Iruñeko Udalak 44 bizikleta eman dizkie Valentziako agintariei, GOIDIaren kalteak jasan dituzten herrietako kaleetan mugikortasuna errazteko; izan ere, bizilagun askok eta askok ibilgailuak galdu dituzte. Hala, hiriak bat egiten du Estatu osoko hainbat ziklisten kolektibo, erakunde eta udaltzainen ekimenarekin; izan ere, horiek guztiek bizikletak bidali dizkiete bizilagunei eta eremura boluntario gisa joan diren pertsona guztiei.
Asteburu honetan Iruñeko Udalak bidalitako 44 bizikleta iritsi dira Valentziara, kamioi batek abenduaren 5ean, ostegunarekin, jaso ondoren. Kamioi horrek kargatu ditu Nafarroa osoan helburu horrekin bidalitako bizikleta oro. Iruñeak bidalitako bizikletak udal garabi-zerbitzuak urtero hiriko kaleetatik erretiratzen dituen 200 bizikleta baino gehiagoren parte dira. Bizikleta bakoitzak 3 eta 6 hilabete artean igaro behar ditu gordailuan, herritarrek erreklamatzeko denbora izateko.
Hain zuzen ere, 44 bizikleta horiek uda aurretik konpondu zituzten Iruñeko Udaleko enplegu sozialeko ‘Birzikletatu’ proiektuari esker; ‘Birzikletatu’ proiektua enplegagarritasun zaileko profila dutenen gaikuntza profesionalerako ekimen bat da, eta 2025ean abiatuko da berriz.
Azaroaren 20tik aurrera, Buztintxuriko ‘Birzikletatu’ lantegiko hiru boluntario ibilgailuak martxan jartzen aritu dira. Besteak beste, bizikleten sistemak (frenatze- eta transmisio-sistemak) berrikusi dituzte, ganberak, hagunak eta erradioak egiaztatu dituzte eta narriatutako elementuak ordeztu dituzte. Azkenik, ibilgailuak doitzen aritu dira bidali aurretik.