Iruñeko Udalak 308.500 euro bideratuko ditu 2023-2024ko denboraldian kirol jarduera iraunkorrak finantzatzeko

Iruñeko Udalak 308.500 euro bideratuko ditu 2023-2024ko denboraldian kirol jarduera iraunkorrak finantzatzeko
Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emanen zaizkie deialdian parte hartzen duten irabazi asmorik gabeko kirolaren zein ariketa fisikoaren arloko entitateei

Deporte


Iruñeko Udalak 2023-2024ko denboraldian eginen diren kirol jarduera iraunkorrak finantzatzeko dirulaguntza deialdi bat argitaratu du, guztira 308.500 euro joko duena. Laguntzak irabazi asmorik gabeko kirolaren zein jarduera fisikoaren arloko entitateei zuzenduta daude eta norgehiagokako araubidean banatuko dira eskatzaileen artean. Deialdiaren oinarriak osorik kontsultatzen ahal dira udal webgunean. Eskaerak aurkezteko epea baldintzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren egunaren araberakoa izanen bada ere, interesa duten erakundeek beren proposamenak Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkezteko aukera izanen dute datorren astetik aurrera, eta zenbaketa orokorra egitean  denak baldintza berberetan kontuan hartuko dira.

Laguntza horiek jarduera iraunkorren kostuak ordaintzeko pentsatuta daude. Horretarako, honako baldintza hauek bete behar dituzte: iraupena zortzi hilabete edo gehiagokoa eta urte bat baino gutxiagokoa izatea; kirol izaerakoa izatea eta batez ere aisialdikoa izatea; federazio arloko esparru instituzional batean edo hortik kanpo egina izatea, eta jende orori zuzendua izatea. Gainera, jarduerak Iruñeko herritarrei zabalik egon behar dute eta Iruñeko udal-mugarteko kirol-eremu batean egin behar dira 2023ko irailetik 2024ko ekainera bitartean. Entitate eskatzaileek honako hauek bete behar dituzte: legearekin bat eraturik eta dagokien erregistroan izena emanda egotea, egoitza soziala nahiz zerga-egoitza Iruñean edukitzea, estatutuak indarrean izatea eta irabazi asmorik gabekoak izatea. 

Laguntzen zenbatekoak jardueraren aurrekontuaren defizitaren % 100 estaliko du, muga desberdinak ezartzen badira ere. Zehazki, kirola sustatzeko jardueren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak 30.000 euro izanen da fundazio pribatuek antolatutako jardueretarako eta 19.500 euro beste entitateendako. Federatu gabeko kirol-liga edo txapelketetan, kirol-sustapeneko erakundeek antolatutako jarduera bakoitzeko laguntza 25.000 eurokoa izanen da gehienez ere. Kirol-entitateek antolatutako kirol-ikastaroetarako zenbatekoa parte-hartzaileen kopuruaren araberakoa izanen da. Hori horrela, 1.000tik gora badira, laguntza 180.000 eurorainokoa izaten ahalko da; 200etik gora badira, dirulaguntza, gehienez ere, 49.000 eurokoa izanen da, eta 200 baino gutxiago badira, gehieneko zenbatekoa 2.250 euro izanen da. 

Balorazioa

Laguntzen eskaerarekin batera, entitate eskatzaileek ekitaldiak antolatu eta egin direla egiaztatzen duten agiri batzuk aurkeztu beharko dituzte. Zehazki, proiektuaren eta aurkeztutako ekintzaren edo jardueraren deskribapen-memoria eta haren aurrekontua atxiki beharko dituzte.

Laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, hainbat alderdi kontuan hartuta. Alde batetik, jardueraren lehentasun maila baloratuko da Udalaren interesen arabera. Baina, berdintasuneko ekintzak ere kontuan hartuko dira, hala nola proba edo lehiaketa mistoak txertatzea, edo sexua dela eta kirol edo jarduera horretan tradizionalki azpi-ordezkaturik egon direnei zuzendutako marketin estrategia orokor bat izatea, edo edozein adinetako emakumeendako kirola sustatzen duten proiektuak izatea. Laguntzak ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da.

 

¿Te ha sido útil esta página?