Iruñeko Udalak % 22,5 handituko du jantokirako beketan ematen duen laguntza 2025-2026ko ikasturterako

Iruñeko Udalak % 22,5 handituko du jantokirako beketan ematen duen laguntza 2025-2026ko ikasturterako
Zabalik dago eskabideak aurkezteko epea, eta orotara 870.000 euro banatzen ahalko dituzte; iragan ikasturtean 710.000 euro izan ziren

Iruñeko Udalak zabaldu du dagoeneko datorren ikasturterako jantokirako laguntza eskatzeko epea; orotara 870.000 euro banatzen ahalko dituzte 2025-2026ko ikasturte osorako. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, % 22,5 handituko dute laguntza. Diru-laguntza horien helburua da 3 eta 12 urte bitarteko haurrei eskolako jantokirako sarbidea ematea. Halaber, luzera begira, xede dute haurren eskola-errendimendua eta garapen pertsonala hobetzea, elikadura-aztura osasungarriak sustatzea eta arrazoi ekonomikoak direla-eta hezkuntza-komunitateko haurren artean bazterketarik gerta ez dadin lortzea. Iragan ikasturtean, 1.541 familiak eskuratu zuten Udalaren laguntza ekonomikoa jantokiko gastuei aurre egiteko, eta horietako batzuetan adingabe bat baino gehiago zeuden. 

3 eta 12 urte bitarteko adingabeak Haur eta Lehen Hezkuntzako 2. zikloko ikastetxe publiko eta pribatuetan dituzten Iruñeko familiek eskatzen ahal dute diru-laguntza. Orain, irailetik abendura bitarterako eskatzen ahal da, ikasturtearen lehen zatirako alegia, baina laguntza emanez gero, ikasturte osorako dela ulertuko da. 2025eko urriaren 31era bitarte egonen da zabalik eskabideak eta behar diren dokumentuak aurkezteko epea. Laguntza ikasturtearen bigarren zatirako (urtarrila-ekaina) bakarrik eskatzeko epea 2026ko urtarrilaren 2tik apirilaren 30era egonen da zabalik.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietan aurkeztu beharko dira eskabideak (hala nola erregistro elektronikoetan eta postetxeetan), edo Gizarte Ekintzako Alorrean bestela (Zapateria k. 40), astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara. 

Egunean 1,8 - 0,30 euro
Familia-unitatearen errentaren eta kide kopuruaren arabera emanen dituzte laguntzak, eta jantokiko gastuei aurre egiten laguntzeko izanen dira; inolaz ere ez zenbait ikastetxek eskaintzen duten zakote-ontziaren zerbitzua ordaintzeko. Badira kasu tasatu batzuk, deialdian adierazitako salbuespenezko egoeretarako, eta horietan kasuz kasu aztertuko da baldintzak eta eskaera-epeak malgutzeko aukera. 
Laguntzaren zenbatekoa familia-unitatearen diru-sarreren eta kide kopuruaren araberakoa izanen da, eta egunean 1,80 - 0,30 euro eskuratzen ahalko dira. Gainera, laguntza hori bateragarria izanen da beste erakunde edo instituzioen laguntzekin. Udalak sei hilabeteko epea izanen du dirua ordaintzeko, baina laguntza ematen bada, atzeraeraginez kobratuko da. 

Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotziak oso egokitzat jo du jantokirako beketan ematen den laguntza handitzea: “Gobernu-akordioan hartutako konpromisoetako bat zen, eta azken urteetan deialdian eginiko gehikuntzarik handiena da. Beka horiek funtsezkoak dira elikadura osasungarria eta aukera-berdintasuna sustatzeko, eta bizitza pertsonala, lanekoa eta familiako bizitza bateragarri egiteko”, adierazi du. 
 

¿Te ha sido útil esta página?