Iruñeko Udalak 450.000 euro bideratuko ditu aurten krisi-egoeran edo infraetxeetan bizi diren familiei alokairua ordaintzen laguntzeko

Iruñeko Udalak 450.000 euro bideratuko ditu aurten krisi-egoeran edo infraetxeetan bizi diren familiei alokairua ordaintzen laguntzeko
Laguntzak aldi baterako dira, eta onuradunen konpromisoa eskatzen dute etxebizitza bat modu autonomoan eskuratzeko
Población

 

Iruñeko Udalak dirulaguntzen deialdia egin du, krisialdi-egoeran egon edo oso egoera txarreko etxeetan, etxebizitza desegokietan eta beste zenbait egoeratan bizi diren familiei alokairuak ordaintzen laguntzeko (Etxebizitzaren aldeko 2021eko Programa). Deialdia, 4. NAOn, urtarrilaren 8koan, argitaratua, 450.000 euroz hornituta dago. Etxebizitzaren arloan laguntzeko programak hileroko dirulaguntzak ematen ditu merkatu libreko zein babes ofizialeko etxebizitza baten alokairua ordaintzen laguntzeko.

Eskaerak urte osoan zehar egin daitezke Auzo Unitateen bitartez. Dirulaguntzen helburua da aldi baterako erantzuna ematea etxebizitza arloan premia handia eduki eta egoera sozioekonomiko zein familiar kaxkarretan Iruñean bizi diren familiei. Dirulaguntzen bidez familien baliabideak osatu nahi dira, alokairu osoaren ordainketari aurre egiteari begira.

Alokairua ordaintzeko dirulaguntza osagarriak

Horrela, diruz laguntzen die, alokairua hein batean ordain dezaten, etxebizitza bat eskuratzeko edo mantentzeko zailtasunak dituzten eta krisi sozioekonomikoko egoeran dauden familia-unitateei, infraetxeetan edo etxebizitza desegoki batean bizi direnei, edo aterpe-premia dutenendako udal-etxebizitzetan gehieneko epea (hiru urte) agortu dutenei.

Deialdian parte hartzen duten familiek gizarte eta hezkuntza proiektu zabalago batean sartzeko konpromisoa hartu dute, etxebizitza bat bere kabuz eskuratu eta mantentzeko gaitasuna eta autonomia lor dezaten gutxienez sei hilabete eta gehienez bi urteko epean. Hortaz, bilatu nahi da bertan parte hartzen duten familien egoera hobetzea etxebizitzari dagokionez, eta ez laguntza-ekonomiko hutsa ematea. Familiak programan irauteko denbora familiaren beharren arabera eta Balorazio Batzorde Teknikoaren iritziaren arabera zehaztuko da, Udalaren gizarte-zerbitzuek egindako txostenekin bat. Kasu berezietan izan ezik, ez da bi urte baino gehiagokoa izanen.

Lehentasuna adingabeak dituzten familiendako eta aurreko urtean programan zirenendako

Familia-unitate onuradunek jaso beharreko zenbatekoak familiaren azken sei hilabeteetako per capita diru-sarreren arabera kalkulatuko dira. Laguntzak baldintzak betetzen dituzten eskabideak aurkeztu ahala emanen dira baina lehentasuna adingabeak dituzten familiek izanen dute. Halaber, lehentasuna emanen zaie 2020. urtean dirulaguntza hau jaso zuten pertsonei, jada abiaturik dauden esku-hartzeei jarraipena emate aldera.

Gehienez ere, laguntzek etxebizitzaren hileko alokairuaren % 70 joko dute, eta gutxienez haren % 50, hori guztia familien per capita diru-sarreren arabera. Hilean 220 euroko per capita errentara iristen ez diren familiek % 70eko dirulaguntza jasoko dute, hilean 220 eta 240 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten familiek % 65, 240 eta 260 euro bitarte, % 55, eta hileko 280tik gorako diru-sarrerak dituztenek % 50ekoa.

Dirulaguntzak eskuratzeko betekizunak

Laguntza hauek eska ditzakete bizitoki duten etxebizitzaren alokairuan laguntzeko premia-egoeran dauden pertsonek eta familiek eta aurretik beste laguntza batzuk eskatu dituztenek, laguntza hori osagarria baita. Programa honetan artatzen dira infraetxeetan (etxoletan), baldintza desegokietan dauden etxebizitzetan (osasungarritasunik eza, aurri partziala...) edo etxerik gabe (ostatuetan, kalean, etab.) edo pilaturik bizi diren familiak. Horrez gain, adingabeak beren kargura izanik etxegabetze-egoeran dauden familiak aintzat hartuko dira; baita beste kasu batzuetan daudenak ere, betiere babes ofizialeko etxebizitza batean bizi diren familiak, haien egoera ekonomikoak okerrera egin badu, kontratua eta dagokion dirulaguntza berraztertu arte. Azkenik, etxebizitza libre batean alokairuan egoteko eta hura galtzeko arriskuaren aukera jasotzen da.

Halaber, onuradunek gizarte- zein hezkuntza-laguntzarako eta/edo gizarteratu zein lanera bideratzeko programetan parte hartu beharko dute, direla Udalaren Gizarte Zerbitzuenak, direla horiei atxikirik dauden gizarte-ekimeneko entitateenak; eta programari atxikitzeko konpromisoa hartu beharko dute Iruñeko Udalarekin, aldez aurretik familiak, auzo-unitateko gizarte-langileak eta berariazko programetako arduradunak jorratu eta adostuta. Edonola ere, interesdunek Iruñean erroldaturik egon beharko dute, gutxienez 6 hilabete lehenagotik; eta eskaera egiten duten momentuan etxe baten jabe direnek, edo azken bost urteetan etxe bat eskualdatu dutenek, ezin izanen dute jaso laguntzarik.

¿Te ha sido útil esta página?