Descalzoseko 33-35 zenbakietako eraikina izanen dena bigarren solairura arte eraiki da dagoeneko. Obrak eraikuntza fasean daude, lehendik zegoen eraikina aurreko udan eraitsi eta zegozkion ikerketa arkeologikoak egin eta eraikin berriko zimenduak jarri ondoren. Eraikiko den eraikinak beheko solairua, 3 solairu eta teilatupea edukiko ditu, eta eraikinaren behean merkataritza-lokal bat egonen da, horren erabilera oraindik zehaztu gabe dagoen arren. Iruñeko Udalak 2022ko lehen hiruhilekoan eraikinak izanen dituen zazpi etxebizitzak emanen ahalko ditu, eta Iruña Biziberritzen-PCHk kudeatzen duen hiria berroneratzeko Alde Zaharreko Etxebizitza Planetik datozen pertsonei ostatu emateko aurreikusita daude.
Gaur goizean Hirigintza Gerentzia eta Batzordeko kideek obrak bisitatu dituzte, iaz Construcciones Díaz-García SL enpresari 1.298.000 euroko aurrekontuarekin esleitu zitzaizkionak. Gauzatzeko, OM ARQ arkitektura estudioak idatzitako proiektuan oinarritu dira, eta Oscar Mongay eta Maite Mariezcurrena arkitektoek sinatu dute. Eraikinaren eraikuntza-ezaugarri berezien artean honako hau nabarmentzen da: eraikinaren hormetan eta forjatuetan kontralaminatuzko zurezko egitura-panelak erabiltzea, hormigoizko edo metalezko profilezko ohiko konponbideen ordez. Hala proiektua nola eraikina Passivhaus estandarrei lotuko zaizkie, hori horrela, energia-errendimendu handiko eraikina izanen da.
Esku hartze honekin Udalak, Iruña Biziberritzen-PCHren bidez, Descalzos kaleko hiri-bilbea leheneratzeko prozesuari jarraipena eman dio, zeina Lehentasunez Esku-hartzeko 7. Eremuan baitago. PCHk hiriko gune horretan lurzatiak elkartzea sustatu du, eta lehendik zeuden eraikinak berritu ditu, eraikin berrian egungo eraikuntzaren berezko eraikuntza-baldintzak betetzen laguntzeko: etxebizitza irisgarriak, egungo bizigarritasun-baldintzak eta jasangarritasun-irizpideak dituztenak, eta kontsumo ia nuluko eraikinak.
Descalzos eta Carmen kaleetako lau eraikinetan dagoeneko bukatu dituzten 43 etxebizitzez gain, Etxebizitza Planaren garapenean honako esku-hartze hauek daude planifikatuta eta garapen-fasean: Descalzos 55-61 (proiektua lizitazio fasean dago), Descalzos 42-48, Jarauta 7-21, Jarauta 84-86 (hirurak jabeei edo maizterrei ostatu ematea kudeatzeko fasean) eta Jarauta 58-Eslava-26 (lizentzia eskuratzeko fasean).
PCHren promozioak
- Promozioa Etxebizitza kopurua Fasea
- Descalzos 23-27 8 etxebizitza amaituta
- Descalzos 24 6 etxebizitza amaituta
- Carmen 25 14 etxebizitza amaituta
- Descalzos 47-53 17 etxebizitza amaituta
- Descalzos 33-35 7 etxebizitza eraikuntzan
- Jarauta 58/Eslava 26 12 etxebizitza lizentzia eskuratzen
- Descalzos 55-61 proiektuak idazten
- Descalzos 42-48 ostatu emateak kudeatzen
- Jarauta 7-21 ostatu emateak kudeatzen
- Jarauta 84-86 ostatu emateak kudeatzen