Iruñeko Udalak 2022an 60.000 euro bitarte bideratuko ditu gazte ekintzaileek beren negozio-ideiak garatu ahal izan ditzaten. Gaur argitaratu da NAOn dirulaguntza horien deialdia, zeinak aurten 20. edizioa bete baitute. Hogei urte dira Udalak hiriko gazte ekintzaileen ideia eta proiektuak bultzatzen dituela ekimen honen bidez. Adin-tarte hori da, hain zuzen, langabeziak gehien jotzen duenetako bat, eta inguruabar hori COVID-19aren krisiari lotutako enplegu-galerak areagotu du.
Horregatik Udalak informazio-kanpainarako hautatu duen leloa ‘Gazte eta ausartak’ da. Gaurtik aurrera, herritarrek, batez ere gazteenek, hirian zehar aurkituko dituzte liburuxkak, kartelak, sare sozialetan biral bihurtzeko diseinatutako edukiak eta udal-laguntza eskatzeko oinarrizko argibideak jasotzen dituen ikus-entzunezko materialak. Euskarrietako askok QR kode baten bidez deialdiaren oinarriak osorik dauden gune digitalera birbideratzen dute.
Kanpainak bat egin du Udalaren lan-ildo horren 20. urteurrenarekin. Ildo horrek, halaber, hiriko ekoizpen-ehuna dibertsifikatzen laguntzen du eta oinarri ditu aurreko edizioan dirulaguntzaren onuradun izan ziren enpresei eskatutako ebaluazioaren erantzunak. Ebaluazio-inkestaren galdetegia erantzun zuten pertsona gehienek dirulaguntza zehatz horren berri izan zutela Gaztediaren Etxearen edo beren lan- edo finantza-aholkularitza propioen bidez, baina berariazko komunikazio-estrategia baten falta sentitzen zutela. 2021ean diruz lagundutako 28 proiektuetatik, % 46k erantzun du Iruñeko Udalaren gogobetetze-inkesta, eta 1etik 5erako eskala batean, dirulaguntzen balorazio orokorra 3,85ean ezarri dute. Gainera, pozik daude, bai izapideak egiteko erraztasunarekin, bai deialdia ebazteko denborarekin, 3,6 eta 3,3 puntuko balorazioekin, hurrenez hurren.
Iazko laguntza-deialdiak hainbat jarduera babestu zituen, hala nola higiezinetako eta merkataritzako obren bitartekaritza, psikologia-kontsultak, ile-apaindegiak, argazkigintza, prestakuntza-akademiak, konponketa-lantegiak, soinu-teknikariak, saltoki txikiak, pedagogia eta logopediak, eta abar.
Zabalik dago epea “Bizitza-proiektuak” aurkezteko
Bihartik aurrera eta aurtengo urriaren 10era bitarte zabalik dago epea interesa dutenek eskaerak aurkeztu ahal izateko, hala telematikoki Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoan (https://sedeelectronica.pamplona.es) nola aurrez aurre Udaleko edozein erregistrotan, edo legeak aurreikusten dituen beste edozein bidetik. Nortasun juridikoa duten entitateek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute nahitaez. Finantzaketa arin eskuratzea eta ekimenaren hedapena errazte aldera, partida urtean zehar hiru ebazpenen bidez banatzen da, hala, gazteek denbora gehiago izan dezaten urtean zehar haien negozioak prestatu, eratu eta dirulaguntzetara modu mailakatuan aurkezteko.
Aurtengo oinarrien arabera, dirulaguntza horiek eska ditzakete zerga-egoitza Iruñean duten eta jarduera ekonomiko berri bat sortzen edo sortu duten pertsona fisiko eta juridikoek, baldin eta JEZn alta eman badute lehenbiziko aldiz 2021eko irailaren 15etik 2022ko irailaren 14ra bitarte. Eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarte izan beharko dituzte JEZn alta ematen duten unean eta, sozietateen kasuan honako bi baldintza hauek bete beharko dira: bazkideen bi herenek gutxienez 18 urte beteak eduki eta 35 urteko adina ez gainditzea (sozietate zibil, irregular, kolektibo edo komanditario bakunak) edo adin-tarte horretako pertsonek kapital-sozialaren bi heren jartzea (merkataritzako kapital-sozietateen, lan-sozietateen eta kooperatiben kasuan.)
Dirulaguntzak negozio berriak sortzeko eta abiatzeko gastuen % 70era bitarte estaltzen du. Badira diruz laguntzen ez diren enpresa-jarduera batzuk, hala nola jokoarekin zerikusia dutenak, tabernak eta tankerakoak. Bestalde, aurreko edizioetan dirulaguntza hau jada jaso dutenek ezinen dute berriz ere eskatu.