Iruñeko Udalak 2022an modu intentsiboan lan eginen du Frantziako Aurrealdearen garbiketa- eta mantentze-lanetan

Iruñeko Udalak 2022an modu intentsiboan lan eginen du Frantziako Aurrealdearen garbiketa- eta mantentze-lanetan
Gotorleku-ondarearen mantentze-lanetarako aurreko kontratuak, urteko 150.000 euroko aurrekontuarekin, Ziudadelari eman zion lehentasuna
Irudia
Irudia

Aurten Iruñeko gotorleku-ondarearen eta Erdi Aroko zubien ohiko mantentze-lanek aurrera jarraituko dute, Iruñeko Udalak zuzendu eta kontratu bidez Construcciones Leache enpresak gauzatzen dituena. Aurreikuspenen arabera, aurten 150.000 euro bideratuko dira hiriko ondare-baliabide horiek mantendu, zaindu eta horiei balioa ematen dieten urteko zereginetara.

Aurreko aldian Ziudadela izan bazen esku-hartzeen ardatz, hainbat berrikuntzarekin, Armada etorbideko atea argiztatzea kasu, 2022an Frantziako Aurrealdeko jarduketak izanen du lehentasuna, herritarrek 010 (948 420100) Herritarrendako Arreta telefonoaren bitartez egindako abisuei erantzuna emateaz gain.

Frantziako Aurrealdea deitutakoa Media Luna parketik Zaldi Zurira bitarte doa, eta aurten bertako hainbat elementuren gainean esku hartuko da. Alde batetik, garbiketa-lanak egin eta landaredia kenduko da Labriten Bastioian, Magdalenako aurrealdeko bidean eta harresian eta Labriten bastioiaren eta Redingo bastioiaren arteko lotura-pasealekuan, harresiaren oinetan. Halaber, bide hori eta Guadalupeko beheko bastioia lotzen dituen zurezko zubia zaharberrituko da. Azken horretan (bastioia eta beheko bastioia) kanoi-zuloetako garbiketa-lanak eginen dira eta landaredia kenduko da. Aurreko alde harresitu horrekin amaitzeko, kontratak Redingo bastioiaren beheko aldean dauden horma-atalen gainean jardunen du, Donejakue bidea igarotzen den lekuan, eta Frantziako portalearen ondotik igarotzen den altuera handiko harresiaren paramentuetan ere jardunen du, Guadalupeko bastioiarekin bat egiten duen puntutik. Azkenik, Errege-erreginen errabelina eta kontraezponda garbituko ditu, Redingo bastioiaren oinetan daudenak.

Lan horiek Udalak 2014tik enpresa espezializatu batekin formalizatzen duen mantentze-lanetarako bosgarren kontratuaren barruan gauzatuko dira. Urteko zereginek barne hartzen dute Monumentu Nazional izendatutako bost kilometroko gotorlekuen eta Ziudadelaren etengabeko garbiketa. Ohikoena da paramentuak garbitzea eta harrien arteko junturak hondatzen dituen landaredia aldizka kentzea. Baina junturak berdintzeko eta materialak berritzeko lanak ere egiten dira harria erori denean edo egoera txarrean dagoenean. Pintadak ezabatzeko lanak ere egiten dira. Kontratuaren xedeak ere barne hartzen du Iruñeko udal-mugartean dauden Argan ezarritako Erdi Aroko zubien mantentze-lanak egitea.

2020-2021, lan sakona Ziudadelan

2020ko urritik, Construcciones Leache SL enpresak gauzatutako aurreko kontratuaren barruan Ziudadelako kanpoaldeko harresietan esku-hartu da. Horma-atal eta bastioietako 11.600 m2-ko eta  kontraezponda eta errabelinetako 1.585 m2-ko landaredia garbitu da, harlanduetako 230 m2 juntura pikatu eta horiek berriz bete dira eta barneko erakusketa aretoetako, guardia-gorputzeko eta poternen aurrealdeko landaredia kendu da.

Halaber, soropila berriz jarri eta gotorlekuko lubanarroetako kanaletako bat konpondu da, 170 metro estalki jarri dira Errege bastioiko kontraeskarpan eta Dona Maria bastioiko izkina eta bertako garita zaharberritu dira. Azkenik, argi apaingarriei lotutako bi lan egin dira: bat ‘zaldun azpiratzailea’ deitutako egituran eta, lehenengoz, Ziudadelara Armadaren etorbidetik sartzeko portadan argiztapena jarri da. Ate hori pilastren gainean jarrita dagoen erdi puntuko arku bat da, Felipe II.aren erregealdikoa.

XVI. mendeko atea: zaharberritua eta, orain, argiztatua

Ate horretan egindako esku-hartzea integrala izan da eta 2021eko jarduketa nabarmen eta ikusgarrienetakoa da. Esku-hartzean atearen buruan zeuden armarriak eta plaka garbitu ziren. Elementu horiek hainbat agiriren arabera Telleriako portale zaharra apaindu omen zuten eta 1926an Ziudadelako atean jarri, gal ez zitezen.

Gainera, juntadurak, pitzadurak eta zartadurak konpondu ziren, bai eta  kanpo-urradurengatik edo zatiak erortzeagatik materiala galtzearen ondoriozko bolumen-txikitzeak ere, eta azalera batzuk finkatu ziren. Aurrez harriaren gainean jarritako zementuzko karesneak kendu ziren, eta azkena eman zaio elementuak garbituz eta basa-landarediaren eragina saihesteko produktuak nahiz lausodura-geruza bat eta tratamendu hidrofugatzaile eta babes-tratamenduak aplikatuz.

Esku-hartzea lehenengoz argiztapen sistema bat instalatzeko baliatu zen, eta zuzenean LED argiztapen-sistema aukeratu zen: lanpara erregulagarria, lur gaineko argia eta 5 metroko led-tira.

Bestelako lanak: Parma gotorlekua eta bastioia

2021ean San Bartolome gotorlekua eta Media Luna parkearen ondoan daude zenbait horma garbitu eta landareak kendu zitzaizkien, bai eta parke horretako pasealekuko horma-ataleko tapak konpondu ere. Horretarako, 56 metro lineal baranda eta harri euskarriko tapa kendu eta zuzendu behar izan ziren.

Urtearen hasieran, halaber, Parma bastioiko goiko aldean eta horma-atalean landaredia kendu eta konponketa txikiak egin ziren. Egitura horretan, Iruñeko gotorleku multzoan geratzen diren azken zaharberritze-lan sakonak egiten ari dira une honetan.

¿Te ha sido útil esta página?