
Iruñeko Udalak irabazi-asmorik gabeko erakundeek antolatutako proiektu eta jardueren bidez euskara sustatzeko urteroko dirulaguntzen oinarriak argitaratu ditu. Deialdian 90.000 euro inbertitzea aurreikusten da euskararen sustapena, hedapena eta normalizazioa xede duten esku-hartze horiek egiteak eragindako gastuak hein batean finantzatzeko. JarduerakIruñeko udalerrian egin behar dira nagusiki eta herritarrei irekita egon beharko dute. Jarduera horiek 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egin beharko dira.
Deialdia 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (maiatzaren 18koan) argitaratu da eta eskaerak aurkezteko aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aitzina. Xehetasun guztiak udalaren webguneko ‘Laguntzak eta diru-laguntzak’ atalean eskuratzen ahal dira. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira ‘Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoendako’ izapidearen bidez.
Iaz deialdi berarekin honako jarduerak finantzatu ziren, besteak beste: ikusmen aniztasuneko Nafarroa Retina elkartearen euskara-gela, doluan dauden pertsonak laguntzen dituen Goizargi elkartearen argibide-liburuxken itzulpena eta Osasuna Klub Atletikoa Fundazioaren hizkuntza-kudeaketa hobetzea.
Eskaeren balorazioa eta laguntzen ehunekoa
Proiektu bakoitza aintzat hartuta zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, balorazioan erdietsitako puntuazioaren arabera, hiru multzotan: puntuazio gorena (80 –100 puntu) duten proiektuek onartutako aurrekontuaren % 70 bitarte jasoko dute; bigarren multzoan (65 – 79,99 puntu), proiektuei aurrekontuaren % 55 bitarte ordainduko zaie; eta hirugarrenean (45 – 64,99 puntu), onartutako aurrekontuaren % 35 bitarte emanen da.
Eskaerak baloratzeko orduan kontuan hartuko dira entitate eskatzailearen ezaugarriak (15 puntu arte), proposamenaren kalitatea eta koherentzia (35 puntu arte) eta jarduerak Iruñean euskararen hizkuntza-normalizazioan duen eragina (55 puntu arte).
Deialditik kanpo geratuko dira xede edo helburua dela medio beste udal-alorretako dirulaguntzetarako egokiagoak izan daitezkeen proiektuak, dela herritarren partaidetzakoak, gizarteratzekoak, berdintasunekoak edo gazteriakoak direlako, dela hizkuntzen irakaskuntzarekin, edo soilik kirol jarduerekin, adibidez, zerikusirik dutelako. Izaera kultural edo artistikoa duten euskarazko proiektuak lagunduko dira kultur jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdian. Aurrekoa gorabehera, deialdi honetara aurkezten ahalko dira izaera kultural edo artistikoa edukita programazio zabalago baten barnean nagusiki euskara sustatzeko asmoa duten jarduerak. Deialditik kanpo geratuko dira, baita ere, beste udal-programek finantzatutako proiektuak, irakaskuntza-proiektuak, eta telebista, irrati edo prentsan ematekoak.