Iruñeko Udalak 500.000 euroz lagunduko ditu herritarren partaidetzarekin, auzoetako festekin, komunitatearekin, adinekoekin eta kultur aniztasunarekin lotutako jarduerak. Gaur hiru dirulaguntza-deialdi argitaratu dituzte Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta hilabete bateko epea ireki da 2025erako proiektuak aurkezteko. Hiru deialdi dira: lehenengoak, herritarren partaidetza eta jaietakoak, 360.000 euroko zuzkidura du; bigarrenak 90.000 euroko zuzkidura du, eta adinekoei zuzenduta dago, eta hirugarrenak, kultur aniztasunekoak, 50.000 euroko zuzkidura du. Deialdiaren oinarriak eta baldintzak www.pamplona.es/eu webgunean kontsultatzen ahal dira.
Dirulaguntzek hiru berrikuntza nagusi dituzte aurten. Hona hemen lehenengo berrikuntza: hiru dirulaguntzak modu independentean deitu dituzte. Hala ere, batera argitaratu dituzte deialdiak, horietako bakoitzerako proiektuen aurkezpena errazteko xedez; izan ere, deialdi bakoitzerako eskabide bat aurkeztu daiteke. Bigarrenik, deialdian ezarritako kopuruaren % 100 aldez aurretik ordainduko da. Hala, deialdira aurkezten diren entitateei lana erraztuko zaie. Eta azkenik, gastuen eta egindako jardueren justifikazioa 2026ko urtarrilaren 31ra arte aurkezten ahalko da.
Dena den, hiru deialdiek baldintza komun hauek bete behar dituzte: irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoak izatea eta dagokien erregistroan izena emanda izatea, Iruñean egoitza soziala izatea eta jarduerak osorik Iruñean egitea (egun bateko txangoak izan ezik). Gainera, dirulaguntza jasotzen ahal duten programa, proiektu eta jarduerek bi baldintza hauek bete beharko dituzte: herritar guztiei irekita egotea eta doakoak izatea. Zenbateko bat ezarriz gero, zergatik ezarri den azaldu beharko da, eta diru-sarrera gisa justifikatu.
Proiektuek deialdiaren helburuekin bat egin beharko dute, eta 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte garatu beharko dituzte.
Proiektuetan jorratutako alderdiak Udalaren beste dirulaguntza-deialdi batzuen bidez diruz laguntzen badira (kultura, LGTBI mugimendua, berdintasuna, gazteria, aisialdia eta denbora librea, gizarteratzea etab.), proiektu horietako bakoitza dagokion deialdian aurkeztu beharko da, eta litekeena da deialdi hauetatik baztertzea.
Udaletxeak laguntza-materialak argitaratu ditu entitateek proposamenak errazago aurkezteko xedez.
Deialdien xehetasunak
Herritarren partaidetzako eta jaietako dirulaguntza-deialdia irabazi-asmorik gabeko eta herritarren partaidetzari, herritartasun aktiboari eta Iruñeko gizarte-loturari lotutako proiektu eta entitateei dago zuzenduta. Deialdiak bi epigrafe ditu: bata 90.000 eurokoa da, eta auzoetako festak, jai herrikoiak eta izaera komunitarioko ekitaldi soziokulturalak egitera bideratuta dago; bestea, berriz, 270.000 eurokoa da, eta herritarren partaidetza eta gizarte-ehunaren sare-lana sustatzen duten proiektuetan erabiliko dituzte. Proiektu bakoitzak 15.000 euro jaso ditzake gehienez ere.
Bigarrena aisialdiko eta denbora libreko deialdia da, eta adinekoen bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzearen alde lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko proiektu edo entitateendako da. 90.000 euroren dirulaguntzak dira, eta proiektu bakoitzak 10.000 euro jasotzen ahal ditu gehienez.
Kultur aniztasuneko dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateei eta proiektuei zuzenduta daude, betiere proiektuak eta jarduerak egiten badituzte Iruñeko kultur aniztasunaren esparruan. 50.000 euroko zuzkidura du, eta entitate bakoitzak 9.000 euro jasotzen ahal ditu gehienez ere.
Dirulaguntzen zenbatekoak
Proiektu bakoitzaren puntuazioa zein den eta horren arabera jasoko dituzte dirulaguntzak, betiere aintzat hartuta onartutako aurrekontuaren % 50 eta % 100 arteko dirulaguntza jaso dezaketela. Aipatu puntuazioak entitate eskatzailea baloratuko du (20 puntu gehienez), eta irizpide hauetan oinarrituko dira balorazioa egiteko: kudeatzeko gaitasuna, antzinatasuna eta esperientzia, jardueren iraupena eta irismena eta kide kopurua. Bestalde, aurkeztutako proiektuak baloratuko dituzte (80 puntu gehienez), honako hauek aintzat hartuta: oinarriak, helburuak, jarduerak, aurrekontuaren egokitzapena eta koherentzia, boluntarioen partaidetzaren sustapena, ebaluaziorako adierazleak, kolektibo kalteberetarako jardueren sustapena, beste entitate eta gizarte-baliabideen osagarritasuna eta koordinazioa, kultur aniztasuna, elkarbizitza eta genero-ikuspegiaren gizarteratzea sustatzen duten jarduerak proposatzea. Proiektuak ebaluatzeko eta dirulaguntza jasotzeko, entitate eskatzaileek puntuazioaren erdia (10 puntu) eskuratu beharko dute. Proiektuen ebaluazioari dagokionez, puntuazioaren erdia eskuratu beharko dute (40 puntu).
Honela baloratuko dituzte dirulaguntzak: 50 eta 59 arteko puntuazioa eskuratzen dutenek onetsitako aurrekontuaren % 50 jasoko dute; 60 eta 69 puntu bitartekoek, % 60; 70 eta 79 puntu bitartekoek, % 70; 80 eta 89 puntu bitartekoek, % 80; 90 eta 99 puntu bitartekoek, %90, eta 100 puntu eskuratzen dituztenek onetsitako aurrekontuaren % 100 eskuratuko dute.
Zuzeneko eta zeharkako gastu oro lagunduko da diruz, betiere jarduerarekin lotuta baldin badaude: esleitutako giza baliabideak, material suntsikorra, publizitatea, lokalen alokairua (egoitzak ez badira), ekipamenduaren alokairua, boluntarioen erantzukizun zibileko asegurua eta istripu-asegurua, aplikazio teknologikoak, webgunearen mantentze-lanak eta beste zeharkako gastu orokor batzuk; zeharkako gastu horiek defizitaren % 15eraino mugatuko dituzte, eta hauek dira esanguratsuenak: Iruñeko lokalen alokairua, argia, gasa, ura, telefonoa, banku-komisioak, garbiketa-lanak eta administrazio-kudeaketa.
Udalaren jarraipena
Udalaren eta dirulaguntza jasotzen duten entitateen arteko harremanetan sakontzeko eta elkarlana sustatze aldera, Udalaren teknikariak saiatuko dira diruz lagundutako jardueretara bisita egiten, ahal den neurrian, hartara gertutik izateko gizarte-ekimeneko entitateek egiten duten lanaren berri.
Deialdiarekin lotutako zalantza edo konturen bat argitzeko, interesdunak Zentroko aholkularitza juridikoarekin jar daitezke harremanetan, 948 42 02 66 telefonora deituta edo asesoría.participacion@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez. Halaber, Udalak herritarren eskura jarriko ditu deialdi bakoitzeko alorren helbide elektronikoak: participacionciudadana@pamplona.es, diversidadcultural@pamplona.es y mayores@pamplona.es.