Iruñeko Udalak 74 berriemaile izanen ditu aurten, 37 gazte-gunetan informazioa eta proposamenak helarazteko sare gisa

Iruñeko Udalak 74 berriemaile izanen ditu aurten, 37 gazte-gunetan informazioa eta proposamenak helarazteko sare gisa
Udal programa horrek 28. edizioa du aurten, eta gazteen intereseko informazioa ematea eta haien kezkak entzutea du xede

Gaztediaren Etxeko Gazteei Informazioa helarazteko Berriemaileen programan 74 neska-mutilek parte hartzen dute 2023ko ikasturtean, eta Iruñeko Udalarekin lankidetzan arituko dira haiek parte hartzen duten 37 guneetan, hala nola ikastetxeetan, institutuetan, elkarteetan, hezkuntza bereziko zentroetan eta ikasleen egoitzetan. Gaztediaren Etxean bildu dituzte eta ongietorria eta eskerrak eman dizkiete, Carlos Salvador zinegotzia bertan zela. Ekitaldian, halaber, honako hauek azaldu zaizkie: zereginak, programaren funtzionamendu egokirako oinarrizko jarraibideak eta berriemaile eraginkorrak izateko eskarmentuaren bidez egiaztatutako gakoak.

Iruñeko Udalak, Herritarrekiko Harremanetako, Partaidetzako eta Adinekoendako Alorraren bidez, 28 ikasturte daramatza gazteen engaiamendua bultzatzen, Udalak, Gaztediaren Etxeak eta gainerako erakunde publikoek gazteendako berariaz sortutako informazioa ikastetxeetara helaraz dezaten. Udal-programa hori 1996-1997ko ikasturtean abiatu zen, hedatzen joateko asmoz. Urteetan zehar ikastetxeei eta institutuei hezkuntza bereziko zentroak, ikasle egoitza bat eta elkarte batzuk batu zaizkie. Denen asmoa bat eta bera da: gazteen edo gazteendako entitateak izatea. Ikasturte honetan SiñarZubi aisialdiko elkarteen federazioa batu da programara.

Dinamika honako hau da: ikastetxeek aurkeztutako hautagaien artetik, ikastetxe bakoitzeko bi ikasle hautatzen dira, konpromisoa har dezaten gazteendako informazio-gune bat sortzeko eta eguneratuta edukitzeko, eta hala, besteak beste, bekei, laguntzei, bidaiei, programazioei, topaketei eta trukeei buruzko informazioa helarazteko bozeramaile eta eragile bihurtzen dira. Berriemaile bihurtzeak dakartzan betebeharrek ordaina ere badute. Hala, kargu hori betetzen duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituztenek beka bat izanen dute dirutan, eta helarazten duten eskaintzaren parte bat "lehen eskutik" ezagutzeko aukera. Gainera, inplikazioagatik eta jardun onagatik gailentzen direnek sari osagarri bat jasotzen dute.

Ikasturte osoan zehar, ohikoa da berriemaileak Gaztediaren Etxearekin harremanetan egotea, gutxienez astean behin joan behar baitute bertara, ikaskideendako eta ikastetxearendako interesgarria izan daitekeen informazioa hautatzera. Gainera, haien lana egiteko, Gaztediaren Etxeko lantalde teknikoaren laguntza eta babesa dute.

Saria duen lana
Interesgarria edo garrantzitsua dela jotzen duten informazioa bildu ondoren, berriemaile aritzen direnak ikastetxera joaten dira. Bertan, dagokion iragarki-taulan jarri behar dute informazioa, eta astean bi orduz, gutxienez, ikaskideen eskaerei erantzun behar diete informazio-gunean. Halaber, informazio-puntu birtual bat (ziberberriemaileak) abiarazi behar dute eta eguneratuta eduki. Gainera, zentroen arteko harremana sustatu nahi da, berriemaileek haien jatorriko zentroei buruz garrantzitsutzat jotzen duten informazioa zabaldu dezaten Gaztediaren Etxeko Gazteendako Informazio Bulegoaren bitartez. 

Ordainetan, ikasturtean kargu hori betetzen duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituztenek beka bat izanen dute eskudirutan. Gainera, inplikazioagatik eta jardun onagatik gailentzen direneisari osagarri bat ematen zaie. Inplikazioak ikastetxeak ere saritzen ditu, izan ere liburuak edo eskola-materiala erosteko sari-txartelak ematen baitzaizkie.

‘Lehen eskutik’
Informazio-lanarekin batera, berriemaileek ‘Lehen eskutik’ izeneko programan parte hartzen dute. Programa horren bidez, berriemaile gisa lan egiten duten gazteek beren hiriko baliabideak eta instalazioak zuzenean ezagutzeko aukera dute, baliabide eta instalazio horien existentzia eta programazioa sortzen dituzten informazio-sareen bidez zabaldu ahal izateko, hau da, esaten dutena probatu ahal izan duten preskriptoreak dira.

Hainbat entitatek osatzen duten `Lehen eskutik’ programa, hala nola Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Gayarre antzokiak, Nafarroako filmotekak, Baluarte fundazioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak; hala ere, entitate gehiagok parte hartzeko aukera zabalik dago ikasturte osoan zehar. Erakunde horiek "Lehen eskutik" ematen diete berriemaile gazteei gazteendako dituzten proposamenen berri. Ongietorri-ekitaldian, Txema Burgaleta Gaztediaren Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Lurdes López Baluarte Fundazioko kidea izan dira ekimenean parte hartzen duten erakundeen ordezkari gisa.
 

IKASTETXE PARTE-HARTZAILEAK

•    Nuestra Señora del Huerto HBI
•    El Molino HBI
•    Cuatrovientos II (LHB)
•    Donapea IIP
•    María Ana Sanz ikastetxe integratua
•    Calasanz ikastetxea (Eskolapioak)
•    Claret Larraona ikastetxea
•    La Compasión Escolapios ikastetxea
•    Miravalles El Redín ikastetxea
•    San Ignacio ikastetxea (Jesuitak)
•    Santa Catalina Labouré ikastetxea
•    Santa Teresa de Jesús ikastetxea (Escuela Teresiana Fundazioa)
•    Santísimo Sacramento ikastetxea
•    Santo Tomás ikastetxea (Ama Domingotarrak)
•    Vedruna ikastetxea
•    San Cernin Hezkuntzako Kooperatiba
•    Arte Eskola (LHB)
•    Nafarroako Eskola Politeknikoa (LH)
•    Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesioanal (ESTNA)
•    Aisialdiko Hezkuntzako Federazioa / SiñarZubi Auzo-Federazioa
•    FESB Sagrado Corazón ikastetxea
•    Jesuitinas Hezkuntza Fundazioa
•    Elkarte fundazioa
•    Nafarroako Secretariado Gitano fundazioa
•    Biurdana BHI
•    Basoko BHI
•    Iturrama BHI
•    Mendillorri BHI
•    Navarro Villoslada BHI
•    Padre Moret-Irubide BHI
•    Gurutzeko Plazako BHI
•    Julio Caro Baroja BHI
•    Francisco de Jaso ikastola
•    Liceo Monjardín
•    Camplus Egoitza 

 

¿Te ha sido útil esta página?