
Iruñeko Udalak 45.000 euroko hornidura duen dirulaguntza-deialdi bat egin du, euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroetan parte hartzea sustatzeko. Laguntza horiek 16 urtetik gorako erroldatuei zuzenduta daude bi garaitan egindako ikastaroetarako: 2022ko urritik 2023ko ekainera, eta udan zehar 2023ko irailaren 30era arte egindakoetarako.
Laguntzek, gehienez ere, egindako gastuaren % 80 estaliko dute eta ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta online- eta autoikaskuntza-ikastaroak barne hartzen dituzte. Ikastaro horiek honako ikastetxe hauetako batek antolatu behar ditu: euskararen irakaskuntzako zentro ofizialek, AEK-k, IKA-k, Bai&By-k edo Zubiarte Euskaltegiak, Nafarroako Gobernuaren Erregistroan izena emana duten helduentzako irakaskuntza eskaini eta diruz lagunduta dauden ikastegiek, unibertsitateek eta HABE erakundeak homologatutako ikastegiek.
2022ko urritik 2023ko ekainera bitarte egindako ikastaroetarako eskaerak egiteko epea maiatzaren 1etik ekainaren 1era bitartekoa da aurten. Modalitate horretarako, Udalak 39.000 euro bideratuko ditu. Udako ikastaroetarako eskaerak egiteko epea abuztuaren 29tik irailaren 29ra bitartekoa da eta 6.000 euro bideratutako dira horietara. Bi kasuetan, eskatzaile bakoitzak jasotzen ahalko duen kopuruak ezin izanen ditu 500 euro gainditu egindako ikastaro bakoitzeko, hiru ikastaro eginez gero gehieneko muga 1.400 eurokoa izanen da,eta, hiru baino gehiago egitekotan, muga 4.000 eurokoa izanen da. Eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, egindako gastuaren % 80 jasoko du, dituen diru-sarreren eta ikastarora bertaratzen den egunen arabera.
Hauek dira diruz lagundutako gastuak: ikastaroaren matrikularen zenbatekoa eta barnetegi bateko instalazioetan egindako egonaldiaren zenbatekoa. Ez dira horien barnean sartzen: azterketa-tasak, liburuak eta beste edozein material didaktiko, ez eta ikastegira egindako joan-etorriek eragindako gastuak ere. Gastu horiek 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailera bitarteko aldian egin beharko dira.
Betekizunak
Dirulaguntza horiek eskatzeko 16 urte baino gehiago behar dira, edo aurten bete behar dira 16 urteak, eta Iruñean erroldatuta egon behar da ikastaroa hasten denetik hura bukatu arte. Betekizun hori ikastaroak irauten duen bitartean mantendu ezean, laguntza proportzionalki murriztuko da. Gainera, gutxienez, ikastaroko ikastorduen % 75era bertaratu behar da.
Online ikastaroetako bertaratzea kalkulatzeko, maila bakoitzerako ezarritako ordu kopuruaren arabera ezarriko da ehunekoa. Ordu kopuruak honako hauek dira: 125 ordu A1 mailako ikastaroetan; 200 ordu A2 mailako ikastaroetan; 250 ordu B1 mailako ikastaroetan; 350 ordu B2 mailako ikastaroetan; 400 ordu C1 mailako ikastaroetan, eta 200 ordu C2 mailako ikastaroetan. Ordu gutxiago egin ezkero, kalkulu proportzionala eginen da.
Eskaerak modalitate bakoitzerako ezarritako epeen barruan aurkeztu behar dira, honako toki hauetan: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia, Kale Nagusia 2, behea), Iruñeko Udalaren edozein erregistro osagarritan eta legean aurreikusitako beste edozeinetan. Laguntzak norgehiagokako araubidean adjudikatuko dira, aurreikusitako kreditua agortu arte. Dirulaguntzak eman ondoren,bi aukeretako batean geldikinik balego, zenbateko hori beste modalitateko aurrekontuari gehituko zaio.
Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunek Udaleko Euskara Zerbitzura jotzen ahal dute, euskarazerbitzua@pamplona.es posta elektronikoaren edo 948 420 979 telefonoaren bidez.
EPEAK ETA LAGUNTZAK
- A modalitatea: 2022ko urritik 2023ko ekainera bitarte egindako ikastaroak
o Eskabideak aurkezteko epea: 2023ko maiatzaren 1etik ekainaren 1era
- B modalitatea: 2023ko udan egindako ikastaroak (irailaren 30era bitarte)
o Eskabideak aurkezteko epea: Abuztuak 29 - Irailak 29
- Gehieneko dirulaguntza, egindako gastuaren % 80 izanen da eskatzaile bakoitzeko:
o Gehienez ere hiru ikastaro egiteagatik: 500 euro ikastaroko, gehienez 1.400 eskatzaile bakoitzeko
o 3 ikastaro baino gehiago egiteagatik: 500 euro ikastaro bakoitzeko, gehienez 4.000 eskatzaile bakoitzeko
- Argibide gehiago Udaleko Euskara Zerbitzuan
o Helbide elektronikoa: euskarazerbitzua@pamplona.es
o Telefonoa: 948 420 979