
Iruñeko Udalak esku-hartzea eginen du Abejeras kalean, ingurunearen antolaketa atseginagoa egiteko eta oinezkoek, txirrindulariek eta ibilgailu pribatuek partekatu beharreko espazioen banaketa bidezkoagoa egiteko. Besteak beste, bidegorriaren eta haren babes-bandaren zabalera handituko da, egungo araudira egokitzeko, ibilgailuen zirkulaziorako erreien zabalera murriztuko da eta aparkalekuak berrantolatuko dira.
Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariak eta Alexia Canto Álvarez Mugikortasun Zerbitzuko arduradunak aurkeztu dute gaur goizean Abejeras kalerako aurreikusitako esku-hartzea, zeina gaur goizeko Mugikortasun Batzordean aztertuko diren proposamenetako bat izanen baita. Jarduketa azaroan eta abenduan gauzatuko da, eta 280.000 euroko aurrekontua du. Lehenik eta behin, Abejeras kalearen eta Iturrama kalearen elkarguneko biribilgunetik Zaragozako etorbidera arteko 700 metro inguruko bide-tartea asfaltatuko da.
Orain, Abejeras kaleak ez ditu betetzen Iruñean bizikleta-azpiegiturak eraikitzeko gaur egun aplikatzen diren jarraibide teknikoak, ez eta espaloiaren neurriei edo aparkaleku-plazen kokapenarekin lotutako beste alderdi batzuk ere. Bidegorriak 1,70 metroko zabalera du, eta haren babes-bandak 0,20 metrokoa. Gainera, bereizgailuak egoera txarrean daude, edota desagertuta. Oinezkoen pasabide aurreratuetan ez dago bidegorriendako bereizitako espaloi-zatirik, eta villavesaren geraleku erdi-aurreratua ere ez da egokia; izan ere, bidegorria desagertu egiten da 30 bat metrotan, eta bizikletek markesinaren aurretik igaro behar izaten dute.
Bidegorriko eta galtzadako jarduketekin batera, kalearen eskuineko ertzean dauden oinezkoendako lau pasabide aurreratuetan, hiriaren erdialdera joateko noranzkoan, bizikleta-espaloiak eraikiko dira, zoladura berezituarekin, bidegorriari jarraipena emateko. Bizikleta-espaloi horietan oinezkoendako pasabideak seinaleztatuko dira, oinezkoek eremu horietan lehentasuna dutela azpimarratzeko. Abejeras kaleko esku-hartzearen barnean, 31 aparkaleku-plaza kenduko dira bidetik. Iruñeko Udala aparkatzeko plaza horiek alboko kaleetan birkokatzea aztertzen ari da eragina ahalik eta txikiena izan dadin.
Bidegorria handitzea, aparkatzeko tokiak berrantolatzea eta bestelako jarduketa batzuk
Iturrama kalearekiko elkarguneko biribilgune obalatuaren eta Serafin Olave kalearekikio elkargunearen arteko zatian, bidegorriaren zabalera 2,50 metrora handituko da, eta 0,90 metro gehituko zaizkio babes-bandarako. Eskuineko ertzean, egun dauden aparkaleku-plazak bere horretan mantenduko dira. Bidegorria zabaltzeko behar diren metroak lortzeko zirkulazio-erreien zabalera murriztuko da, Iturrama kalearen elkarguneko biribilgunearen ondoan oinezkoendako babesgune zolatuaren zabalera doituko da eta Santísimo Sacramento Ikastetxearen aurrean dagoen oinezkoendako pasabide aurreratuaren egungo neurriak aldatuko dira. Zamalanetarako tokiak eta hondakinen edukiontziak gaur egun dauden lekuetan mantenduko dira. Gainera, Iturrama kaleko biribilgune horren ondoko bidegorri-hasiera behar bezala jarriko da oinezkoendako espaloiak zabalera egokia izan dezan.
