
Iruñeko Udalak auzoetako kultur programazioa eta elkarte-ehuna bultzatzen jarraituko du aurten, hamabost lankidetza-hitzarmenen bitartez. Hitzarmenak Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak sinatu ditu Arrosadiko, Azpilagañako, Buztintxuriko, Alde Zaharreko, Etxabakoizko, Zabalguneetako, Ermitagaña-Mendebaldeako, Erripagañako, Iturramako, Lezkairuko, Mendillorriko, Arrotxapeko, Sanduzelaiko, Donibaneko eta Txantreako jai-batzordeekin.
2026ko diru-zuzkidura 2025ekoaren berdina da, 108.000 euro, baina modu desberdinean banatuko da aurten. Txantrearen fundazioaren 75. urteurrenak iaz jaso zituen 20.000 euroak auzo guztien artean banatuko dira, eta 1.000 euro gehiago jasoko ditu bakoitzak, 6.500 euro guztira; Txantreako gaiteroen 40. urteurrena ospatzeko 2.000 euro bideratuko dira, eta Alde Zaharreko erraldoien konpartsaren 25. Urteurrena ospatzeko, berriz, 3.000 euro. Horrenbestez, Alde Zaharrak 15.000 euro jasoko ditu guztira.
Maider Beloki Unzu Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak hitzarmen horien berritasunak aurkeztu ditu gaur (astelehena), prentsaurrekoan. Bai jai-batzordeekin hitzarmenak sinatzea, bai programazio herrikoia antolatzeko dirulaguntza-deialdia alor horren bitartez kudeatuko dira aurten.
Hitzarmenek xede dute urteko jai-egutegiari bultzada ematea, herritarrek jaien antolakuntzan parte hartzea eta jai-batzordeek tokiko kultura, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa bultzatzeko orduan duten funtsezko zeregina aitortzea. Laguntza ekonomikoa jaiak garatzeko beharrezkoak diren azpiegituren –agertokiak, komunak edo elektrizitate-harguneak kasurako– alokairua ordaintzeko erabiltzen da. Dirulaguntzari esker, kultur jarduerak, jai tradizionalak (besteak beste, Inauteriak, Olentzero eguna edo Auzoaren eguna) eta auzoko jaiak antolatzen dira. Hitzarmenetan, jarduera batzuetarako tasen ordainketa ezabatu da, eta barrak jartzea baimendu da; barrei esker eskuratutako diruaantolatutako ekitaldiak ordaintzeko baliatuko da.
Izaera administratiboko lankidetza-hitzarmena da, zerbitzu publikoak eta baliabideak batera erabiltzea errazteko, onura publikoko jarduerak egin ahal izateko, bai eta aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasangarritasunariburuzko legea betetzeko ere. Hitzarmenak urtero berritzen dira, eta akordioa bete dela bermatze aldera, jarraipen-mekanismo bat barne hartzen dute.
Dirulaguntza-deialdia
Hitzarmenez gain, Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak dirulaguntza-deialdia deitu du elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek –auzo- eta kultura-elkarteak, jai-batzordeak, kultur koordinakundeak, etab.– auzoetako jaiak eta jai herrikoiak antola ditzaten. 90.000 euroz hornitutako deialdiak kultura herrikoiaren eta gertukoaren sustapena, sorrera eta hedapena bultzatzea du xede.
Deialdira aurkezten diren proiektuak eta jarduerak Iruñean egin beharko dira 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte:interes kolektiboko helburu edo proiekturen bat garatzearekin lotuta egon beharko dute, eta auzoaren dinamika sozial eta kulturalaren parte izan. Halaber, sustatu beharko dute elkarteei edo erakunde antolatzaileei lotutako pertsonen parte-hartze aktibo eta zuzena , gainerako herritarrei irekita egotea, herritarren parte-hartzearen eta kultura herrikoiaren edo hurbileko kulturaren sustapena eta euskarako eta berdintasuneko ordenantzetan eta Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraitzea.
Entitate bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du. Dirulaguntzak eskatutako eta onetsitako aurrekontuaren ehuneko jakin bat estaliko du, proiektuak edo jarduerak sortutako defizita (kostu osoa ken jasotako diru-sarrerak) hain zuzen, eta hori izanen da deialdian eskatzen ahalko den kopurua. Dirulaguntzak ezin izanen du gainditu, inolaz ere, proiektuaren/jardueraren kostu osoaren % 75, eta entitateak kostuaren % 25 ordaindu beharko du gutxienez, dela funts propioen bidez, dela beste dirulaguntza batzuen bidez. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da 15.000 euro baino gehiagokoa izanen.
Onuradun izaten ahalko dira legearekin bat eraturik dauden eta eskabidea aurkezteko mugaegunean dagokien Erregistroan izena emanda duten erakundeak, zerga- eta gizarte-egoitza iruñean dutenak etairabazi-asmorik gabekoak, betiere Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez baditu.
Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Baloratzeko irizpideak erakunde eskatzaileen hainbat ezaugarrietan oinarritzen dira, hala nola kudeatzeko gaitasuna, azpiegiturak, baliabideak, antzinatasuna, kide kopurua eta zuzendaritza-batzordean dauden emakumeen kopurua, baita erakundearen estatutuetan genero-ikuspegia txertatua izatea ere; alderdi horien bidez 20 puntu bitarte lortzen ahal dira.
Gainera, kalitate teknikoa eta proiektuaren bideragarritasuna baloratuko dira (80 puntu bitarte), honako irizpide hauen arabera: oinarriak, helburuak, jarduerak, aurrekontuaren egokitzapena eta koherentzia, proiektuaren diseinuan, antolaketan eta ezarpenean herritarren parte-hartzea sustatzea, kolektibo zaurgarriekin egin beharreko jarduerak sustatzea, kultur aniztasunari eta kulturartekotasunari balioa ematen dioten jarduerak egitea, Euskal pilota sustatzeko jarduerak egitea eta 'Iruña, Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua' proiektua bultzatzea, genero-ikuspegia barne hartzen duten jarduerak egitea, euskara barne hartu eta sustatzea entitatean eta proiektuan, eta ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako irizpideak kontuan hartzea.