Iruñeko Udalak 110.330 euroko dirulaguntza-deialdia egin du hiriko eskola publikoetako eskola-liburutegietarako eta material suntsikorrerako

Iruñeko Udalak 110.330 euroko dirulaguntza-deialdia egin du hiriko eskola publikoetako eskola-liburutegietarako eta material suntsikorrerako
Joan den ikasturtean hiriko ikastetxe guztiek jaso zituzten laguntza horiek, eta aurten berriro eskatzen ahalko dituzte, irailaren 16ra arte
foto

 

Iruñeko Udalak dirulaguntzen deialdia ireki du hiriko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan iazko ikasturtean liburutegian eta irakaskuntza-material suntsikorrean egindako gastuak ordaintzeko. Eskaera egin eta baldintzak betetzen dituzten ikastetxeen artean 110.330 euro banatuko dira gehienez ere, funts bibliografikoak handitu eta berritzeko, baita ikastetxeetako materialerako ere. Ikastetxeetarako eskabideak aurkezteko epea irailaren 16an amaituko da.

Aurrekontuaren zenbateko osoa bitan banatzen da: batetik, 38.175 euro, zehazki eskola-liburutegien gastuetarako, eta bestetik, 72.155 euro irakaskuntza-material suntsikorrerako. Diruz laguntzen ahalko dira ikasturtean zehar egindako gastuak, hau da, 2023ko irailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean egindakoak. Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren eta Udalaren webgunean ere kontsultatzen ahal dira.

Joan den ikasturtean hiriko ikastetxe publiko guztiek eskatu eta jaso zuten laguntza ekonomikoa.

Funtsak esleitzeko kalkuluak
Hainbat aldagai daude funtsen esleipena kalkulatzeko. Zehazki, Udalak eskola-liburutegietarako dirulaguntza gisa, 700 euroko kopuru finkoa bideratuko du eskaera egin duen 150 ikasle baino gutxiagoko Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bakoitzeko; 700 euro, Hezkuntza Bereziko Ikastetxe bakoitzeko, eta 700 euro Iruñeko Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetarako.

Erabilgarri gelditzen den aurrekontuaren gainerakoa honela banatuko da eskaera egin duten hiriko gainerako ikastetxe publikoen artean: % 95 ikastetxe bakoitzeko ikasle-kopuruaren proportzioan, eta gainerako % 5a, zati berdinetan, gutxienez genero-berdintasunari buruzko hiru liburu erosten dituzten ikastetxeen artean. Bigarren ehuneko hori aplikatzearen ondoriozko zenbatekoak ezin izanen du, bakarka, lehenengo irizpidea –ikasle-kopurua– aplikatuta dagokien zenbatekoaren % 20 gainditu.

Irakaskuntza-material suntsikorrerako laguntzei dagokienez, 900 euro bideratuko dira eskaera egin duen Haur eta Lehen Hezkuntzako 150 ikasle baino gutxiagoko Hezkuntza Bereziko ikastetxe publiko bakoitzarentzat, bai eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako José María Iribarren ikastetxearentzat ere. Laguntza zehatz horietara bideratutako aurrekontuaren gainerakoa honela banatuko da: % 50, ikastetxe bakoitzeko ikasle-kopuruaren proportzioan; % 25, "ikasle babesgabetzat" jotzen diren ikasle-kopuruaren proportzioan, eta gainerako % 25a, zati berdinetan, eskaera egin duten ikastetxeen artean.

Ikastetxe publiko guztiek jaso zuten laguntza joan den ikasturtean
Joan den ikasturtean, bi partidetarako dirulaguntza jaso zuten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko guztiek, Andrés Muñoz Garde Hezkuntza Bereziko ikastetxeak eta J. Iribarren Helduentzako Oinarrizko ikastetxeak. Aurreko deialdian dirulaguntza handiena jaso zuten ikastetxeak Cardenal Ilundáin ikastetxe publikoa (7.431,8 euro) eta Doña Mayor ikastetxe publikoa (6.019,65 euro) izan ziren.

Funts horiek banatu ondoren, eta kalkulatutako dirulaguntzaren 100 % jaso aurreko urrats gisa, ikastetxeek irailaren 30era arteko epea izanen dute bi kontzeptu horietan egindako gastuak justifikatzeko.

¿Te ha sido útil esta página?