Iruñeko Udalak onetsi du euskara sustatzeko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia. Irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendutako deialdia da, euskararen normalizazioari bultzada emateko proiektuak egin ditzaten, nagusiki Iruñeko udalerrian eta herritarrei irekita. Udalak 90.000 euro emango ditu guztira, iazkoaren aldean % 8,4 igota. 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarteko aldiko jarduerak izan behar dute.
Deialdiaren iragarpena apirilaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 72. zenbakian, argitaratuta dago, eta eskabideak maiatzaren 13a arte aurkeztu ahal dira. Proiektu bakoitza aintzat hartuta zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa, balorazioan erdietsitako puntuazioaren arabera, hiru multzotan: puntuazio gorena (80 –100 puntu) duten proiektuek onartutako aurrekontuaren % 55 jasoko dute; bigarren multzoan (65 – 79,99 puntu), proiektuei aurrekontuaren % 45 ordainduko zaie; eta hirugarrenean (45 – 64,99 puntuz baloratuta), onartutako aurrekontuaren % 35 emango da.
Eskaerak baloratzeko, entitate eskatzailearen ezaugarriak hartuko dira aintzat (21 puntu arte), baita ere proposamenaren kalitatea eta koherentzia (29 puntu arte) eta jarduerak Iruñean euskararen hizkuntza-normalizazioan duen eragina (50 puntu arte).