
Iruñeko Udalak laguntza-deialdia egin du, 45.000 euroz hornituta, euskara ikastea eta hobetzea sustatzeko hirian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako biztanleen artean. Kopuru horrek aurtengo ikasturtean zehar egindako ikastaroak eta udan hainbat modalitatetan eginen direnak diruz laguntzeko balioko du.
Laguntzek ezinen dute jo egindako gastuaren % 80 baino gehiago eta honako ikastaro hauek egiteko eskatzen ahalko dira: estentsiboak, trinkoak, onlinekoak, autoikaskuntza tutorizatukoak eta barnetegiak. Aurreikusitako edozein modalitatetan eskatuko da prestakuntza honako ikastetxe hauetako batek ematea: euskararen irakaskuntzako zentro ofizialek, unibertsitateek, Nafarroako Gobernuaren Erregistroan izena emana duten helduentzako irakaskuntza eskaini eta diruz lagunduta dauden ikastegiek, HABE erakundeak homologatutako ikastegiek, eta AEK-k, IKA-k, Bai&By-k edo Zubiarte Euskaltegiak.
Dirulaguntzak eskatzeko epea ekainaren 2ra arte egonen da zabalik 2021eko urritik eta 2022ko ekainera bitarte egindako ikastaroen kasuan. Horretarako, Udalak 35.000 euro bideratuko ditu. Bestalde, udako hilabeteetako prestakuntzarako 10.000 euro erreserbatu dira, eta eskaerak abuztuaren 30etik irailaren 30era bitarte aurkezten ahalko dira. Bi kasuetan, eskatzaile bakoitzak jasotzen ahalko duen kopuruak ezinen ditu 500 euroak gainditu egindako ikastaro bakoitzeko, 1.400euroko muga ezin izanen du gainditu hiru prestakuntza egiteagatik eta, gehiago izatekotan, muga 4.000 eurokoa izanen da. Ez da inolaz ere egindako gastuaren % 80 baino gehiago diruz lagunduko.
Betekizunak
Dirulaguntza horiek eskatzeko nahitaezkoa da Iruñean erroldatuta egotea ikastaroaren hasieratik eta horrek irauten duen bitartean, bai eta 16 urtetik gorakoa izatea ere edo 16 urte betetzea 2022 urtean. Gainera, eskatzaileek egiaztatu beharko dute gutxienez egindako ikastaroaren ikastorduen % 75era bertaratu direla.
Onlineko ikastaroetan, bertaratzea maila bakoitzerako zehaztutako ordu kopuruaren arabera kalkulatuko da. Zentzu horretan, A1 ikastaroetan 125 orduren % 75 kalkulatuko da; A2 ikastaroetan, 200 orduren % 75; B1eko ikasleendako, 250 orduren % 75; eta B2koendako 350 orduren % 75. C1 eta C2 mailetako ikasleen kasuan kalkulua 400 eta 200 orduri dagokienez eginen da, hurrenez hurren. Dena den, kalkulu horiek proportzioan aplikatuko dira maila oso batetik beherako ibilbide bat kontratatu den kasuetan.
Eskaerak, modalitate bakoitzerako ezarritako epeen barruan, honako toki hauetan aurkeztu beharko dira: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia, Kale Nagusia 2, behea), Iruñeko Udalaren edozein erregistro osagarritan eta legean aurreikusitako beste edozeinetan. Laguntzak norgehiagokako araubidean adjudikatuko dira, aurreikusitako kreditua agortu arte. Aurreikusitako bi aukeretako batean geldikinik balego dirulaguntzak eman ondoren, soberan dagoen kopurua beste modalitatearen aurrekontuari gehituko zaio.