Serafín Olave eta Erletokieta kaleen artean ere, bidegorriaren zabalera 2,50 metrora handituko da, baina babes-banda 0,50 metrokoa izanen da, eta hiriaren erdialderako noranzkoan kendu eginen dira eskuinaldean dauden lerroan aparkatzeko plazak. Zamalanetarako egungo gunea ezkerreko ertzeko erdi-baterian aparkatzeko bandara eramanen da, eta hondakinen edukiontziak, berriz, leku berean mantenduko dira. Erletokietako bidegurutzearen eta Santa Catalina Labouré ikastetxearen artean, erreian bertan eginen da villavesaren geraleku erdi-aurreratua. Markesina aurreratuko da atzealdean bizikleta-espaloi bat egin ahal izateko. Aparkatzeko tokia ere aldatu eginen da, eta egungo ezker ertzeko erdi-baterian aparkatzeko banda bat izatetik bi ertzetan lerroan aparkatzeko banda bana izatera igaroko da.
Lotura Julián Gayarre kaleko bidegorriarekin
Azkenik, Santa Catalina Labouré ikastetxearen eta Zaragozako etorbidearen arteko tartean, zirkulazioko bi erreietako bat kenduko da bidegorria 2,50 metroko zabalerara handitzeko, eta 0,50 metroko babes-banda emateko. Tarte horretan edukiontzi batzuk daude, gaur egun espaloian, eta galtzadaren eskuineko ertzeko aparkaleku-banda berrian kokatuko dira, oinezkoendako espazioa libre uzteko.
Zaragozako etorbideko bidegurutzean, bidegorriari jarraipena emanen zaio, Julián Gayarre kalera sartzeko dagoen bizikleta-pasabidearekin bat egin arte. Horretarako, egungo espaloiaren zati txiki bat atzeratu beharko da, galtzada gisa zolatu, eta, ondoren, bidegorria seinaleztatu, Abejeras kaletik doazen ibilgailuek eskuinaldera behar bezala biratzeko aukera izaten jarrai dezaten.
Abejeras kalean proposatutako esku-hartzeak nabarmen hobetuko du oinezkoen eta txirrindularien zirkulazioa, espaloietan eta bidegorrietan ezarri nahi diren hobekuntzei esker. Egingo diren jarduketek trafikoa baretzen eta kalea atseginago bihurtzen lagunduko dute. Hiri-garraioak, gainera, merkataritza-abiadura hobetuko du eta zirkulazioa erraztuko du; izan ere, kalearen amaierako geraleku aurreratuak lehentasuna emanen baitie villavesei Zaragozako etorbideko bidegurutzeko semaforoetan.
Beste jarduketa batzuk: Fuente del Hierro kalea eta villavesendako geraleku aurreratuak
Mugikortasun Batzordeak Iruñeko Udalak aurrera eramango dituen beste bi proiekturen berri ere izan du. Proiektu horiek dagoeneko badute aurrekontu-partida, mugikortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko obrak gauzatzeko esparru-akordioaren bidez adjudikatu baitzaie. Fuente del Hierro kalea eraldatzeko eta hiriko hainbat tokitan villavesendako hamaika geraleku aurreratu egiteko obrak dira.
Iruñeko Udalak urte amaierarako amaituko ditu Fuente del Hierro kalea eraldatzeko lanak, irisgarritasun hobea eta paisaia-aberastasun handiagoa izan ditzan. Obren bigarren faseak Iturrama eta Serafín Olave kaleen arteko zatia hartzen du, eta 335.721,42 euroko aurrekontua du. Obra horiek honako hauek barne hartzen dituzte: berdeguneak sortzea galtzadaren eta espaloiaren artean euri-lorategi funtzioa bete dezaten; espaloi aurreratuko pasabideak egitea oinezkoendako pasabideen luzera murrizteko; eta, azkenik, erdibitzailea zabaltzea. Modu horretan, ingurune atseginagoa eta seguruagoa lortuko da, eta Done Jakue Bidearen Iruñeko zati baten paisaia-kalitatea hobetuko da.
Iruñeko Udalak 144.830,97 euro inbertituko ditu Sanduzelai, Etxabakoitz, Donibane, Ermitagaña, Arrosadia eta Lezkairu auzoetako eskualdeko hiri-garraioko hamaika geralekutan irisgarritasuna hobetzeko obretan. Horietan guztietan, geralekuak aurreratuko dira, hiri-autobusa zirkulazio-erreian bertan gera dadin erabiltzaileak igo eta jaisten diren bitartean. Baliabide horrek autobus-lineen merkataritza-abiadura hobetuko du, eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea.