Iruñeko Udalak 213,1 milioi euroko gastu muga aurreikusi du 2020rako udal-aurrekontuan. Zifra hori 2019ko hasierako aurrekontu luzatuarena baino % 11,8 altuagoa da (188 milioi eurokoa zen), eta % 2,4 gehiago erreferentzia moduan hartzen bada aurtengo behin betiko aurrekontua, 208 milioi euro ingurukoa izan baita. Kalkulatutakoaren arabera, 15 milioi euro inguru bideratzen ahalko dira inbertsioetara, apustua eginez mugikortasun jasangarriaren eta bide segurtasunaren alde, bai eta Labriteko zaldaina berreskuratzea, AHT-a sustatzea, San Domingoko baratzeetako aparkalekua, Santa Engraziako presa txikia konpontzea zein trenaren parke tematikoa.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur goizean Iruñeko Udalaren 2020ko aurrekontuaren ildo orokorrak, aldez aurretik Lehendakaritza Batzordean udal-taldeei aurkeztu eta gero. Honekin, orain, lan tekniko zein politikorako aldia abiatzen da, aurrekontu-sailak zehaztu eta datorren urterako kontuen onespena negoziatzeko. Aurrekontu-proiektuak Gobernu Batzordean onetsi beharko da lehenik eta behin, gero aurkeztu eta eztabaidatu Lehendakaritza Batzordean, eta, azkenik, Udalaren Osoko Bilkuran landu beharko da.
2020 urterako udal-aurrekontuaren prestaketa kanpoko zein barneko baldintza batzuek markatu dute. Batetik, indarrean daude oraindik egonkortasun, finantza-iraunkortasun eta defizit publikoari buruzko araudi orokorrak ezartzen dituen mugak. Bestetik, oraindik ez dira ezagutzen Iruñeak zer zenbateko jasotzen ahalko dituen Toki Ogasuneko Funtsetatik, Hiriburutza Agiritik eta Nafarroako aurrekontu orokorretatik. Hirugarren faktorea egoera ekonomikoarekin lotuta dago. Ekonomiaren moteltzea aipatzen duten adierazleek zuhurtzia-irizpidean oinarritutako sarreren planifikazioa egitea ekartzen dute; izan ere, moteltze horrek erabaki pribatuei eragin ahal diezaieke, eta horrek ondorioak ekarri diru-bilketan eta EIOZ, JEZ eta horien moduko zerga eta gainbalioetatik eratorritako udalaren diru-sarreretan.
Barne baldintzei dagokienez, kontuan hartu behar da gaur egun aurrekontu luzatuak daudela, presio fiskala mantentzen dela karga, tasa eta prezio publikoen igoerarik gabe 2020ra begira, eta aurreikusitako inbertsio-gaitasunaren parte bat konprometituta edo dagoeneko abiatuta dagoela, datorren urteko aurrekontuen kontura. Horretaz gain, Iruñean bada aurrekontuen eszenatoki hedakorra dago langileen gastuei dagokienez, zeinean ikusi baita behar baino gutxiagoko aurrekontua izan dela hala 2018ko azken kontu onetsietan nola 2019ko luzatuetan.
Igoera langileria gastuetan
Langileria gastuen aurreikuspenek (1. kapitulua) 93 milioi euro inguruko zifrak erakusten dituzte. Bertan sartzen da langile kontratatuen graduaren finkatzea, % 2ko igoera udal-langileen ordainsarian, pentsioen kostuaren eguneratzea eta lanpostuen betetzea 2019an betetakoen arabera. 93 milioi horiek 7,6 milioiko igoera dakarte 2019rako aurrekontu luzatuaren aurrekontuaren gainetik (5,2 milioi, gizarte enpleguaren eta lantegi eskolako dirulaguntzen eragina deskontatuz gero, horiek luzapenetik atera baitziren).
Aurrekontua hartutako langileriako konpromisoen aurrekontuetara doitzeko, kapitulu honetan 2018an eta 2019an egindako behar baino gutxiagoko aurrekontuak 2020an sortutako gastu-gaitasuna kontsumitzen du, aurreikusi den diru-sarreren handitzeagatik. 2015 – 2019 aldian, langileria gastuen kapitulua 13,6 milioi eurotan handitu da, erdia baino gehiago (6,9 milioi euro) Etxez Etxeko Arreta Lantaldea Udalarena egiteari lotuta.
