Iruñeko Udalak 265 milioi euroko aurrekontua izanen du aurten, 2007tik handiena

Iruñeko Udalak 265 milioi euroko aurrekontua izanen du aurten, 2007tik handiena
Udal gobernuak (EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta PSNk hitzarmen politiko bat sinatu dute aurrekontua, Hirigintzako Gerentziaren eta Haur Eskolen kontuak eta plantilla organikoa onesteko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeak onetsitako aurrekontua izanen du 2024rako, bi urtez kontu luzatuekin egon eta gero. 265 milioi euro joko du, iaz baino % 32 gehiago eta 2021an onetsitako azken aurrekontuak baino % 12 gehiago, gaur goizean gobernu-taldeak (EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta PSNk sinatutako hitzarmen politikoaren ondoren. 2007az geroztik zenbateko handiena duen aurrekontua da, ordukoa 270 milioikoa izan baitzen; eta handiena 2012an Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea onartu zenetik. Udalaren aurrekontuaz gain, hitzarmenak plantilla organikoa eta Hirigintza Gerentziaren (10,22 milioi) eta Haur Eskolen erakunde autonomoaren (13,91 milioi) kontuak barne hartzen ditu.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak (EH Bildu), Koldo Martinez eta Txema Mauleón Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako bozeramaileek eta Marina Curiel Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeko bozeramaileak gaur goizean sinatu dute Udaletxeko harrera-aretoan 2024ko aurrekontuak ahalbidetuko dituen hitzarmen politikoa. Sinatutako agiriak inbertsioak indartu eta hobetzen ditu, honako esparru hauetan bereziki: Auzoen Plana, giza eskubideak, hezkuntza, energia-trantsizioa, kultura, kirolak, sustapen-ekonomikoa eta etxebizitza.

Inbertsioen zenbatekoak 64 milioi euro joko du, eta bi epetan gauzatuko da. Lehen zatia, 29 milioi euroz hornituta, aurrekontuaren onespenari lotuta dago eta martxoaren amaierarako aurreikusita. 29 milioi horietatik, 10,5 aurreko ekitaldietan konprometitutako gastuei dagozkie eta 18,5 inbertsio berrietarako izanen dira. Bigarren epean (maiatza), diruzaintzako geldikinei lotuta, hainbat proiektutan 35 milioi euro inbertitzea aurreikusten da.

Sozialistak Udal Taldearen 3,7 milioi euroko zuzenketak 
Gaur goizean sinatutako akordioak Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeak aurkeztuko dituen zuzenketa partzialak finantzatzeko 3,7 milioi euroko kredituak gaitzeko konpromisoa jasotzen du, bai aurrekontuen kontura, bai soberakinak sartzeko eginen den aurrekontu-aldaketaren kontura. Horren truke, gobernu-taldeak eta PSNk konpromisoa hartzen dute aldez aurretik adostutako zuzenketa guztien aldeko botoa emateko, bai eta beraiek onetsi ez dituzten zuzenketa guztien aurkako botoa emateko ere, salbu eta aho batez beste bozketa bat egitea erabakitzen bada. Halaber, Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeak beste edozein udal-taldek aurkeztu lezakeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko konpromisoa hartzen du, bai eta Aurrekontuen proiektuaren onespena erraztekoa ere.

Hitzarmenak, halaber, zehazten du, PSNk proposatutako zuzenketen aurrekontu-betearazpenetan, aldaketaren bat egonez gero, Sozialistak udal-taldearekin adostuta egin beharko dela. Bestalde, azpimarratzen da bi aldeek Nafarroako Parlamentuan proiektu bakoitzerako talde bakoitzak onetsi dituen zuzenketak betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

Gobernu-taldeak eta PSNk honako hau zehazten dute: aurrekontu-akordioak “pertsonen eta hiriaren beharrak politika publikoen erdigunean jartzea” xede duela, zerbitzu publikoak bermatu eta hedatzea eta “gizartearen gaitasun eta indar eraldatzailea sustatzea, inor atzean utziko ez duen berdintasunezko aurrerapen ekonomiko eta sozial komun baterantz aurrera egiteko”. "Azken batean, Iruña hiri oparoagoa, berritzaileagoa, pluralagoa eta solidarioagoa bihurtuko duten neurriak bultzatu nahi dira, herritarren gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko gai izanen den hiria"; hori adostu dute. 

