
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernuko Batzarrak obra-kontratuaren lizitazioa onetsi du Arantzadiko kirolguneko instalazio termikoen energia-efizientzia hobetzeko. Lizitazioak dirulaguntza jaso du “bizitegikoak ez diren eraikinetan eta sektore publikoko establezimendu eta azpiegituretan energia berriztagarri termikoen instalazioak paratzeko”, Europar Batasunak finantzatutako NextGenerationEU funtsen kargura, Berreskuratze, Eraldatze, eta Erresilientzia planaren barruan.
531.392,36 euroko kontratuak helburu du eguzki-energia termikoa biltzeko sistema bat martxan jartzea, eta horri esker, igerileku estaliko ura berotzea eta energia berriztagarrien bidez, igerilekuetako aldagelen ur bero sanitarioa (EUB) berotzen laguntzea. Halaber, atartearen eta gizarte-eraikineko kafetegiaren klimatizazio-sistema hozte-sistemaz hornitu nahi da. Hozte-sistema duen ura sortzeari esker, energia berriztagarria ur berotu gisa ekoitziko da, ur bero sanitarioa sortze aldera.
Arantzadiko Kirol Hiriko gizarte-eraikinak eta igerilekuetako aldagelek energia termikoaren eskaria dute, eta biek ala biek galdarak dituzte. Dena den, ez dute kalefakziorako eta ur bero sanitarioetarako energia berriztagarririk sortzen. Jarduketek helburu dute eraikinaren elementu batzuk birgaitzea eta higiezinaren bizigarritasun- eta erabilera-baldintzak hobetzea.
Kontratua gauzatzeko epea 90 egunekoa da, eta beranduenez, 2025eko abenduaren 30erako amaitu beharko dituzte lanak. Hauek dira kontratua esleitzeko irizpideak: memoria teknikoa (50 puntu); proposamen ekonomikoa (20 puntu gehienez); berme-epearen luzapena (10 puntu bitarte); gizarte-arloko irizpideak (10 puntu bitarte) eta ingurumenarekin lotutako irizpideak (10 puntu bitarte).
Lanak egin bitartean, igerilekuen eraikineko aldagelak eraberritu eta eraikineko jarduera sailkatuak egokituko dituzte; aurreikuspenen arabera, irailaren 1ean hasiko dituzte bi lan horiek, eta, beraz, lan guztiak koordinatzea ezinbestekoa izanen da. Lanak bereizita daude, baina hodi-tarte batek igerilekuen eraikineko aldagelak zeharkatzen ditu, eta ondorioz, ezinbestekoa izanen da aribidean dauden lanen langileekin elkarlanean aritzea. Gainera, kontratuak zehazten du gizarte-eraikineko jarduerak ohiko moduan garatu behar direla, eta, beraz, kontratista eraikinaren kudeatzailearekin elkarlanean aritu beharko da lanek sortuko dituzten kalteak arintze aldera.
