Iruñeko Udalak 76.000 euro inbertitu ditu Tomás Caballero parkeko haurrendako jolasgunea birdiseinatzeko

Iruñeko Udalak 76.000 euro inbertitu ditu Tomás Caballero parkeko haurrendako jolasgunea birdiseinatzeko
Gune berriak baso bat ekartzen du gogora eta jolasak eta proposamenak oso-osorik zurez eginak daude
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak goitik behera berritu du Tomás Caballero parkeko haurrendako jolasgunea. Gune berri horretarako, Udalak zura elementu nagusi gisa erabiltzearen aldeko apustua egin du, baso bat irudikatuz. Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak jolasgunea bisitatu dute gaur (asteazkena): 76.093,27 euro inbertitu dira guztira bertan. Tomás Caballero parkearekin batera, Udalak beste bi eremu berritu ditu kontratu beraren barruan: San Frantzisko plazako eta Santa Luzia pasealekuko haurrendako jolasguneak. 

San Frantzisko plazako eta Tomás Caballero parkeko esku-hartzeetan egurrezko enborrak dira jolasen funtsa. Hainbat posizio eta garaieratan jarri dituzte, eta, horri esker, 3 eta 12 urte bitarteko haurren jolas librea eta imajinazioa sustatzen duten askotariko egiturak eratzen dituzte. Tomás Caballero parkeko jolasgunean, zehazki, Astobizkar enpresak enborrezko lau dorrez eraikitako multzo bat sortu du, hiru pasabideren eta bi zubi zintzilikariren bidez elkarren artean lotuta, eta nylonezko sare bat dute erorikoak saihesteko. Dorreek 80 zentimetro eta 4,5 metro bitarteko altuera dute, eta hainbat plataforma dituzte, hainbat garaieratan. Altuena zorutik hiru metrora dago. 

Proposamen ludiko horrez gain, beste hainbat elementu ere instalatu dituzte, hala nola bi txirrista, habia motako zabu bat, espazioan barna sakabanatutako oreka-motzondoak eta mikado erako enbor-egitura bat. Azken hori eraikitzeko, 14 eta 24 zentimetro bitarteko diametroko 18 enbor jarri dituzte. Egiturak sare horizontal bat ere badu, haurrek oreka mantendu eta atseden hartzeko erabili ahal izanen dutena. Askotariko jolasak sustatzeko xedez, haurrek aukera izanen dute sarean gora igotzeko, zintzilikatzeko, esertzeko eta kulunkatzeko. Mikado erako egituraren gehieneko altuera 1,5 metrokoa da. 

Txirristak altzairu herdoilgaitzezkoak dira, eta metro bateko zabalera dute, haur batek baino gehiagok batera erabili ahal izateko. Batek 1,5 metroko altuera du, eta, besteak, 2 metrokoa. Bestalde, habia motako zabua bertikalki jarritako bi enborren artean esekita dago. Metro bateko diametroko saskia du, eta, beraz, hainbat haurrek erabiltzen ahal dute aldi berean. 

Parke guztiak basoa dauka inspirazio-iturri, eta gunearen antolamendua oso egokia da esploratzeko eta gora eta behera ibiltzeko, haurren gaitasun eta adin desberdinak kontuan hartuta. Eraikuntzarako erabilitako material guztia Nafarroako akazia-zura da. Enborrei azala kendu zaie eta lixatu dira, baina ez zaie inongo tratamendu kimikorik eman haien itxura organikoa mantentze aldera. Zur hori aukeratzeko irizpideak honakoak izan dira: gogortasuna, erresistentzia altua eta euriarekiko, eguzkiarekiko eta haizearekiko duen iraunkortasuna. Gainera, Foru Komunitateko baso jasangarrietan bildu da. Enbor guztiak ertzetan sendotu dira arrakalak ekiditeko. 

261.000 euro hiru parketarako
Urriaren amaieran, Gobernu Batzarrak haurrendako hiru parkeak berritzeko kontratua adjudikatu zuen 261.223, 27 euroan. Zehazki, 119.790 euro bideratu ziren San Frantzisko plazako haurrendako parkerako, eta dagoeneko erabilgarri dago. Eta 76.093,27 euro, Tomás Caballero parkerako: hemendik egun batzuetara inauguratuko dute. Dagoeneko erabilgarri dago ere Santa Luzia pasealekuko parkea: 65.340 euroan adjudikatu zen. Kokapen horretan, egungo estalkiaren azpian dauden jolasak jolas anitzeko bi multzorengatik ordeztu dira: bata, 3-12 urte bitarteko haurrendako, eta, bestea, 1-7 urte bitartekoendako; guztira 22 pertsonendako edukiera du guneak. 

Gainera, hurrengo asteetan beste haurrendako parke batzuetako zoladurak berritzen hasiko dira, eta 100.000 euroko inbertsio partekatua beharko dute horretarako. Honako hauetan eginen dituzte berrikuntzak: batetik, Txantreako Maiatzaren Lehenaren plazako haurrendako parkean, bertan zoladura 2007an instalatu baitzen; eta, bestetik, Donibaneko Fiteroko Monasterioaren plazako jolasgunean, dagoeneko 24 urte baititu. 

¿Te ha sido útil esta página?