Inbertsioak auzo behartsuenetan eta jarraipen batzordea
Zehatzago esanda, bai gobernu-taldeak bai PSNk konpromisoa hartzen dute auzo guztien artean berdinzaleagoa eta orekatuagoa den hiria sustatzeko, ekipamendu publiko gehiagorekin, bereziki premia gehien dituzten auzoetan, eta Nafarroako Gobernuarekin koordinatuta lan egiteko, 0-3 urteko zikloa homogeneizatuko duen kudeaketa-eredu berri bat ezartzeko eta, horrela, eskaintza publikoa, integrala, doakoa eta unibertsala bermatzeko, bai eta eskaintza handitzeko ere, berdintasun- eta ekitate-irizpideei jarraikiz.

Era berean, beharrezkotzat jotzen da eredu ekonomiko berri bateranzko trantsizioa bultzatzea, merkataritza bultzada-eragile gisa hartuta, jarduera ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren sorreraren alde eginen duen hiri erakargarri bat sustatuz.

Gainera, hiru hilean behin, aurrekontu-akordio honen jarraipen-batzordea bilduko da, dokumentuan jasotzen diren akordioak eta konpromisoak ezartzeko eta abian jartzeko prozesua kontrolatzeko, bai eta horien betetze-maila eta komunikazio-kudeaketa ebaluatzeko ere.

Akordioaren irismena eta egutegia: onespena martxoaren 26an
2024rako aurrekontuez gain, Udalaren 2024rako plantilla organikoa eta Hirigintzako Gerentziaren eta Haur Eskolen kontuak aurrera ateratzeko konpromisoa jasotzen du akordioak. Lehenengoari dagokionez, 10,22 milioi euro ingurukoa da; Haur Eskolei dagokienez, berriz, 13,91 milioi euro izanen dira, hau da, iaz baino % 31,5 gehiago.

Iruñeko Udalaren 2024rako aurrekontuak onesteko aurreikusitako egutegiari dagokionez, aurreikusten da martxoaren 11n (astehelena) onetsiko dela proiektua Tokiko Gobernu Batzarrean, eta jendaurrean aurkeztuko direla edukia, ildo estrategikoak eta inbertsioak. Hurrengo mugarria martxoaren 14an eta 15ean kokatzen da, aurtengo udal-kontuak aztertu eta eztabaidatzeko informazio-batzordeak deituko baitira orduan. Martxoaren 25ean, batzordeen irizpenak onetsiko dira, eta aurreikusten da martxoaren 26an, asteartea, Udalbatzak, ezohiko bilkuran, 2024ko aurrekontua onestea.

Udal-kudeaketako eredu berria
Joseba Asiron Iruñeko alkateak honela kalifikatu du akordio horren ondoriozko aurrekontua: "orekatua, hedakorra, asmo handikoa, non gastu soziala, proiektu handien sustapena eta hiriko azpiegiturak onbideratzeko eta berritzeko inbertsioak nagusitzen diren". "Aurrekontu hedakorrenak dira, gizarte-eskubideekiko konpromiso handiagoa dutenak, hiri finkatuaren berroneratzearekin anbizio handiagoa dutenak, auzoen premiak gehiago kontuan hartuko dituztenak, trantsizio ekologikoa eta energetikoa defendatuko dutenak eta etxebizitza eskuragarria bultzatuko dutenak".

Alkateak azpimarratu duenez, "negoziazioak giro onean egin dira, zintzotasunez, erantzukizunez, konpromisoz eta eskuzabaltasunez". "Lortutako akordioak, mugarria izateaz gain, desberdinen arteko akordioa posible dela erakusten du, betiere hiriaren eta herritarren interesak aurretik jartzen badira". "Zentsura-mozioa bultzatu zuen bizikidetza-ereduak, egungo gobernu-taldeak eta PSNk sostengatzen dutenak, bi hilabete eskasean lortu du Iruña azken urteetako paralisitik eta gelditasunetik ateratzea, bai eta udal-kudeaketa gauzatzeko beste eredu bat abian jartzea ere".

Iruñeko alkateak espero du "UPN eta PP eztabaidan inplikatzea, proposamen positiboak egitea eta aho batez onar daitezkeen kontuak aztertzeko gai izatea".
 

¿Te ha sido útil esta página?