
Iruñeko Udalak ezagutzera eman du nola erreklamatuko dien 1,645 milioi euroko kalte-ordaina akats hondagarriengatik Labriteko pasabidearen erantzuleei. Proiektuaren erredakzio-taldea eta lanak gauzatu zituzten eraikuntza-enpresek modu solidarioan ordaindu beharko dute zenbateko hori. Zenbatekoa 6.656,92 euroan beheratu zen Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko urrian erantzukizuna deklaratu ondoren izapidetutako prezioen berrikuspenagatik. Udalak inplikatutako eragile guztiei, batzuei edo edozeini eskatzen ahal zaion zenbatekoaren hasierako banaketa bat egin du.
Hala aurkeztu du gaur goizean Joxe Abaurrea Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak, Tokiko Gobernu Batzarrean landutako gaiei buruzko informazioa emateko egindako prentsaurrekoan.
Kalte-galerengatiko indemnizazioaren kobrantza agente desberdinen artean banatu da, eta lau kasutan aseguru-polizak estaltzen du haien erantzukizuna. Arkitekturari buruzko atalean, Óscar Pérez Silanes, José Carlos Pereda Iglesia eta Ignacio Olite Lumbreras proiektuaren eta obren zuzendaritzaren arduradunak dira 691.129,92 euro (% 42,013) ordaindu beharko dituztenak, hiruren artean hainbanatuta. Ingeniaritzari buruzko atalean, 531.298 euro (% 32,297) eskatzen zaizkio Boreas Nuevas Tecnologías SL enpresari.
Pasabidearen eraikuntzari dagokionez, ABEEa osatzen duten hiru enpresek 422.610,31 euro (% 25,690) ordaindu beharko dituzte, lizitazioan ezarri zen bezala honela banatuta: % 80 Arián Construcción y Gestión de Infraestructuras SA enpresari dagokio (egun hartzekodunen konkurtsoan) eta % 20 Teusa Técnicas de Restauración SA enpresari.
Zenbateko horietako batzuk Udalak dagoeneko jaso ditu. Mafre España SA Aseguru eta Berraseguru Etxeak 140.800 euro ordaindu zituen Boreas Nuevas Tecnologías SL enpresaren (70.400 euro), Óscar Pérez Silanesen (35.200 euro) eta José Carlos Pereda Iglesiasen (35.200 euro) erantzukizunaren aseguru-etxe gisa. Halaber, kalte-ordainaren ordainketari Arián Construcción y Gestión de Infraestructuras SA eta Teusa Técnicas de Restauración SA enpresek osatutako ABEEak pasabidea eraikitzeko obrak behar bezala egin zirela bermatzeko aurkeztutako abalen betearazpena aplikatzen zaio. Abalen zenbatekoa 48.464,77 eurokoa (Banco Santander) eta 2.572,93 eurokoa (Elkargi SGR) da.
Udalak, Ogasuneko zuzendariaren bitartez, ebazpen bat emanen du ezarritako kopuruak erreklamatzeko, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik antzina, eta epe hori amaitutakoan betearazpen-bidera joko da. Erreklamazio horrek ez du galarazten ondoren beste batzuk egitea, kalte-ordaina guztiz ordaindu arte. Erreklamazioa pasabidearen erantzule solidarioen aurka jar daiteke, edo, Aseguru Kontratuari buruzko 50/1980 Legearen 76. artikuluko zuzeneko ekintza baliatuz, erantzukizuna aseguratzen duten erakundeen aurka.
Duela urtebete berriz ireki zen
Labriteko pasabidea 2010eko abenduan inauguratu zen, eta San Bartolome bastioia eta Labriteko bastioia - Andre Maria Erreginaren plaza lotzen ditu 73 metro luze eta 3,5 metro zabal duen Y baten bitartez. Egitura oinezkoendako ireki zen duela urtebete, 2023ko otsailaren 22an, sei urtez itxita egon ondoren. Denbora tarte horretan unean-unean itxi zen, hasiera batean, mantentze-lanak egiteko, 2016an altzairuzko xafletako batzuen lehen oxidazio- eta narriadura-arazoak erregistratu ziren arte. Pasabidea oinezkoendako behin-behinean itxi zen 2016ko uztailaren 5ean, eta behin betiko, urte bereko irailean.
Denbora-tarte horretan hura indartzeko eta konpontzeko hainbat lan egin ziren, eta luzatzen joan ziren konponketak egiterakoan gabezia berriak aurkitzean. Konponketa-proiektua eragin zuten Nafarroako Ingeniarien Elkargoak detektatutako akatsez gain, 2022ko ekaineko txosten batek pasabidearen altzairuzko sarean eta osatzen duten atal desberdinen soldaduran eraikuntza-gabeziak jaso zituen.
Soldaduran gabeziak kanpoko xaflen (habeak) eta zuakerren artean eta egituraren goiko eta beheko nerbioak deitutakoen artean zeuden. Gabeziak zeuden, halaber, beheko luzetarako nerbioen gaineko xaflen arteko soldaduretan eta pasabideko korapiloko zuakerretan. Akats hori gainerako goiko xafletara hedatzen zen egituraren luzera osoan behealdea zuinkatzen zuten tiradera itxietan.
Era berean, pilotalekuaren egituraren gaineko pasabidearen tarte laburrari eusteko ataria indartu behar izan zen, eta, geroago, euri-urak Media Luna parkeko eta Jito Alaiko zubi-branken euskarrietatik urruntzen saiatu, berrurbanizazio-obren eta urak bideratzeko obren bidez. Txertatu ziren mota guztietako sendogarrien ondorioz 40 tona altzairu ordeztu eta soldadurak % 30ean areagotu behar izan ziren egituraren atalak finkatzeko.
Pasabidea berriz ireki baino lehen, denboraren joanak eragindako korrosioa urez kendu zen, eta pasabideko azaleran zoladura irristagaitz bat instalatu zen, zeinari iragazgaitzeko prozesu bat egin baitzitzaion. Gainera, azpiegiturak 300 kg/m2 bitarteko karga dinamiko eta estatikoko probak gainditu zituen abenduan, segurtasuna bermatzeko.
Indartzeko eta konpontzeko lanek 807.214 euroko kostua izan zuten, eta horiei gehitu behar zaizkie 2016az geroztik enkargatutako azterketa- eta lan-teknikoak, bai eta konponketa-proiektua, ikuskapenak eta aldamioak jartzea eta azpiegituraren inguruko beste esku-hartze batzuk ere, guztira 1,4 milioi euroko gastura iritsita, 2023an jasotako datuen arabera.
Udalak orain akats hondagarriengatik kalte-ordaina ordaintzea eskatzen die hala proiektua idatzi zuten arkitektoei eta obraren zuzendariei nola eraikuntza-enpresei.
KALTE-ORDAINEN BANAKETA
- Proiektua eta Obren zuzendaritza (Arkitektura):
691.129,92 euro (% 42,013), Óscar Pérez Silanesek, José Carlos Pereda Iglesiasek eta Ignacio Olite Lumbrerasek ordaindu behar dituztenak, - Ingeniaritza
531.298 euro (% 32,297), Boreas Nuevas Tecnollogías SL enpresak ordaindu behar dituenak. - Eraikuntza
422.610,31 euro (% 25,690) Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras SA eta TEUSA Técnicas de Restauración SA ABBEa osatzen duten enpresei egokitu behar zaizkionak.