Udaleko Lehendakaritza Batzordeak Arrosadiko Ilargienea zentro komunitarioa bisitatu du gaur (asteartea), hobetzeko obrak egin baitituzte bertan. Estalkia guztiz ordeztu dute itogin- eta iragazketa-arazoak zuzentzeko eta 200.000 euro inbertitu dira horretarako. Halaber, 8. aretoa berritu dute, eta 50.000 euro inguruko aurrekontuari esker, zoladura, sabaiak eta argiteria aldatu eta beste komun bat sortu da; aretoa hurrengo hilabeterako amaituta egonen da.
Estalkiko lanek lau hilabete iraun dute, eta dagoeneko amaituta daude. Zentroa Udalaren jabetzakoa da, eta hitzarmen baten bidez erabilera lagatzen die auzoko kolektiboei, beren gizartearekin eta auzoarekin lotutako lanak garatze aldera. Honako hauek izan dira egindako lanak: estalkia eraitsi eta desmuntatzea, estalkiko erremateak, teilatu-hodiak eta zorrotenak kentzea, estalkian zegoen karel perimetrala adreiluz emendatzea eta euri-uren saneamendu-sare horizontala instalatzea, erregistro-kutxatilak, hodi-kolektorea eta drainatzeko hodi-kolektorea barne.
Eraikina 1979an eraiki zen Blas de Laserna kaleko 61. zenbakiko beheko solairuan, Iruñean ireki ziren bost haur-eskoletako baten (Printzearen Harresi) egoitza izan zen eta 2014az geroztik zentro komunitarioa da. Estalkiko lanak Plitex Navarra enpresak gauzatu ditu, eta estalki berriari esker iragazketak konpondu dira. Barneko aretoa egokitzeko lanak UG estudio enpresak egin ditu. Lanak amaitu berri dira, eta aretoa dagoeneko prest dago otsailean ohiko jardunari ekiteko.
Zentro komunitarioa espazio publiko bat da, jardueraren bat egin nahi duen irabazi-asmorik gabeko pertsona eta entitateek parte hartzeko egokia; unean unekoak ala egonkorrak izaten ahal dira jarduerak, baldin eta auzo-bizitzan eraginik badute. Iruñean 26 lokal dituen 12 zentro komunitarioko sare bat dago, eta bi motatako jarduerak egiten dira: unean uneko jarduera espezifikoak eta urte osoan zehar astero programatzen diren jarduera egonkorrak.