Iruñeko Udalak, aurten, berriro argitaratu ditu bonotaxi-laguntzak, hiriko garraio kolektiboa erabili ezin duten desgaitasuna duten pertsonen mugikortasuna errazteko. Udalak, guztira, 190.000 euro bideratuko ditu programa horri aurre egiteko. Bonu horiek banan-banan esleituko dira, eskatzaileen desgaitasuna kontuan hartuta, eta, oro har, 62 eta 103 euro artekoak izanen dira hileko.
2005ean abian jarri zituen laguntza ekonomiko horien bidez, Udalak bizimodu independentea sustatu nahi du aitortutako mugikortasun-arazoak dituzten pertsonen artean. Horrela, bada, dirulaguntza % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta duten eta garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasun handiak dituzten pertsonei zuzenduta dago. Horretarako, oinarrizko baldintza izanen da Desgaitasunaren Ziurtagiri Ofiziala izatea, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emana, 1971/1999 Errege Dekretuan eta 888/2022 Errege Dekretuan jasotako baremoaren arabera.
Laguntzak diru-txartel elektroniko gisa ematen dira, eta erabiltzaileek 2023an Iruñera eta eskualdera egindako joan-etorriak ordaintzeko erabiltzen ahalko dute, betiere taxi egokituetan edo irisgarrietan egin badituzte. Helburua mugikortasun-arazoak dituzten pertsonen garraioa erraztea denez, bonotaxi txartelak pertsonalak eta besterenezinak dira. Izan ere, txartela erabiltzeko, onuradunak bere identifikazio-agiria aurkeztu beharko dio taxi-gidariari, eta honek, programaren onuradun gisa aldez aurretik identifikatzeko eskatzen ahalko dio onuradunari.
Laguntzen zenbatekoa aldatu egiten da aitortutako desgaitasunaren arabera, hilean 62 eurotik 103 eurora bitarte. Alabaina, onuraduna egoitza batean bizi bada, zenbatekoek ezin izanen dute 52 euro eta 86 euro baino gehiago jo, hurrenez hurren. Guztizko zenbatekoa handitu egin liteke baldin eta egiaztatzen bada taxia egunero erabili beharra dutela hala lantokira nola derrigorrezko hezkuntzaren osteko ikasketa arautuak ematen dituen ikastetxe batera joateko. Zenbatekoa hilero adjudikatzen da, hileko azken egunera arte erabiltzeko, uztailean eta abuztuan izan ezik, hilabete horietan bi hilabetez erabili ahal izanen baita.
Iaz, bonotaxi-zerbitzuak 731 erabiltzaileren autonomia bultzatu zuen. Zifra hori nabarmen handitu da azken ekitaldietan; izan ere, 2021ean 610 izan ziren onuradunak, eta 2020an, 582. COCEMFE Nafarroa erakundeak (Desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen Nafarroako elkarteen federazioak) kudeatzen du zerbitzua.
Erroldatutakoendako
Laguntza horiek jaso ahal izateko oinarrizko betekizunetako bat da Iruñean erroldatuta egotea, gutxienez 2022ko urtarrilaren 1etik, eta horrela jarraitzea laguntza jasotzen den bitartean. Dirulaguntza aitortutako desgaitasunaren arabera ez ezik, familiaren errenta ere aintzat hartuta ematen da. Halaber, eskatzaileek ez dute gidabaimenik izan behar, ez eta ibilgailu egokitu propiorik ere.
Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez ematen dira, aurrekontu-kreditua agortu bitartean. Interesdunek sinatutako eskabide-orriaren bidez aurkeztu behar dute eskaera, Kondestablearen jauregiko (Kale Nagusia 2) Udaleko Erregistro Orokorrean, edo erregistro osagarrietako edozeinetan eta legean aurreikusitako gainerakoetan, besteak beste honako agiri hauekin batera: NANaren kopia, Desgaitasun Ziurtagiria (desgaitasun-maila adierazten duena), eta azken errenta-aitorpena. betekizunak udal-webgunean kontsulta daitezke. Deialdia urriaren 31ra arte egonen da zabalik. Eskaerak sarrera-ordenaren arabera izapidetu eta ebatziko dira, gehienez ere lau hilabeteko epean.