San Frantzisko IPan matrikulatuta dauden 395 haurrek irailaren 11an hasiko dute ikasturtea eta zurezko leihoak eta Kale Berriaren aldeko estalkiko isolamendua estreinatuko dituzte. Eta urrian ekitaldi-aretoaren itxura berria estreinatuko dute. Zehazki, uda honetan eraikinaren lehen solairuko barruko fatxadetako zurezko arotzeria zaharrak isolamendu handiagoko beste batzuengatik ordeztu dira, eta espazioaren baldintzak hobetzeko Kale Berrira ematen duen eraikinaren aldeko hirugarren solairuko estalki azpiko eremua termikoki isolatu da.
Esku-hartze hori Ikastetxe Publikoetan lanak eta inbertsioak egiteko Planaren barruan kokatzen da. Esku-hartze jarraituko programa horren bidez hezkuntza-komunitateak berak antzemandako erabilera-beharretarako (gela berriak, komunak berritzea...) egokitu nahi dira ikastetxeak edo zentroen baldintzak hobetu, kasu honetan bezala, arotzeria, leiho eta isolamendu berriak jarriz, energia-eraginkortasuna hobetu eta energia-aurrezpena eta ingurumena zaintzea bultzatzeko.
Lanak udan egiten dira, ikasturte berria hastean dena prest egon dadin. Kasu honetan, 2023an San Frantzisko IPn (Alde Zaharra), Azpilagaña HLHIPn (406 haur 2022-2023ko ikasturteko matrikulan) eta Nicasio de Landa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean (22 ikasle joan den ikasturtean) egin dira esku hartzeak. Hiru kasuetan, arotzeriak aldatzea izan dute ardatz esku-hartzeek. Carlos Salvador Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko Zinegotzi Ordezkariak gaur goizean eman ditu ezagutzera inbertsio horiek, Tokiko Gobernu Batzarraren ondoren egindako prentsaurrekoan.
Azpilagaña Ikastetxe Publikoan lehen, bigarren eta hirugarren solairuetako kanpoko arotzeria metalikoa ordezteko lanak egin dira, pertsianak eta sarrailak barne. Fisioterapia-gela ere egokitu da, irisgarriagoa izan dadin eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako trantsizio-gela bihurtzeko. Etxabakoitzeko Nicasio de Landa HLHIPn, eraikin nagusiko hiru geletako kanpoko arotzeria metalikoa ordeztu da, pertsianak barne. Arotzeria hori kristal bikoitza eta pertsianak dituzten aluminiozko arotzeriagatik ordeztu da.
Lanak San Frantzisko IPn
San Frantzisko IP esku-hartze sakonago baten zain dago, eta Tokiko Gobernu Batzarrak berriki jarduketen proiektu orokor bat adjudikatzea onetsi du, arotzeriak ordezteaz gain, pitzadurekin, zartadurekin edo zuloekin lotutako kalte txikiak konpontzeko. Leiho berriek hiru orri dituzte, bi finkoak dira eta erdikoa ardatz aldagarrikoa. Baoaren goiko aldean arku beheratuan amaitzen den orri finko bat dago.
Nafarroako Parlamentuak 2023ko aurrekontuetan 200.000 euroko aldaketa izenduna sartu zuen ikastetxe horretako eraikina hobetzeko obrak egiteko. Zehazki, bi partida onetsi ziren: bat 62.000 eurokoa, eraikina erabat berritzeko proiektua idazteko eta bigarrena, 138.000 eurokoa ekitaldi-aretoa modernizatzeko eta estalkiko isolamendurako.
Iruñeko Udalaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko hitzarmena alkatetzaren martxoaren 29ko ebazpenaren bidez onetsi zen, eta bertan aurreikusten denez, “proiektua idazteko, beharrezkoa izanen da ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen parte-hartze aktiboa, eremu pedagogikoei eta eraikinaren erabilerari dagokienez”. Hori dela eta, apiriletik ekainera bitarte, parte hartzeko prozesu bat egin zen Ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen baitan, San Frantzisko eskolaren erabateko zaharberritzea egiteko proposamen bat sortzeko helburuz. Prestaketan hamabi pertsonak parte hartu zuten, haietatik zortzik hamabi pertsonako lau talde eta hezkuntza-komunitateko 41 parte hartzaile bideratu zituzten.
Udalak hiru ikastetxe horietan egindako lanek 560.817 euro jo dute. Horietatik 326.211,16 euro Azpilagaña eta Nicasio Landa ikastetxeetan egindako jarduketei dagozkie; San Frantzisko IPko obrek, berriz, 96.606,40 euro jo dute leihoak aldatzeko eta 138.000 euro estalkia isolatzeko eta ekitaldi-aretoa birmoldatzeko.
Ikasnova gelak
Jarduketa horiez gain, Hezkuntza Departamentuak ekainaren erdialdean hartutako erabakiari erantzun behar izan dio.. Erabaki horren bidez hiriko 9 ikastetxetan Ikasnova gela berriak martxan jartzea onetsi zen. Honako hauetan: Cardenal Ilundain, El Lago de Mendillorri, Emitagaña, Iturrama, Mendillorri, Arrotxapea, Vázquez de Mella-Bayonne, Elorri, Sanduzelai eta El Lago.
Obra txikiak direnez, uda honetan Ikasnova ikasgelak egokitu ahal izan dira guztietan, Arrotxapean (ikastetxeak berak uko egin diolako) eta Vázquez de Mellan izan ezik, obra txikien aurrekontua gainditzen baitu. Gastuak, guztira, 103.728 euro jo du.
Ikasnova ikasgelak ikasbide aktiboko lekuak dira, ikasteko modu desberdinak eta askotarikoak esperimentatu aukera ematen dutenak, elkarrizketaren eta lankidetzaren bidez, berdintasunezko testuinguru batean ikasteko. Espazioaren diseinuak berak eta teknologiak gogoeta egitera bultzatzen dute, banaka zein taldeka, ikasitakoa eta bizitakoa ikertzeko, elkarreragiteko, sortzeko, partekatzeko eta komunikatzeko, funtsezko gaitasunen garapena sustatuz eta gaitasun digitalari arreta berezia eskainiz.
Ia hogei ikastetxe publikotan egin dira jarduketak azken lau urteotan
Iruñeko Udalak, azken lau urteotan, 2022rik 2023ea bitarte, guztira, 4.278.478 euro inbertitu ditu hiriko eskola publikoetan egindako hainbat jarduketa, obra eta berritze lanetan. Haur eta Lehen Hezkuntzako ia hogei ikastetxeetan egin dira obrak, bertan egiten den irakaskuntza-lana hobeki garatu ahal izateko instalazioak hobetzeko xedez.
Honako ikastetxe eta ikastola hauetan egin dira jarduketak: Ermitagaña, Doña Mayor, Azpilagaña, Nicasio Landa, Amaiur, El Lago, Mendigoiti, San Juan de la Cadena, San Frantzisko, García Galdeano, Iturrama, Hegoalde, Sanduzelai, Bernat Etxepare, Cardenal Ilundain, Azpilagaña, Arrotxapea eta Buztintxuri. Besteak beste, honako lan hauek egin dira: kanpoko patioak eta kirol pistak estali dira, leihoak eta arotzeria aldatu dira, gune berriak sortu dira, gimnasioak kasu, eta komunak eta aldagelak berritu dira.
Inbertsio horiei, beste hezkuntza-etapetan egindakoak gehitu behar zaizkie, esaterako Lezkairuko Haur Eskolaren eraikuntza (3,2 milioi inguruko kostua izan duena) eta Mendebaldea HE guztiz eraberritzea (810.000 euro).