udalak abian jarri du Elurteei Aurre Egiteko Jarduketa Plana (2025-2026), tenperaturak nabari jaistearen eta ostegunerako eta ostiralerako eguraldi-aurreikuspenaren ondorioz. Aurten ere lau larrialdi-maila ditu planak, 0tik 3ra, baita 13 ibilgailuz osatutako ibilgailuen parke bat eta beste bitarteko batzuk ere, elurrak eta izotzak eragindako arriskuei aurre egin eta pertsonen eta haien ondasunen segurtasuna bermatzeko.
Plana administrazioen, entitateen eta udal-zerbitzuen emakida duten enpresen arteko lankidetza-tresna gisa baliatzen da, esku hartu behar duten zerbitzu publiko eta pribatu guztiak behar bezala koordinatu eta dispositibo guztiak antolatzeko, eta, horri esker, elurte handien ondorio txarrak txikiagotzeko. Planak, halaber, prebentzio-sistema bat eratu du, eta autobabeserako neurriak sustatu eta ezagutarazten ditu.
Elurteei Aurre Egiteko Jarduketa Planaren barruan, hainbat azpiegitura eta baliabide daude eskura, besteak beste, Trinitariosko gatz-biltegia: suhiltzaileen azpiegituren ondoan dago, eta une honetan 350 tona ditu; hain zuzen ere, eraikin hori gaur goizean bisitatu dute Juan Manuel Gil Larequi Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzako Alorreko zuzendariak, Patxi Iriarte Echenique Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko zuzendariak eta Rubén Unanua Ruiz Gizarte Ekintzako zuzendariak.
Biltegi horretan baliabide material gehienak daude, zeinak bide-zaintza egiteko prestatuta baitaude errepide bidez hirira sartzeko bide nagusietan, auzoak lotzen dituzten bide publikoetan eta auzo bakoitzeko kale nagusietan. Planak barne hartzen dituen baliabideek bi helburu nagusi dituzte: autobus bidezko garraio publikoaren funtzionamendu egokia ziurtatzea eta herritarrek joan-etorriak segurtasunez egiten dituztela bermatzea, batez ere espaloietan eta oinezkoen pasabideetan.
Elurteei aurre egiteko Jarduketa Planak koordinazio-organo iraunkorra du, eta Iruñeko Udaltzaingoaren Krisi Aretoan bilduko da. Iruñeko Udaltzaingoaz eta Iruñeko Udalaz gain (batez ere, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorra eta Hiri Kontserbazioko Alorra, eta horien Babes Zibileko, Kale Garbiketako, Obretako, Lorategietako eta Parke Mugikorreko unitateak), idazkiak beste erakunde eta entitate batzuk ere barne hartzen ditu, esaterako, Nafarroako Gobernua (SOS Nafarroa, Babes Zibila, Foru Polizia eta Errepideen Zainketa Zerbitzua), Iruñerriko Mankomunitatea, Cruz Roja, DYA eta udal-zerbitzuen zenbait emakidadun, hala nola Dornier, Erri Berri, FCC EULEN, OHL INGESAN, TASUBINSA, Iberdrola, Telefónica edo Gas Natural enpresak.
Baliabideak eta planaren larrialdi-mailak
Beste urte batzuetan bezala, hamar bat ibilgailuk osatzen dute elurteei aurre egiteko dispositiboa, bide-garbiketako zazpi taldetan banatuta. Osagai hauek dituzte talde horiek: hiru trakzio-kamioi, xaflaz eta barreiagailuz hornitutako zazpi pickup ibilgailu eta hortzez hornitutako lau erratz-makina. Oinezkoendako eremuetan elurra kentzen dute hiriko hainbat eremu eta sektoretan, eta espaloiak, galtzadak eta beste eremu batzuetan mantentze-lanak egiten dituzte bideak oinez ibiltzeko moduan uzteko. Halaber, beste osagai hauek barne hartzen ditu zuzkidurak: gatzuna botatzeko zisterna-ibilgailuak, eskuz ongarritzeko makina txikiak, gatza eskuz barreiatzeko makinak, materialak banatzeko kamioiak eta atzeraka hondeatzeko pala bat. Bide-garbiketako ekipo bakoitzak portofono bat du, talde guztiak koordinatzaile operatibo batekin eta euren artean komunika daitezen.
Sei ibilbide ezarri dira: hiru, hortzez eta barreiagailuz hornitatuko kamioiendako, eta beste hiru, hortzez eta barreiagailuz hornitutako pickup ibilgailuendako; beste ibilgailu batzuk ere erabiltzen ahal dira, beharren arabera. Ibilgailu guztiak aldi berean abiatu eta desaktibatuko dira, plana aktibatu ahala.
