Iruñeko Udalak 250.000 emanen dizkio aurten NICDOri lehen mailako kirol-ekitaldi eta ekitaldi kultural gehiago ekartzeko hirira

Iruñeko Udalak 250.000 emanen dizkio aurten NICDOri lehen mailako kirol-ekitaldi eta ekitaldi kultural gehiago ekartzeko hirira
Elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute Nafarroa Arenara eta Baluartera ekitaldiak ekartzeko eta ‘Punto de Vista’ eta ‘Iruña Beltza’ jaialdiak antolatzeko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko udalak 250.000 euro erabiliko ditu 2025ean lehen mailako kirol-ekitaldiak eta ekitaldi kulturalak hirira ekartzeko. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Ramón Urdiáin Esparza Nafarroak Kultura, Kirola eta Aisia Bultzatzen du SL (NICDO) enpresaren zuzendari kudeatzaileak elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute 2025ean Nafarroa Arena erabilera anitzeko pabiloian eta Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditoriumean ekitaldiak egin daitezen eta Punto de Vista eta Iruña Beltza jaialdiak antolatzeko, intereseko beste ekitaldi batzuekin batera.

Maider Beloki Unzu Kulturako zinegotziak eta Ramon Urdiáin Esparza NICDOko zuzendari kudeatzaileak prentsaurrekoan aurkeztu dute hitzarmena. Azaldu dutenez, Iruñeko Udalak hiru helburu beteko ditu lankidetza horri esker: batetik, Iruñean jarduera ekonomikoa izatea, halako ekitaldiek eragin handia baitute hirian; bestetik, Iruñearen irudia sustatzea, eta azkenik, herritarrei aukera ematea halako ekitaldietan parte hartzeko beste hiri batzuetara joan beharrik gabe. 

Elkarri babesa eta informazio-trukea
Hitzarmenean adostu dutenez, Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du 150.000 euro emateko kirol-ekitaldiak antolatzeko, eta 100.000 euro kultur ekitaldiak antolatzeko. NICDOk sustatzaileekin edo antolatzaileekin sinatzen dituen kontratu eta lankidetza-hitzarmenen bidez emanen du dirua Udalak, eta ekitaldiak antolatzeagatik sortutako ekoizpen-kostuak ere ordainduko ditu. Gainera, Udalak baimena emanen du Nafarroa Arena eta Baluarte inguruko bide publikoa erabiltzeko jarduerak eta ekitaldiak antolatzeko behar bada.

NICDOk, berriz, bitartekari lanak eginen ditu Udalaren eta sustatzaileen artean, Udalak ekitaldietan duen parte-hartzea bideratzeko, eta sustatzaileekin egiten dituen kontratuetan eta hitzarmenetan, Udala kolaboratzailea dela adieraziko du. Halaber, ekitaldi edo jarduera bat egiten den bakoitzean, memoria bat emanen dio Udalari interesekoak izanen zaizkion datuekin: hala nola zenbat lagun izan diren, nongoak ziren, Iruñeko enpresetan zenbateko gastua egin den, hiriaren irudian zer eragin izan duen eta kasuan-kasuan interesgarriak diren beste datu batzuk. 

NICDOk ekitaldi guztien berri emanen dio Udalari, erakundeak erabaki dezan zer babes emanen dion bakoitzari. Udaleko eta NICDOko arduradunek jarraipen-batzorde bat osatuko dute Udalak zer ekitalditan parte hartzen duen eta zer ekarpen ekonomiko egiten duen erabakitzeko. 

Iruñeko Udala eta NICDO lehenago ere aritu izan dira lankidetzan Punto de Vista eta Iruña Beltza jaialdiak antolatzeko. Urteak dira NICDOk Udalaren dirulaguntza jasotzen duela. Hitzarmen berriari esker, elkarlana zabaldu eta NICDOk hirira ekitaldiak ekartzeko egiten duen lana osatuko dute. Udalerriak eta autonomia-erkidegoak lehian ibili ohi dira ekitaldi handiak antolatzeko, eta horren ondorioz, sustatzaileek abantailak eskatzen dituzte beren birak, ekitaldiak, txapelketak eta abar hiri batera edo bestera eramateko. Beraz, hitzarmenaren helbururik behinena da aurrerantzean ere ekitaldi horiek Iruñean egin daitezen eta gehiago eta kalitate handiagokoak izan daitezen lortzea.

Iruña musika- eta kirol-zirkuituen erreferente gisa sendotzea
Maider Beloki Unzu Iruñeko Udaleko Kulturako arduradunak nabarmendu du hitzarmenak bi erakundeen arteko elkarlan estua hezurmamitu, sendotu eta bideratuko duela, lehendik ere modu naturalean aritzen baitziren lankidetzan kirol-jarduerak eta kultur ekitaldiak antolatzen. Zinegotziaren arabera, helburu nagusia da jaialdiak, kontzertuak eta topaketak antolatzeko elkarlanari esker Iruña erreferentziazko hiria izatea aurrerantzean ere musika-biretan eta maila goreneko kirol-ekitaldi eta txapelketetan.

Halaber, adierazi du Iruñeko Udalaren barruan babes handia daukala hitzarmenak, eta bereziki eskertu du PSNk eginiko zuzenketa, 150.000 euroren babesa emateko akordioari. Kulturako arduradunak ziurtasunez azpimarratu du bi erakundeek elkar babesteak indartu eginen duela hirira gero eta artista, bira eta kirol-ekitaldi gehiago ekartzeko egiten duten lana; bi erakundeen helburua da gero eta anbiziotsuagoak izatea esparru horretan.

Ramón Urdiáin NICDOko zuzendari kudeatzaileak, berriz, esan du enpresa publiko horrentzat ere mugarri izanen dela hitzarmena; izan ere, Iruñeko Udalaren babesa oso garrantzitsua zaio kultur ekitaldiak eta kiroleko munta handiko ekitaldiak hirira ekartzeko. Foru Gobernuaren babesa ere badu, bai eta Foru Gobernuko Kulturako, Kiroleko eta Turismoko Departamentuarena ere. Hala, azpimarratu nahi izan du NICDOrendako garrantzizkoa dela erakunde guztien babesa izatea; izan ere, azaldu duenez, hori erabakigarria da Iruña eta Nafarroa musika-bira handiak eta kirol-ekitaldiak, izan Espainiako Estatukoak, nazioartekoak edo mundu osokoak, antolatu ohi dituzten hirien eta eskualdeen artean egon dadin. Eta gogorarazi zuen babes hori ostalaritzan eta hoteletan, merkataritzan, garraioan eta komunikabideetan ere badutela.
 

¿Te ha sido útil esta página?