Iruñeko Udalak antolatutako ‘PamploSound’ onlineko musika jaialdiak bere bigarren edizioa abiatuko du datorren maiatzaren 14an, kasu honetan udaberriaren gaia hizpide hartuta. Ekimen hau pasa den Gabonetan jarri zen martxan musikaren sektorea laguntzeko bide gisa; izan ere, musika bereziki jasaten ari da osasun krisiaren ondorioak, ezinezkoa baita kontzertuak eta ekitaldi jendetsuak egitea. Herritarren erantzun positiboaren aurrean (sare sozialen eta webgunearen bidez 320.000 aldiz baino gehiagotan gozatu zuten emanaldiez), edizio berri hau abian jarri da hamar kantu berrirekin, eta guztira, 58 musikarik parte hartuko dute, besteak beste Anne Lukin, Iker Piedrafita, Tonino Carotone eta Germán San Martínek.
Hainbat estilotako taldeak –popa, rocka, klasikoa, rapa, soula, indiea, ska, stonerra, mariatxiak eta brass band bat– elkartu dira, konposatzeko, entsaiatzeko, moldatzeko eta azkenik emanaldi bat egiteko, estilo eta soinu nahasketa horren adierazgarri. Jaialdian egiaztatzen ahalko da nola Anne Lukinek , adibidez, ‘PamploSound’ jaialdiari esker, abiatu ahal izan duen, Los Tenampas taldearekin batera, ‘Operación triunfo’ akademiatik atera zenetik gordetzen zuen gai bat, non kontatzen baitu nola faltan sumatzen duen bere jendea; edo, Monte del Oso taldeak Gorka Urbizurekin batera eta ukitu elektrikoaz konposatutako Suzko bola abestia entzuten ahalko dugu.
Hemengo artista batzuk, hala nola Iker Piedrafita, Tonino Carotone, José Ramón García, Gorka Urbizu, Pedro Fernádez Razkin eta Germán San Martín arduratu dira jaialdiaren kartela osatzen duten hamar abestiak sortzeaz, eta horiek pamplosuond.es webgunean entzuten ahalko dira datorren maiatzaren 14tik aurrera. Halaber, ‘Iruña kultura da’ ekimenaren sare sozialetako profiletan elkarrizketak, making-offaren uneak eta artisten gogoeta interesgarriak agertuko dira.
‘PamploSound’ tokiko artisten musikaz gozatzeko modu seguru gisa finkatu da
`PamploSound’ edizio honen balio erantsia sormen artistikoaren aldeko apustua eta sustapena da. Ez da artistek eta musikariek bakarrik abestiak interpretatzen dituzten jaialdi bat; izan ere, artistek nahi dituzten abestiak sortzen eta berrikusten parte hartzen dute. Zentzu horretan, Udalak musikaren sektoreari, abeslariei zein musikariei, lagundu ez ezik, tokiko artistei ere balioa eman nahi die, bere sormena erakusten lagunduz, eta horrela gure herrialdean dugun sormenerako moldakortasun handia eta musika-aberastasuna erakutsiz.
‘PamploSound’ jaialdiaren bigarren edizio honetako berrikuntza nagusia da, oraingoan, musika-sorkuntza sustatzea bilatu dela, artistei gonbit eginez jaialdirako pieza berriak sortzeko, edo beren gaietako bati moldaketak eta doikuntzak egiteko, konposizio berriak sortze aldera. Horrela, ekimen honen filosofian sakontzen da, artisten lankidetzaren bitartez, hiriak duen musika-aniztasuna eta -aberastasuna erakustea xede harturik.
Lehen edizioaren ondoren, ‘PamploSound’ jaialdia hiriko artistek modu seguruan sortutako musika helarazteko beste modu bat islatzen duen marka bilakatu da. Giro barnerakoiaz eta Gabonen inguruko soinuen inguruan, onlineko musika jaialdi gisa estreinatu zenean, ekimen honek ‘Iruña kultura da’ egitasmoaren Youtube kanalean bakarrik, 37.000 bistaratze baino gehiago izan zituen. Bestalde, jaialdiaren webguneak (pamplosuound.es) 18.500 bisita baino gehiago izan zituen, eta horri gehitzen zaizkio sare sozialetan lortutako 265.000 erabiltzaile baino gehiago, eta ekimen honek Udalaren Instagrameko, Facebookeko eta Twitterreko profilen bidez izandako 12.000 interakzio baino gehiago.
‘PamploSound’ jaialdiaren edizio honek kanta ezagun batzuk ekarriko ditu, hala nola Dickersen ‘Miedo’ abesti ezaguna, oraingoan, Iker Piedrafitak berrinterpretatuko du Alfredo Piedrafitak gitarran (Barricada) eta José Ramón Garcíak pianoan lagunduta, bertsio akustikoa eta intimoa eskainiz. Eta guztiz bestelako soinuez, ‘El barquero del Ebro’ taldeak erakutsiko digu nola egokitu daitekeen jota bat New Orleanseko soul-doinuetara eta gustuetara, Broken Brother Brass Branden haize instrumentuen eta Nerea Erbitiren ahotzen bidez. ‘Animas’ taldea ere deigarria da; izan ere, Isusko eta Sergi Ugarte Leyenda Urbana taldeko partaide ohiek, rapa eta musika klasikoa uztartzen dituen fusioa sortu dute, Iruñeko Orkestra Gaztearekin eta Amaita Astizen ahotsarekin batera. ‘El último cliente’, ‘Quisiera’, ‘Los sueños no dan dinero, dan problemas’, ‘I don’t want you’, ‘Que nadie apague tu luz’, ‘Suzko Bola’ eta ‘Rudi not dead’ abestiaren unplugged bertsioa izanen dira udaberriko ‘PamploSound’ jaialdiaren edizioko errepertorioa osatzen duten abestiak.
‘2021ko Udaberriko PamploSound’ jaialdiko abestiak
- ‘Ánimas’
- ‘Miedo’
- ‘Suzko Bola’
- ‘El barquero del Ebro’
- ‘Quisiera’
- ‘Los sueños no dan dinero, dan problemas’
- ‘Rudi not dead’ (UNPLUGGED)
- ‘I don’t want you’
- ‘Que nadie apague tu luz’
- ‘El último cliente’