
Urtarrilaren 19an bukatuko da Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, eta baita Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxetan, izan publikoak zein itunduak, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko deialdian eskabideak aurkezteko epea. Jarduerak 2024 – 2025 ikasturtean gauzatu beharko dira. 175.760 euroko diru-zuzkidurari eusten dio deialdiak.
Deialdiaren helburua da Iruñeko ikastetxeetako irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko ekinbideei babesa ematea, ikastetxeetan eskola-curriculuma osatzeko jarduerak eginez, eta aisialdiko programen garapena sustatzea. Jarduerek ikasleendako izan beharko dute, eta ikastetxeko irakasleek bideratu beharko dituzte, edo bestela, ikastetxearekin lotura zuzena duten entitateek, hala nola guraso elkarteek, ikasle ohien elkarteek edo heziketa helburu duten herritarren elkarteek. Jarduerak doakoak izan beharko dute ikasle guztiendako.
Dirulaguntzaren zenbatekoa bost parametroren arabera kalkulatuko da. Deialdiko 175.760 euroen % 30 zati berdinetan banatuko da jarduera-programa aurkeztu duten ikastetxeen artean; % 25 ikastetxe eskatzaileen artean banatuko da, bakoitzaren guztizko ikasle-kopuruaren arabera; beste % 35 ikastetxe eskatzaileen artean banatuko da, ikastetxe bakoitzak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erroldan ikasle babesgabe gisa erregistratuta dituen ikasle-kopuruaren arabera; deialdiaren aurrekontuaren % 5 zati berdinetan banatuko da programan gutxienez neska-mutilen arteko berdintasuna sustatu edo laguntzeko jarduera bat txertatzen duten ikastetxe eskatzaileen artean; eta gainerako % 5a ere, zati berdinetan, gutxienez ikaskuntza- eta zerbitzuko proiektu bat txertatzen duten ikastetxe eskatzaileen artean.
Honako hauek finantzatuko dira: ikastetxeko irakasleek bideratu eta ikasleek egiten dituzten jardueren gastuak, ikastetxean argitaratutako egunkaria edo aldizkaria barne, baldin eta ikastetxean erabilgarri dituzten baliabide teknikoez eta mekanikoez baliatuta argitaratu bada. Diruz lagungarriak diren gastuetan, kostua ezin izanen da inolaz ere merkatuko balioa baino handiagoa.
Eskaerak Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkezten ahal dira honako web-helbide honetan: https://sedeelectronica.pamplona.es/?idioma=2 Deialdi honen inguruko informazioa Udalaren www.pamplona.es/eu webgunean eta 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2024ko abenduaren 30ekoan, kontsultatzen ahal da.