Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Gobernuarekin eta Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroarekin (CEIN) ekintzaileei eta merkatariei laguntzeko. 140.000 euroko ekarpenarekin, Udalak bermatuko du laguntza- eta prestakuntza-programak martxan jarriko direla, negozio-ideia berriak sortzea zein tokiko merkataritzari lagundu eta hori indartzea sustatzeko helburuz, ikusirik egoera zaila bizitzen ari direla, pandemiak ekarritako ondorioengatik. Bermatzen da, halaber, CEINek arreta emanen duela hiriko erdigunean, eta eskuragarri izanen dela zentro horrek duen enpresa berritzaileen mintegia.
Iruñeko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, CEINek ekintzaileendako zerbitzua emanen du Iruñeko erdialdean, Noaingo egoitza nagusian martxan duen horren osagarri. Horretaz gain, konpromisoa hartu du zerbitzua eta arreta emateko Udaletik bertara bideratutako ekintzaileei.
CEINek beste konpromiso bat ere hartu du, hau da, Enpresa Berritzaileen Mintegiaren instalazioetan hartuko ditu ekintzailetza berritzailearen proiektuak, honako alor hauetan: Smart-citie-ak, ekonomia zirkularra, berrikuntza soziala eta sormen- eta kultur-industriak. Azken horiek “Más Pamplona-Iruña Gehiago (Coliving-Ekintzailetza eta Hiri Laborategia)” programaren baitan aukeraturikoak dira, helburu duena ekintzailetza ekonomiko eta soziala zein negozio-eredu berritzaileak sustatzea.
‘Iruña ekintzaile’ eta ‘Pentsatu eta ekin’, ekintzaile eta merkatariei laguntzeko
Horietaz gain, hitzarmenak jasotzen du, baita ere, bi programa gauzatzea, hala ekintzaileei nola dagoeneko badagoen merkataritzari laguntzeko. Lehenbizikoak, ‘Iruña ekintzaile’, helburu du negozio-ideiez jabetu eta horiek garatu nahi dituzten pertsonei laguntza eta babesa ematea, eta bereziki babestuko dira COVID19ak eragindako egoera honen arazoak konpontzen laguntzera bideratutako ekimenak, eta, are, antzeman daitezkeen balizko aukerei erantzutekoak ere.
Martxan jarriko da, halaber, ‘Pentsatu eta ekin’ programa, Iruñean den merkataritzari laguntzekoa; honek xede du sektore horri laguntzea eta indartzea, pandemiaren ondorioek ekarritako egoeraren ondorioz sektoreak bizi duen egoera zailean. Horretarako prestakuntza emanen da, merkataritza-negozioak biziraun dezan laguntzeko, eta Udalaren bideotekari laguntze aldera, dokumentazioa emanen zaio.