Ondasun eta zerbitzuen erosketen eta transferentzia arrunten (2. eta 4. kapituluak) aurreikuspenei dagokienez, 97,4 milioi euroko gastua kalkulatu da, 4,2 milioiko gehikuntzarekin 2019ko aurrekontuaren luzapenaren aurrean. Gehikuntzaren parte bat hainbat urtetarako diren edo luzapena indarrean duten kontratuen prezioen eguneratzeari dagokio. Azkeneko legegintzaldian 2. eta 4. kapituluetako gastu horiek 4 milioi euro baino gehiago handitu dira. Guztira, 190,4 milioi euro hiriaren funtzionamenduaren eta udal-administrazioaren gastuak deiturikoetan. Horiei gehitu behar zaizkie finantza zamaren 7,9 milioi euroak (interesak eta amortizazioak), eta 15 milioi inguru inbertsioetan, datorren urterako 213,1 milioi euroko gastuetara iristeko.
Diru-sarrerei dagokienez, gaur goizean aurkeztutako ildo orokorrek zuzeneko zergen, tasen eta prezio publikoen bilketan igoera islatu da, bai eta transferentzia arrunten eta ondasuneko diru-sarrerenean. 1,5 milioietan egin dute behera EIOZri dagozkion diru-sarrerak, zuhurtzia-irizpide gisa ekonomian izan daitekeen moteltzeak sor ditzakeen eraginaren aurrean. Guztira, 198,3 milioi euro, 2019ko aurrekontu luzatuetan hasiera batean aurreikusitakoa baino % 5,4 gehiago. 7,4 milioi euro inguru maileguen amortizazioan, 6,1 milioi euro lursailen salmentan, eta 1,3 milioi kapital transferentzietan eta finantza-aktiboetan, horiek osatzen dute 213,1 milioi euroko diru-sarreren aurreikuspena 2020rako.
15 milioi euro inguru inbertsioetarako
Iruñeko Udalaren inbertsio gaitasuna 2020rako 15 milioi euro inguruan dago. Datorren urterako, inbertitzeko gaitasun hori zenbait proiektutan konprometitutako gastuek mugatzen dute, esate baterako FJI (Finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioak) deiturikoetan sartutakoek, zeinak aurreko legegintzaldiaren amaieran onetsi baitziren. Une honetan udal-alorretan lanean ari dira inbertsio horiek programa zehatzetan kokatzeko, zenbait ildorekin bat: kolektibo babesgabeenei laguntza soziala ematea, berdintasuna eta zerbitzuen maila mantentzea, eraginkortasuna hobetuz eta baliabide ekonomikoen muga kontuan hartuta.
2020ari begira, lehentasuna eman nahi zaie zenbait jarduketa-ildo eta proiekturi. Horietako bat mugikortasuna da, 4,4 milioi euroko aurrekontuarekin, honakoetarako: bizikleta-bideak, Labriteko igarobidea, oinezkoen pasabideetako jarduketak, 30 Hiria, zirkulazioa baretzea, bizikletendako aparkalekuak, argiztapen adimentsua, ibilgailu elektrikoendako kargaguneak eta fotolinera bat. Apustu eginen da Labriteko zaldainari irtenbide urbanistikoa emateko –barne hartuta zama-proba bat egitea–, trenaren parke tematikoa martxan jartzeko, San Domingoko baratzeetako aparkalekua egiteko aurrekontu-alternatibak aztertzeko, eta Santa Engraziako presa txikia konpontzeko.
Kalkulatu dira beste 7 milioi euro bideratzen ahalko direla ikastetxeetan obrak egiteko, etxebizitzak birgaitzeko, Antoniuttiko skate parkerako, udalaren instalazioetarako (Gaztediaren Etxea eta Emakumeen Etxea, besteak beste), eta Txantrea auzoko eremu bat berrurbanizatzeko (PIL Txantrea). Horretaz gain, haur-eskoletan ere inbertsioa egin nahi da, Lezkairuko eskola berrian, Mendebaldea HEren birmoldaketan eta Hello Egunsentiko patioetan. Dagoeneko onetsitako inbertsioak aurreikusi dira Abiadura Handiko Trenaren Partzuergoan erabiltzeko, eta udal aurrekontuetan ohikoak diren beste inbertsio batzuk, hala nola, informatika ekipoetan, etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzetan, urbanizazio kuotetan zein eraikinen, instalazioen eta bide publikoaren mantentze-lanetan.
Inbertsioen proiektu handietarako, eta beraz hiriko proiektuetarako, adostasunak beharrezkoak izanen dira, eta horiek negoziazioen eta aurrekontu-eztabaidaren menpe geratuko dira. Inbertsio handi horien artean daude, besteak beste, Erorien Monumentuaren inguruko garapen urbanistikoa, Trinitarios – Cuatrovientos zubiaren proiektua, Prestazio Handien Trenaren garapena eta autobus-geltoki zaharraren erakinaren etorkizuna.