Iruñeko Udalak 15 egunez luzatu du Gazteendako XXX. Literatura Lehiaketan narrazio laburreko eta poesiako lanak aurrez aurre aurkezteko epea

Iruñeko Udalak 15 egunez luzatu du Gazteendako XXX. Literatura Lehiaketan narrazio laburreko eta poesiako lanak aurrez aurre aurkezteko epea
Ekainaren 15ean amaituko da epea konfinamendu garaian zabalik egon den lehiaketarako, orain epea zabaldu baita arrakala digitala murrizteko

certamen literario

Gaztediaren Etxea jendeari zabaldu dela aprobetxatuko da, eta orain arte Iruñeko Udalaren Gazteendako XXX. Literatura Lehiaketara lanak online aurkezteko zegoen aukera bakarrari jatorrizko lanak aurrez aurre aurkezteko aukera gehituko zaio, ekainaren 15era bitarte. Ekimen honen bitartez, besteak beste, erraztasuna eman nahi zaie arrakala digitalak jotako gazteei, parte har dezaten. Hartara, hala nahi duten 14 eta 18 urte arteko gazteek Gaztediaren Etxean aurkezten ahalko dituzte beren lanak, ekainaren 1etik aurrera (astelehena), astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta igande goizetan, 10:00etatik 14:00etara.
 

COVID 19aren osasun-krisiak hartaratuta, konfinamendu garaian lanak lehiaketara modu digitalean aurkezteko aukera baino ez zegoen zabalik. Oraingoz, 81 lan aurkeztu dira, lehiaketaren zortzi kategorien artean banatuta. Lehiaketaren oinarrien arabera, bi modalitate daude, narrazio laburra eta poesia, biak ala biak gaztelaniaz eta euskaraz, bi adin-tartetan bereizita, 14 urtetik 16ra bitartekoa, lehena, eta 17tik 18ra, bigarrena. Lehiaketari buruzko informazio osoa www.letrajoven.com / www.letragaztea.com helbideetan kontsultatu daiteke, eta hor daude ikusgai, baita ere, aurreko edizioko lan irabazle guztiak.
 

Epaimahaiak hiru sari emanen ditu modalitate eta kategoria bakoitzean, hiru lanik onenendako. Lehen sariak 300 eurokoak izanen dira, bigarrenak 200 eurokoak eta hirugarrenak 150 eurokoak. Halaber, Epaimahaiak modalitate eta kategoria bakoitzeko bina accesit ematea proposatzen ahalko du, bakoitza 100 eurokoa. Diruaz gain, saritutako narrazioek eta poemek ikusgarritasunaren saria ere irabaziko dute, webgunean argitara emanen baitira. Izan ere, saritutako lanak maketatu eta internautendako eskuragarri jarriko dira, pdf formatuan, eta deskargatzen ahalko dira, hedapen librea izan dezaten.
 

Iruñeko Gazteendako XXX. Literatur Lehiaketa. 2020. urtea

Baldintzak: bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duen gaztea izatea, eta 14 urte beteta eta 19 urte baino gutxiago edukitzea lanak aurkezteko mugaegunean (2020ko apirilak 30).
 

Modalitateak: narrazio laburra eta poesia, gaztelaniaz zein euskaraz. Kategoria bat egonen da 14, 15 eta 16 urteko gazteentzat, eta beste bat, 17 eta 18 urtekoentzat.
 

Narrazio laburra: 2 orri gutxienez, eta 5 gehienez, lerro artean tarte bikoitza utzirik eta alde bakar batetik mekanografiatuta.
 

Poesia: 14 bertso gutxienez, eta 40 gehienez.
 

Lanen ezaugarriak:
 

Egileek lan bana aurkezten ahal dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.
 

Testu bera ezin izanen da bi hizkuntzetan aurkeztu.
 

Sariak: hiru sari modalitate eta hizkuntza bakoitzeko; 300 euroko saria, lehenengo sarietarako; 200 eurokoa, bigarrenetarako, eta 150ekoa, hirugarren sarietarako. Epaimahaiak bi accesit eman ditzake modalitate eta kategoria bakoitzeko, bakoitza 100 eurokoa.
 

***Lehiaketan parte hartzeak berekin ekarriko du sarrera libreko argitalpenak egiteko eskubideen lagapena onartzea, Creative Commons lizentziapean, saririk jasoz gero. Lizentzia horrek lana erabiltzeko aukera emanen du, betiere egiletza aitortzen bada, merkaturatzen ez bada eta lan horretatik bestelako lanik eratortzen ez bada.

¿Te ha sido útil esta página?