Iruñeko Udalak 405.954 euro eman zituen iaz, laguntza gisara, krisian edo infraetxeetan bizi ziren 161 familiak alokairua ordaindu zezaten Laguntzak Etxebizitzaren aldeko programan txertatuta zeuden, 450.000 diru-zuzkiduraz, Maria Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Gizarte Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak gaur Herritarren Aferen Batzordean azaldu duen bezala.
Aurtengo deialdia 4. NAOn argitaratu zen, urtarrilaren 8koan. Eskaerak urte osoan zehar egin daitezke Auzo Unitateen bitartez. Dirulaguntzen helburua da aldi baterako erantzuna ematea etxebizitza arloan premia handia eduki eta egoera sozioekonomiko zein familiar kaxkarretan Iruñean bizi diren familiei. Dirulaguntzen bidez familien baliabideak osatu nahi dira, alokairu osoaren ordainketari aurre egiteari begira.
Deialdiak galdatzen dituen betekizunetako bat da familia parte-hartzaileek konpromisoa hartzea gizarte- eta hezkuntza-proiektu zabalago batean txertatzeko, etxebizitza bat mantentzeko gaitasuna eta autonomia lortzeari begira. Hortaz, bilatu nahi da bertan parte hartzen duten familien egoera hobetzea etxebizitzari dagokionez, eta ez laguntza-ekonomiko hutsa ematea.
Udalaren gizarte- eta hezkuntza programetan zein laneratze eta gizarteratzekoetan parte hartzea
Onuradunek parte hartzen dute Iruñeko Udaleko gizarte-zerbitzuek edota haiei lotutako gizarte-ekimeneko entitateek antolatutako programetan, gizarte- eta hezkuntza arloan lagun egiteko eta gizarteratzeko zein laneratzeko. Familiak programan irauteko denbora familiaren beharren eta gizarte-zerbitzuek emandako txostenen araberakoa izanen da. Kasu berezietan izan ezik, ez da bi urte baino gehiagokoa izanen.
Etxebizitzaren arloan laguntzeko programak hileroko dirulaguntzak ematen ditu merkatu libreko zein babes ofizialeko etxebizitza baten alokairua ordaintzen laguntzeko. Horrela, diruz laguntzen die, alokairua hein batean ordain dezaten, etxebizitza bat eskuratzeko edo mantentzeko zailtasunak dituzten eta krisi sozioekonomikoko egoeran dauden familia-unitateei, infraetxeetan edo etxebizitza desegoki batean bizi direnei, edo aterpe-premia dutenendako udal-etxebizitzetan gehieneko epea (hiru urte) agortu dutenei.
Aurtengo deialdiaren ezaugarriak
Aurtengo deialdiaren oinarriek jasotzen dutenaren arabera, lehentasuna edukiko dute adingabeak dituzten familiek eta iaz laguntza ekonomiko hau jaso zutenek. Laguntzek ezin izanen dute gainditu etxebizitzaren alokairuaren % 70, eta gutxienez haren % 50 joko dute, hori guztia familien per capita diru-sarreren arabera. Hilean 220 euroko per capita errentara iristen ez diren familiek % 70eko dirulaguntza jasoko dute, hilean 220 eta 240 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten familiek % 65, 240 eta 260 euro bitarte, % 55, eta hileko 280tik gorako diru-sarrerak dituztenek % 50ekoa.
Laguntza hauek eska ditzakete bizitoki duten etxebizitzaren alokairuan laguntzeko premia-egoeran dauden pertsonek eta familiek eta aurretik beste laguntza batzuk eskatu dituztenek, laguntza hori osagarria baita. Programa honetan artatzen dira infraetxeetan (etxoletan), baldintza desegokietan dauden etxebizitzetan (osasungarritasunik eza, aurri partziala...) edo etxerik gabe (ostatuetan, kalean, etab.) edo pilaturik bizi diren familiak. Horrez gain, adingabeak beren kargura izanik etxegabetze-egoeran dauden familiak aintzat hartuko dira; baita beste kasu batzuetan daudenak ere, betiere babes ofizialeko etxebizitza batean bizi diren familiak, haien egoera ekonomikoak okerrera egin badu, kontratua eta dagokion dirulaguntza berraztertu arte. Azkenik, etxebizitza libre batean alokairuan egoteko eta hura galtzeko arriskuaren aukera jasotzen da.
Interesdunek Iruñean erroldaturik egon beharko dute, gutxienez 6 hilabete lehenagotik, eta ezin izanen dira etxe baten jabe izan eskaera egiten duten momentuan, ezta azken bost urteetan etxe bat eskualdatu izana ere. Ez zaie laguntzarik emanen etxebizitzako logelak berralokatzen dituztenei.