Gatzari dagokionez, 100 tonako bi silo daude Iruñean. Egun, 350 tona ditu Trinitariosko biltegi nagusiak, eta neguak aurrera egin ahala eta elurteen aurreikuspenaren arabera, siloak ere gatzez hornituko dira, gehienez ere 200 tona izan arte. Udalak 120 kilo urgarri ditu 30 kiloko zazpi kubotan, egitura metalikoa duten oinezkoendako zubietan erabiltzeko; gainera, 15.000 kilo gatz ditu 624 zakutan banatuta. Zaku horiek ikastetxe, osasun-zentro eta eta kirolguneen eskura jarriko dira, unean-uneko beharren arabera.
Elurteei Aurre egiteko Planak lau larrialdi-egoera aurreikusten ditu, 0tik 3ra: 0. mailako larrialdi-fasea 600 metrotik beherako izozte- eta elur-aurreikuspenekin aktibatzen da. 1. mailako larrialdi-fasea aurreikuspen meteorologikoa betetzen denean aktibatzen da, hau da, eguraldia benetan txarra dela hautematen denean: elurrik ez dagonenean, baina izotza, aldiz, bai, edo elurrak pixka bat zuritzen duenean, betiere 2 zentimetro baino gutxiago. 2. mailako larrialdi-fasea elurtea orokorra denean aktibatzen da, elurrak 2 eta 20 zentimetro bitarteko lodiera duenean, alegia. 3. mailako larrialdi-fasea elurtea orokorra izan eta elurrak 20 zentimetro baino gehiagoko lodiera duenean aktibatuko da, baldin eta horrek nahasmendu larriak sortzen baditu zerbitzuetan.
Herritarrendako argibideak
Elurteak gertatzekotan eta galtzadan izotza badago, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak oinezkoei zuhurtziaz jokatzeko gomendatzen die, batez ere kaleak gurutzatzeko orduan, ibilgailuen balaztek ez baitute berdin erantzuten elurra dagoenean. Herritarren laguntza eskatzen da espaloiak garbi eta ibiltzeko moduan egoteko. Lokal bateko arduraduna bazara, espaloia garbitzen saiatu behar zara, elurra zintarrian pilatuta, baina galtzadara bota gabe. Era berean, bizilagunek atariaren pareko espaloiko elurra garbitu behar dute eta zintarrian pilatu. Hirian gatza saltzen duten hainbat toki daude, behar duten partikularrendako.
Hauxe da alorrak ematen duen beste aholkuetako bat:ahal dela, kotxea ez hartzea eta garraio publikoa erabiltzea. Ibilgailu partikularra erabiliz gero, poliki zirkulatzea aholkatzen da, baita, ahal dela,balaztak ez erabiltzea ere. Beste autoen arrastoei jarraituz eta segurtasun-tartea handituz gidatu behar da. Izotza egonez gero, ibilgailuaren albo bat elur zapaldugabearen gainean jarrita ibiltzen saiatu behar da. Bigarren lerroan aparkatzea, elurrik gabe eta are gehiago elurra dagoenean, beti da oso arriskutsua gainontzeko ibilgailuendako.
Gomendagarria da kontu handiz gidatzea, aurrean doazen ibilgailuekiko segurtasun-tartea handitzea, eta, batez ere, aldapan dauden bideetan arreta berezia jartzea, hala nola Joan Labritekoa aldapan, Zaragozako etorbidean, Belosoko aldapan, Gipuzkoako etorbidean eta Aróstegui etorbidean.
Etxeei dagokienez, herritarrei gomendatzen zaie leihoetan eta terrazetan pilatutako elurra kalera ez botatzea. Izozte handietan, hodiak kanpoan badaude, txorrota pittin bat irekita uztea gomendatzen da, hoditeriak ez apurtzeko. Gomendio hauek eta beste batzuk www.pamplona.es/eu eta webguneetan kontsultatzen ahal dira.
Etxerik gabeko pertsonen arta
2025-2026ko Elurteei aurre egiteko Ekintza Planak etxerik gabeko pertsonak artatzeko protokolo bat barne hartzen du: baliabide koordinatuen sistema bat da, Iruñean dauden etxerik gabeko pertsonei ematen zaien arreta hobetzeko. Baliabideak mobilizatu ohi dira tenperatura 3 gradutik behera jaisten denean edo eguraldia bereziki txarra denean, esaterako, euri-jasak edo elurte gogorrak daudenean, eta, ezohiko moduan, Nafarroako Gobernuak bere alertan ezartzen dituen tenperatura-tartean aktibatzen da. Lehenengo inguruabarrean, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitariosko Zentroak leku kopurua 50etik 58ra handitu eta sartzeko baldintzak malgutu ditu. Ezohiko mobilizazioetan, Udalak zaurgarritasun bereziko egoeran dauden 40 eta 50 pertsona bitarte artatzen ahal dituen zerbitzu osagarri bat du, beste baliabide batzuk aktibatuta.