
Iruñeko Udalak euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroetan herritarrek izena emateko dirulaguntza-deialdia egin du. Deialdiak 70.000 euro jo du, bi modalitatetan: 2025eko urritik 2026ko ekainera bitartean eginiko ikastaroak, gehienez ere 62.000 euroz lagunduko dituzte, eta 2026ko udan eginen diren ikastaroek (irailaren 30 arte) 8.000 euroko zuzkidura izanen dute.
Eskabideak toki hauetan aurkeztu behar dira: Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia, Kale Nagusia 2, behea), erregistro osagarrietan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako beste edozeinetan. Informazio guztia Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, eta martxoaren 14ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsultatzen ahal da.
A modalitateko ikastaroetarako (2025eko urritik 2026ko ekainera bitarte egindako ikastaroak) eskaerak aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 4tik ekainaren 4ra bitarte (biak barne) egonen da zabalik, eta B modalitateko ikastaroetarako (2026ko udan egindako ikastaroak) 2026ko irailaren 2tik 2026ko urriaren 2ra, biak barne. Egindako ikastaro bakoitzeko eskabide-orri bat aurkeztu behar da.
Bi modalitateetan mota hauetako ikastaroak onetsiko dira: ikastaro estentsiboak, ikastaro trinkoak, barnetegiak, familiarteko barnetegiak, barnetegi ibiltariak, online ikastaroak eta tutoretzapeko autoikaskuntza-ikastaroak. Administrazioaren menpeko euskararen irakaskuntzarako zentroetako modalitateak baino ez dira lagunduko diruz: Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi publikoa, helduek euskara ikasteko zentro pribatu homologatuak eta unibertsitateak.
Gehienez ere eginiko gastuaren % 80 eskuratzen ahalko da, eta zenbatekoak ezin izanen ditu muga hauek gainditu: gehienez ere hiru ikastaro egiteagatik 500 euro eskuratzen ahalko dira ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 1.400 euro eskatzaile bakoitzeko; hiru ikastaro baino gehiago egiteagatik, berriz, 500 euro eskuratzen ahalko dira ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 4.000 euro eskatzaile bakoitzeko. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira ikastaroaren matrikularen zenbatekoa zein barnetegi batean egotearena. Ez dira horien barnean sartzen: azterketa-tasak, liburuak eta material didaktikoa, ez eta ikastegira egindako joan-etorriek eragindako gastuak ere.
Baldintzak eta irizpideak
Dirulaguntza horiek eskatzeko nahitaezkoa da 16 urtetik gorakoa izatea edo 16 urte betetzea 2026an, bai eta ikastaroaren hasieratik Iruñean erroldatuta egotea ere horrek irauten duen bitartean; baldintza hori betetzen ez bada diruz lagundutako ikastaro osoa egiten den bitartean, laguntzaren zenbatekoa murriztu eginen da Iruñean erroldatuta egon ez den denboraren proportzioan. Gutxienez, ikastaroko ikastorduen % 75 egin behar dira.
Online ikastaroetan, egin beharreko ikastorduen gutxienekoa kalkulatzeko, ordu kopuru jakin batzuk hartuko dira aintzat, mailaren arabera: A1, 125 ordu; A2, 200 ordu; B1, 250 ordu; B2, 350 ordu; C1, 400 ordu, eta C2, 200 ordu. Proportzioan aplikatuko da maila oso batetik beherako ibilbide bat kontratatu den kasuetan. Osasun-arrazoiengatik, bisita medikoengatik, azterketa ofizialetara joateagatik edo lan-arrazoiengatik behar bezala justifikatutako hutsegiteak ez dira zigortuko bertaratzea kalkulatzerakoan.
Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko bizikidetza-unitateko diru-sarrerak kontuan hartuko dira, oinarri hartuta 2025eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena eta bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona kopuruaren araberako haztapen-koefizientea. Koefizientea kalkulatzeko unitateko kide batek edo gehiagok desgaitasunen bat duten (% 33koa edo handiagoa) edo langabeak diren kontuan hartzen da.