Iruñeko Udalak 70.000 euroren laguntzak deitu ditu euskara ikasteko

Iruñeko Udalak 70.000 euroren laguntzak deitu ditu euskara ikasteko
16 urtetik gorakoei zuzenduta daude: Iruñean erroldatuta egon behar dute, eta euskara ikasteko edo maila hobetzeko ikastaroak ordaintzen lagunduko diete
euskera

 

Iruñeko Udalak 70.000 euroren dirulaguntza-deialdia egin du euskara ikasten ari direnei laguntzeko: 2024an baino % 27 handiagoa da aurrekontua. Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoei zuzenduta daude, eta euskara ikasteko edo maila hobetzeko ikastaroak ordaintzen lagunduko diete. 2025eko apirilaren 3an argitaratu zen deialdia 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, baina eskaerak aurkezteko epea aurrerago zabalduko da, egin diren edo eginen diren ikastaroen arabera.

Deialdiaren oinarriak Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan argitaratu dituzte, eta ikastaroen bi modalitate barne hartzen ditu: A modalitatea 2024ko urritik 2025eko ekainera bitartean eginiko ikastaroei dagokie, eta gehienez ere 62.000 euroz lagunduko dituzte; B modalitatea 2025eko udan eginen diren ikastaroei dagokie (irailaren 30 arte), eta horietan laguntzeko 8.000 euro izanen dituzte. Bi kasu horietan, ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikaskuntza-ikastaroak eta online ikastaroak onartuko dira. Administrazioaren menpeko euskararen irakaskuntzarako zentroetako ikastaroak baino ez dira lagunduko diruz: Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi publikoa, helduek euskara ikasteko zentro pribatu homologatuak eta unibertsitateak.

A modalitateko ikastaroetarako dirulaguntzak eskatzeko epea maiatzaren 5etik ekainaren 5era egonen da zabalik; B modalitateko ikastaroetarako dirulaguntzak eskatzeko epea, berriz, irailaren 1etik urriaren 1era bitarte. Gehienez ere eginiko gastuaren % 80 eskuratzen ahalko da, eta zenbatekoak ezin izanen ditu muga hauek gainditu: gehienez ere hiru ikastaro egiteagatik 500 euro eskuratzen ahalko dira ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 1.400 euro eskatzaile bakoitzeko. Hiru ikastaro baino gehiago egiteagatik, berriz, 500 euro eskuratzen ahalko dira ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 4.000 euro eskatzaile bakoitzeko.

Dirulaguntza jaso ahal izateko bete beharreko baldintzak
Laguntza eskatu ahal izateko, 16 urtetik gorakoa izan behar da, edo 2025ean 16 urte bete behar dira, eta bai ikastaroa hastean, bai ikastaroak iraun bitartean Iruñean erroldatuta egon behar da. Baldintza hori betetzen ez bada diruz lagundutako ikastaro osoa egiten den bitartean, laguntzaren zenbatekoa murriztu eginen da Iruñean erroldatuta egon ez den denboraren proportzioan. Gainera, gutxienez, ikastaroko ikastorduen % 75era bertaratu behar da. 

Online ikastaroetan, egin beharreko ikastorduen gutxienekoa kalkulatzeko, ordu kopuru jakin batzuk hartuko dira aintzat mailaren arabera (A1 - 125 ordu, A2 - 200 ordu, B1 - 250 ordu, B2 - 350 ordu, C1 - 400 ordu, eta C2 - 200 ordu). Eta proportzioan aplikatuko da maila oso batetik beherako ibilbide bat kontratatu den kasuetan. Osasun-arrazoiengatik, bisita medikoengatik, azterketa ofizialetara joateagatik edo lan-arrazoiengatik behar bezala justifikatutako hutsegiteak ez dira zigortuko bertaratzea kalkulatzerakoan.

Deialdiaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira ikastaroaren matrikularen zenbatekoa eta barnetegi batean eginiko egonaldiaren zenbatekoa. Diruz laguntzen ahal diren gastuetan, kostua ezin izanen da inolaz ere izan merkatuko balioa baino handiagoa.

¿Te ha sido útil esta página?