Iruñeko Udalak 135.500 euroko inbertsioa eginen du Emakumeen Etxeko ekitaldi-aretoko estalkia berritzeko

Iruñeko Udalak 135.500 euroko inbertsioa eginen du Emakumeen Etxeko ekitaldi-aretoko estalkia berritzeko
Horrez gain, Emakumeen Etxearen ordutegia zabalduko du, arratsaldeko jarduerei ostegun, ostiral eta larunbat goizekoak gehituz
Foto Casa de las Mujeres

Iruñeko Udalak 135.507,72 euroko inbertsioa eginen du, gehienez ere, Emakumeen Etxeko ekitaldi-aretoko estalkia berritzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak obren lizitazioa onartu du, eta estalkiaz gain, barne hartuko ditue ekitaldi-aretoko sarbideak hobetzea eta espazio horretan dagoen komuna eraberritzea ere. Behin adjudikatuta, lanak hamar asteko epean egin beharko dira.

Eraberritze-lanak Emakumeen Etxearen mantentze-jarduketen barruan sartzen dira, Udalak emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna helburu duten politikak, programak eta proiektuak sustatzeko sortutako topagunea eta parte hartzeko gunea baita. Emakumeen Etxea Agoitz kaleko 9. zenbakian dago, eta beste udal-bulego batzuekin eta goiko solairuan dagoen Emakumeen Dokumentazio Zentroa-Liburutegiarekin partekatzen du lekua. 

Estalkiko lanen xedea amiantoa izaten ahal duten elementuak kentzea da. Hori horrela, bertako zuntz-zementuzko plaka eta zurezko uhalak altxatuko dira. Altzairu galbanizatuzko uhal berriak jarriko dira, eta, horien gainean, isolamendua duen panel berri bat. Horrez gain, estalkiaren erretenen eta zorrotenen ordez altzairu galbanizatuzko beste batzuk jarriko dira. Estalkira ateratzeko leiho bat eta segurtasun-soka bat jarriko dira, ondorengo mantentze-lanak segurtasunez egiteko. 

Ekitaldi-aretora sartzeko gunea berritzeari dagokionez, terrazozko zoruaren ordez portzelanazko gresa jarriko da, Emakumeen Etxeko sarbidean erabili zenaren berdina. Era berean, egurrezko estaldura jarri eta ateak aldatuko dira. Eraikinera sartzeko atea ere aldatu eginen da, gaur egun dituen ezaugarri berberak dituen beste batez. Sarbide-gune horretan dagoen komuna ere berritu eginen da, zoru berria eta gres-portzenalazko pareta berriak jarrita, eta zorrotena, komuna eta konketa ordeztuko dira. Sarrerako atea lerragarria izanen da aurrerantzean. 

Lanak adjudikatzerakoan, Udalak, zenbait irizpideri jarraikiz, prezio-kalitaterik onena duen eskaintza eskaintza kontuan hartuko du. Horrela, 50 puntu emanen zaizkio gehienez proposamen teknikoari. Puntu horietatik guztietatik, 25 lanen planteamenduaren eta garapenaren azalpen-memoriari dagozkio; beste 15, berriz, obrek azpiegituretan, zerbitzu-sareetan eta zirkulazioan izaten ahal dituzten eraginen trataerari. Obra-planari, gehienez ere proposamen teknikoaren gainerako 10 puntuak emanen zaizkio.

Horri beste 40 puntu gehituko zaizkio, eskaintza ekonomikoari buruzkoak, eta 10 puntu gehiago esleituko dira gizarte-irizpideen arabera, hala nola azken garbiketako lanak laneratzeko enpresa batekin, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezi batekin edo gizarte-ekonomiako erakunde batekin azpikontratatzea. Helburua da kontratua irailean adjudikatu ahal izatea, obrak urrian has daitezen.

Abuztuaren 29tik aurrera ordutegi zabalagoa Emakumeen Etxearendako
Hobekuntza-lan horiek alde batera utzita, Emakumeen Etxeak jendaurreko ordutegia zabaltzeko asmoa du abuztuaren 29tik aurrera. Gaur egun, ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa da, 17:00etatik 21:00etara. Horretarako, laguntza teknikoa lizitatu du, Etxea ostegun eta ostiral goizetan eta larunbatetan goiz eta arratsaldez ere ireki ahal izateko. Ordutegi zabalago hori Iruñeko Udaleko Sozialistak taldeak aurtengo aurrekontuei eginiko zuzenketetako bat aplikatzearen ondorio da. 

2019ko urrian ireki zen Emakumeen Etxea, Iruñeko Udalaren eta Iruñeko Emakumeen Etxea elkartearen arteko hitzarmen bati esker. Hasiera batean, astelehenetik ostiralera irekitzen da, arratsaldeko ordutegian. Hala ere, azken urteotan, topagune honetako kultur jarduerak eta eskaintza esponentzialki hazi dira, eta, beraz, Udalak zerbitzua zabaltzeko beharra ikusi du. Horretarako, arratsaldeko ohiko ordutegiaz gain, jendaurreko arreta eskainiko da ostegun eta ostiraletan, goizeko 10:30etik 13:30era, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.

Ordutegi zabalago horri erantzuteko, laguntza teknikoa kontratatu da Etxean aurrez aurreko zerbitzua emateko, ostegun eta ostiraletan 10:00etatik 13:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Denbora horretan, informazio zerbitzua artatuko du, eta espazioak lagatzeaz, udal programazio ofizialaz eta baliabide materialen kudeaketaz arduratuko da, hori guztia Iruñeko Udalarekin koordinatuta. Zerbitzu horren ardura hartuko duen pertsonak edo pertsonek gutxienez graduko edo goi-mailako LHko titulazioa izan behar dute, eta gutxienez 30 orduko ziurtagiria erakunde publikoek edo unibertsitateek emandako berdintasun ikastaroetan.

¿Te ha sido útil esta página?