
Iradokizun eta Erreklamazioen Batzordea gaur (astelehena) bildu da Iruñeko Udalak 2026ko bigarren hiruhilekoan jasotako abisuen, kexen eta iradokizunen datuak ezagutzeko. Apiriletik ekainera bitarte 2.884 abisu jaso ziren eta horien harira, hainbat udal-alorretara bideratu ziren 3.117 izapidetze edo abisu sortu ziren, iazko epe berean baino 192 gehiago. Izan ere, baliteke abisu berak alor baten baino gehiagoren esku-hartzea edo erantzuna behar izatea. Izapidetutako 3.117 abisuetatik 3.065 erantzun dira, kopuru osoaren % 98,33. Udal-webguneko postontziaren bidez 907 erregistro jaso ziren (% 31,45) eta 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan, 1.977 (% 68,55).
Alorren arabera, Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrak 1.866 ohar jaso ditu, iaz baino 203 gehiago; horren atzetik, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrak 664 erregistratu ditu, 2025an baino 26 gehiago. Gora egin dute Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorrak jasotako oharrek: 139 izan dira aurten, iaz, berriz, 103. Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorrak 130 abisu, kexa edo iradokizun jaso ditu, iaz baino 17 gutxiago, eta Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendakoak, 129, 2025ean baino 24 gutxiago.
Oharren gaiei dagokienez, ehunekorik handienak bi gai hauei buruzkoak dira: zuhaitzen, parkeen eta lorategien mantentze-lanak (601, guztizkoaren % 20,84) eta argibideak eskatzea eta beste abisu, kexa eta iradokizun batzuk (585, guztizkoaren % 20,28). Horien atzetik daude bide publikoaren garbiketarekin lotutakoak (362, guztizkoaren % 12,46) eta hiri-altzarien, zakarrontzien, eserlekuen eta iturrien mantentze-lanekin lotutakoak (258, guztizkoaren % 8,95).
Auzoen arabera banatuta, 370 kexa jaso dira Arrotxapean, 362, Zabalguneetan eta Beloson, 295, Txantrean eta Ezkaban eta 247, Donibanen. Kopururik txikiena Etxabakoitzen erregistratu da, 66 mezu besterik ez; Buztintxuri - Euntzetxikin, berriz, 70 jaso dira. Biztanleria kontuan hartuta, Alde Zaharrean 18,89 kexa aurkeztu dira mila biztanleko; Zabalguneetan eta Beloson, 16,79, Txantrean eta Ezkaban, 14,49 eta Sanduzelain, 14,21.
Jasotako ohar, kexa eta iradokizun guztiak kontuan hartuta, auzoen araberako ehunekoek adierazten dute Arrotxapea dela aktiboena (guztien % 13,64), ondoren Zabalguneak (% 13,34), Txantrea (% 10,87), Donibane (% 9,10) eta Iturrama (% 8,81).