
Iruñeko Udalak 7.000 babes-betaurreko banatuko ditu guztira, abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea ikusteko, abuztuaren 5etik (asteazkena) aurrera. Betaurrekoak doan emanen dira eta lehentasuna izanen dute zaurgarritasun-egoeran dauden eta gaixotasunak edo behar ekonomikoak dituzten pertsonek. Banaketa Civivox sarearen eta Udalaren gizarte-zerbitzuen bitartez eginen da.
Modu horretan, Udala Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko departamentuarekin lankidetzan ari da, gertaera astronomiko hori dela-eta herritarren ikusmena babesteko xedez. Izan ere, eklipse batean eguzkiari zuzenean begiratzeak kalte larri eta iraunkorrak eragin ditzake erretinan, baita itsu geratzea ere. Hori dela eta erakundeek zinez gomendatzen dute betaurreko homologatuak erabiltzea fenomeno hori ikusteko.
Udalak dituen 7.000 betaurrekoetatik 4.000 Gizarte Ekintzako Alorrak banatuko ditu, eskariaren arabera, Udal zerbitzuak baliatuz. Gainera, betaurreko horietako batzuk irabazi asmorik gabeko gizarte-erakundeei banatu zaizkie, hala nola Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Sareari, CERMINi, Cáritasi eta Gurutze Gorriari. Bestalde, beste 3.000 betaurreko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorrak banatuko ditu Civivox sarearen bidez, ahalik eta herritar gehienengana iristeko asmoz.
Zehatz mehatz, Kondestable Civivoxean 900 eta Pompelo Civivoxean 750 betaurreko izanen dituzte banatzeko. Gainera, 300 ale banatuko dira Sanduzelaiko, Iturramako, Mendillorriko eta Juslarrocha civivoxetan. Azkenik, Arrosadiko Civivoxean 150 ale banatuko dira.
Betaurrekoak eklipse bat ikusteko behar bezala homologatuta daude. EN ISO 12312-2_2015 ziurtagiria dute. Erabilera protokoloarekin bat, bista eguzkirantz bideratu baino lehen jarri behar dira (adibidez, lurrerantz begira) eta ondoren, burua altxatu eta fenomenoa ikusi. Eklipsea amaitutakoan ekintza bera egin behar da berriz ere: betaurrekoak beherantz begira kendu behar dira erretina kaltetzen ahal duten argi-bristadak saihesteko.
Eklipse batean eguzki-argiari begiratzeko berariaz diseinatutako betaurreko homologatuak eta eguzki-iragazkiak erabili behar dira, ezinbestean. Izan ere, ez da segurua eguzki-betaurreko arruntak edo homologatu gabeko materialak erabiltzea. Fenomeno horiek ikusteko berariazko betaurrekoek benetako CE marka izan behar dute, eta etiketan fabrikatzailearen izena, jarraibideak eta zenbait ohartarazpen jaso behar dira. Iragazkiak egoera onean egon behar du, marradurarik, gune argirik edo ageriko kalterik gabe.