
Haur Eskolen Erakunde Autonomoak onartu du dagoeneko ikasturte honetan eta hurrengoan haur-eskolak sasoiko eta bertako jaki fresko eta ekologikoz hornitzeko kontratua, 607.232,59 euroan. Hala, bi enpresa arduratuko dira Udaleko haur-eskolen sareak ematen dituen Hemengoak – De aquí menuak osatzen dituzten jakiak eskoletara eramateaz.
2016an jarri zen martxan Hemengoak – De aquí proiektua, Iruñeko Udalak Milango Ituna sinatu ondoren, helburu hartuta eskoletan kalitatezko menu jasangarri, fresko eta hurbilekoak eskaintzea. Adjudikazio honek aurtengo martxoaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte eginen den hornidurari eragiten dio. Hiru sorta ezarri dira. Lehenengoa haragia, arrautzak, jogurtak, fruta, zerealak eta lekaleak, pasta, olioa, ogia, tomate-kontserbak eta ozpina eramateko da. Hurbil ekoitzitako produktuak izanen dira denak, lurraldean errotuak, bertakoak eta merkataritza-zirkuitu laburra egiten dutenak. Bigarren sorta arrainarena da. Eta hirugarren sortan beste jaki batzuk sartzen dira, hurbil ekoitziak ez direnak, hala nola frutaren bat, lekaleak eta espezia batzuk.
Gumiel y Mendía SL enpresa arduratuko da 1. eta 3. sortetako jakiez: 455.622,7 euroko aurrekontua izanen du 1. sorta osatzeko, eta 75.733,46 eurokoa 3.arentzat. Arrainaz, berriz, 2. sortaz alegia, Pescados Loureda SL enpresa arduratuko da, eta 75.879,43 euro izanen ditu horretarako. Kontratuak ezartzen duenez, hamaiketakoa eta bazkaria egiteko behar diren jakiak eraman beharko dituzte enpresek eskoletara, 07:30etik 13:00etara bitartean. Adjudikazioaren prezioak garraioa ere hartzen du barnean.
Haur Eskolen Erakunde Autonomoak kalitatezko menu osasungarriak diseinatuko ditu jaki horiekin Udalaren hamaika haur-eskoletarako, Hemengoak-De aquí proiektuaren barruan. Hamabi eskola daude egun, baina José María Huarte haur-eskolak jardunaldi erdia bakarrik eskaintzen du, eta beraz, ez dauka jantoki-zerbitzurik. Elikadurarako proiektu honen helburua da azukre, trans gantz-azido, haragi eta esneki gutxiago sartzea menuan, eta fruta, barazki eta prozesatu gabeko jaki gehiago. Nutrizionistek eta dietistek gainbegiratzen dituzte menuak, eta sukaldariek prestatzen dituzte haur-eskoletan bertan, hezitzaileekin elkarlanean.