Iruñeko Udalak gazte-ekintzailetzako laguntzen beste edizio bat abiatu du, Iruña Gaztea planaren barruan, 60.000 euroko diru-zuzkidurarekin. ‘Ekiteko bultzada pila bat’ lelopean, Iruñean jarduera ekonomiko bat martxan jartzen duten 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek jarduera eratu eta abiatzeko gastuen % 70era bitarte estaltzen duten laguntza horiek eskura ditzakete.
2.000 euroko muga dago ezarrita pertsona fisikoei, sozietate zibilei eta nortasun juridikorik gabeko sozietate irregularrei emateko laguntzetan, eta 3.000 eurokoa, nortasun juridikoa duten pertsonendako. Jarduera ekonomikoa berritzat jotzeko baldintza da 2022ko irailaren 15etik 2023ko irailaren 14ra bitarte (bi egun horiek barne) hartu izatea alta lehen aldiz Jarduera Ekonomikoen Zergan (JEZ).
Jarduera abiatzeko beharrezkoak diren gastuak diruz lagunduko dira, hala nola negozioa eskualdatzea, alokairua, Gizarte Segurantzako kuotak, nominak eta elektrizitate-kontsumoa. Laguntza horien onuradunek banakako eta doako aholkularitza zerbitzua izateko aukera izanen dute. Argibide gehiago jasotzeko, 948 420 telefonora deitu, pamplona.es/subvencionesjovenesemprendedores webgunea kontsultatu edo bidali mezu bat juventud@pamplona.es helbide elektronikora.
Betekizunak
Laguntzak baldintzak betetzen dituzten hautagaiek eskaera egin duten -hurrenkeraren arabera emanen dira. Adinaz gain (18 eta 35 urte bitarte), jarduerak Iruñeko udal mugartean kokatuta egon behar du eta ezinen dute parte hartu aurretik zegoen enpresa bat aldatzearen ondorioz sortutako enpresek. Ezin izanen dira dirulaguntzaren onuradun izan, ezta ere, deialdi hau NAOn argitaratu baino bi urte lehenagoko epean jarduera berean edo antzekoan norberaren kontura jardun direnak.
Inongo kasutan ez dira diruz lagunduko aurreko edizioetan dirulaguntza jaso duten jarduerak eta dirulaguntzaren oinarri den jarduerari eutsi beharko zaio, gutxienez 18 hilabetez, JEZean alta hartu eta ordutik antzina. Berariaz dirulaguntza honetatik kanpo geratuko dira jokoarekin, tabernekin edo antzekoekin loturiko jarduerak, eta sexu-arrazoiak direla medio diskriminatzaileak diren proiektuak eta jarduerak, salbu eta sexuen arteko desparekotasuna zuzentzea xede dutenak.
Udalak diruz lagundutako jardueren zabalpena egiteko orduan jarduerak Udaletxearen laguntza jaso duela adierazi beharko da. Bestela, dirulaguntza itzuli beharko da.
Askotariko proiektuak
Aurreko urteetan egindako deialdietan hainbat motatako enpresek parte hartu dute, besteak beste, psikologiakoak, ileapaindegiak, lurrindegiak, nutrizio eta dietetikakoak, okindegiak, fisioterapiakoak, dantzakoak, prestakuntzakoak, online-salmentakoak, abokatu-bulegoak eta arkitektura teknikokoak. Enpresak sortzeak lanpostuak sortzea ere ekarri du, autonomoak gehien bat.
EKINTZAILE GAZTEENDAKO LAGUNTZA
• Iruña Gaztea Planaren barruko laguntzak
o Leloa: Ekiteko bultzada pila bat
o Eskatzaileak: 18 eta 35 urte bitarteko gazteak
o Eskaera aurkezteko epea: urriaren 10era arte (egun hori barne)
o Jarduera sortzeko epea: 2022ko irailaren 15etik 2023ko irailaren 14ra bitarte
o Onuradunek banakako eta doako aholkularitza zerbitzua izateko aukera izanen dute.
o Argibide gehiago pamplona.es/subvencionesjovenesemprendedores webgunean, 948 420 532 telefonoan eta juventud@pamplona.es posta elektronikoan.