Iruñeko Udalak 4.000 faroltxo biodegradagarri banatuko ditu azkenean azaroaren 29an, San Saturnino Egunean, zerua argitzeko

Iruñeko Udalak 4.000 faroltxo biodegradagarri banatuko ditu azkenean azaroaren 29an, San Saturnino Egunean, zerua argitzeko
Doan jasotzen ahalko dira egun horretan Turismo Bulegoan, Kondestablen eta Udaletxean bertan, 16:00etatik aurrera, 16 urtetik gora izanez gero

Iruñeko Udalak 4.000ra handituko du azaroaren 29an, asteazkenarekin, San Saturnino Egunarekin bat eginez, banatuko dituen argizko faroltxoen kopurua, herritarrek hiriarendako dituzten desioak zerura botatzeko askatze kolektibo bat egiteko xedez. Ekintza hori Udalak Iruñearen Eguna dela eta antolatu dituen ekitaldien parte da eta Iruñearekin senidetuta dagoen Baionari (Frantzia) keinu bat da, urtero antzeko moduan faroltxoak askatuta Eguberriko festei hasiera ematen baitie.

Faroltxoak askatzeko ekitaldia 19:00etan eginen da Gaztelugibelen, autobus-geltokiaren ondoko zelaigunean. Ekitaldi horretan parte hartzeko interesa dutenek faroltxoak doan jasotzen ahalko dituzte egun horretan bertan (hilak 29), 16:00etatik 17:30era. Horretarako, Udalak hiru gune gaitu ditu. Zehazki, eskuragarri egonen dira Turismo Bulegoan (San San Saturnino kalea 2), Kondestablearen jauregian (Kale Nagusia 2) eta Udaletxean bertan, Done Jakue plazan dagoen atzeko atean.

Faroltxoak soilik 16 urtetik gorakoei emanen zaizkie; faroltxo bana pertsona bakoitzeko. Argibide guztiak eta dagozkion eguneraketak Udalaren WhatsAppeko kanalean jarraitzen ahalko dira. Interesdunek doako informazio sistema horretan alta ematen ahal dute gaztelaniaz zein euskaraz.

Faroltxoak egun horretan bertan aireratuko dira, Udaletxeko ezkaratzeko jaiotza inauguratzeko ekitaldia –17:30etan izanen da– eta Eguberrietako argiak pizteko ekitaldia –18:00etan– egin ondoren; Pamplonistas Udalaren boluntarioendako programako kideak arduratuko dira argiak pizteaz. Nolanahi ere, faroltxoen ikuskizun hori eguraldiak baldintzatuko du, hala euriak nola haizeak, bertaratzen direnen eta hiriaren beraren segurtasuna bermatu ahal izateko. Faroltxo biodegradagarriak badira ere, ekitaldia amaitutakoan, garbiketa-talde berezi bat jarriko da hirian erortzen diren faroltxoak erretiratzeko.

¿Te ha sido útil esta página?