Iruñeko Udalak 388.000 euro inbertitu ditu sanferminetako agertokiak jartzeko Gazteluko plazan, Nafarroako Foruen plazan, Compañía plazan eta Sarasate pasealekuan

Iruñeko Udalak 388.000 euro inbertitu ditu sanferminetako agertokiak jartzeko Gazteluko plazan, Nafarroako Foruen plazan, Compañía plazan eta Sarasate pasealekuan
Interesa duten enpresek agertoki bat edo batzuk jartzen ahalko dituzte, eta behar den bezala utzi beharko dituzte uztailaren 20a baino lehen
Escenario


Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gehienez ere 388.279,32 euro inbertitzea adostu du hiriko lau gune enblematikotan sanferminetako agertokiak jartzeko. Hauek dira lau gune horiek: Gazteluko plaza, Nafarroako Foruen plaza, Compañía plaza eta Sarasate pasealekua. Gune horietan sanferminetako kontzertuak eta ikuskizunak eskaintzen dira. 

Onetsitako kontratuak lau gune horietara egokitutako azpiegitura eszenikoen hornidura eta instalazioa barne hartzen ditu, baita beste elementu osagarri batzuena ere (soinua eta argiztapena, besteak beste). Uztailaren 1ean hasiko dira guneak prest jartzen, eta jaiak ospatu ondoren, behar bezala utzi beharko dituzte uztailaren 20a baino lehen. 

Gazteluko plazakoa izanen da agertokirik handiena: Espainiako estatuan ezagunak diren artisten kontzertuak eskainiko dira gauez, uztailaren 6tik 13ra bitarte; horrez gain, beste bi kontzerturen agertoki izanen da: bata jaiak hasi baino lehen izanen da, uztailaren 5ean; bestea, berriz, uztailaren 14an, arratsaldez. Gazte eremua, beste urte batez, Nafarroako Foruen plazan jarriko dute, arratsaldez; Plaza horretan bertan, DJek kontzertuak emanen dituzte, gauez. Horrez gain, enpresa adjudikaziodunak uztailaren 6an eginen diren herri-kirolak eta dantzak sonorizatu beharko ditu. Compañía plazan arratsaldez eta gauez eginen dira kontzertuak, eta Sarasate pasealekuan, berriz, askotariko emanaldiak eskainiko dira goizez eta arratsaldez. Gainera, Compañía plazan izan ezik, uztailaren 6ko txupinazoa gune guzti horietan zuzenean emanen dute; horrenbestez, enpresa adjudikaziodunek txupinazoa ikusteko modua egin beharko dute agertoki horietan. 

Gune bakoitzaren ezaugarri teknikoen eta tamainaren araberakoa izanen da agertoki bakoitzari eman zaion lizitazioaren zenbatekoa. Gazteluko Plazakoak 170.319,60 euro jasoko ditu; Foruen plazakoak, berriz, 149.338,20 euro. Compañíako agertokiak 40.852,02 euro eskuratuko ditu, eta Sarasate pasealekukoak, 27.769,50 euro. 

Sorten araberako adjudikazioa
Udalak lau sorta ezarri ditu, agertoki bakoitzeko bat. Enpresa bakoitzak agertoki bat edo batzuk jartzeko aukera izanen du. Kontratua adjudikatzeko, hainbat alderdi hartuko dira kontuan, hala kuantitatiboak nola kualitatiboak.

Gazteluko plazako agertokiaren kasuan, irizpide kualitatiboak 30 punturekin baloratuko dira, eta hauxe izanen da kontuan: muntaketa-lanek oinezkoengan, bizilagunengan, plazan egiten diren ohiko zerbitzuetan, zuhaitzetan eta zoladuran duten eragina. Beste 70 puntuak irizpide kuantitatiboekin daude lotuta:  eskaintza ekonomikoa 35 punturekin baloratuko da, eta 10 puntu bitarte jasotzen ahalko dituzte gizarteratze-enpresa bat edo enpleguko zentro berezi bat azpikontratatzen badute. Hobekuntza teknikoren bat eginez gero, 10 puntu eskuratuko dituzte; besteak beste bozgorailuetan, lurreko monitoreetan eta fokuetan egiten ahalko dituzte hobekuntza horiek. Beste 15 puntu lortuko dituzte azpiegiturekin lotutako materiala eta material teknikoa erabilgarri badituzte.

Foruen plazako agertokiaren kasuan, 40 puntu irizpide kualitatiboekin baloratuko dira: besteak beste, DJaren kabina diseinatzeko proposamena (10 puntu), agertokiaren apainketa eta efektuak sortzeko elementuak (10 puntu) eta muntaketa-lanek plazako ibilgailuen zirkulazioan, oinezkoengan, zuhaitzetan, zoladuran, petrilean eta hiri-altzarietan duten eragina (20 puntu). Gainerako 60 puntuak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat: eskaintza ekonomikoa (30 puntu), irizpide sozialak (10 puntu), material teknikoa erabilgarri izatea (15 puntu) eta eskaintza teknikoa hobetzeko irizpideekin bat eginez, agertokian led pantaila bat jartzea (5 puntu).

Compañía plazako agertokia adjudikatzeko, irizpide kualitatiboak 25 punturekin baloratuko dira: muntaketa-lanek bizilagunengan, oinezkoengan eta zoladuran duten eragina (15 puntu), eta agertokiaren oihal atzeko zatiaren egokitzapena (10 puntu). Beste 75 puntuak irizpide kuantitatiboekin daude lotuta: eskaintza ekonomikoa (40 puntu), irizpide sozialak (10 puntu), azpiegituren materiala eta material teknikoa erabilgarri izatea (15 puntu) eta 10 puntu beste hobekuntza batzuk martxan jartzeagatik (besteak beste, led pantaila jartzea).

Sarasate pasealekuko agertokiaren kasuan, irizpide kualitatiboak 25 punturekin baloratuko dituzte, eta muntaketa-lanen eraginarekin egonen dira lotuta. Beste 75 puntuak irizpide kuantitatiboekin baloratuko dituzte: eskaintza ekonomikoa (40 puntu), irizpide sozialak (10 puntu), azpiegiturak erabilgarri izatea (15 puntu), eta eskaintzaren hobekuntza, hau da, aire girotua jartzea eta agertokiaren oihal atzeko zatian itzalgune bat sortzea (10 puntu).

¿Te ha sido útil esta página?