Iruñeko Udalak 100.214,94 euro inbertitu ditu 2025-2026ko ikasturtean Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetan antzerki-lantegiak antolatzeko

Iruñeko Udalak 100.214,94 euro inbertitu ditu 2025-2026ko ikasturtean Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetan antzerki-lantegiak antolatzeko
Jolas dramatikoari eta Dramatizazioari buruzko programazio didaktikoa sortzeko kontratua lizitatu da, eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bosgarren mailako taldeei zuzenduta egonen da
teatro infantil

 

Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua lizitatu du Iruñeko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetan antzerki-lantegiak antolatzeko. Aipatu moduan, lantegiak ikastetxeetan eginen dira, irailetik 2026ko ekainaren 30era bitarte. Lizitazioaren zenbatekoa 100.214,94 eurokoa da: 40.085,98 euro, ikasturteko lehen hiruhilekorako, 2025eko irailetik abendura bitarte; 60.128,96 euro, berriz, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetarako, 2026ko urtarriletik ekainera bitarte. Lizitazioari buruzko informazioa Nafarroako Kontratazio Atarian kontsultatzen ahal da.

Kontratuak helburu du ikas-taldeei zuzendutako jolas dramatikoko eta dramatizazioko programazio didaktiko bat garatzea 2025-2026ko ikasturtean. Programazio didaktikoa irakasleen eskola-ordutegian irakatsiko da: 50 minutuko saioak eginen dira, astero, eta Lehen Hezkuntzako curriculumean ezarritako helburu eta edukiak hartuko dira abiapuntu, onartuak izan diren eta programan parte hartu duten irakasle eta ikastetxeekin elkarlanean. 

Ikasturte bakoitzeko, gehienez, 2.580 ordu erabiltzen ahalko dira programazio didaktikoa garatzeko: 86 ikasle-taldek parte hartuko dute gehienez ere, eta talde bakoitzak 30 saio izanen ditu. Saioetako bat irakasleen koordinazioa jorratzeko eta gai hauei buruzko prestakuntza jasotzeko baliatuko da: besteak beste, lantegian erabiliko diren dramatizazio-teknikak, gorputz-adierazpena eta dramatizazioarekin lotutako jarduerak egiteko baliabide materialak.

Hauek dira programazio didaktikoa esleitzeko irizpideak: lan-plana (45 puntu bitarte), lantegi-orduen araberako eskaintza ekonomikoa (35 puntu bitarte), koordinazio-orduen araberako eskaintza ekonomikoa (5 puntu bitarte), hobekuntzak, hala nola ikasle-talde eta irakasleekin egindako aparteko lan-saioak (5 puntu bitarte) eta irizpide sozialak (10 puntu bitarte). Berdinketarik izanez gero, lan-planean lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira eskaintzak.

Adjudikaziodunak baliabide pertsonal aski izan beharko ditu, hala nola arte eszenikoekin lotutako titulazioa edo antzerkiarekin lotutako lanak egin izana. Ezinbestekoa izanen da euskaraz eta ingelesez dakiten irakasleak izatea, programan parte hartu nahi duten ikastetxeetan zerbitzua zuzenean hizkuntza horietan eman ahal izateko. Eskatuko den ezagutza-maila Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailako ziurtagiri ofiziala izanen da. 

Kontratuak lau luzapen izaten ahalko ditu, bakoitza urtebetekoa, betiere kontratua 2030eko ekainaren 30a baino lehen iraungitzen baldin bada.

Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-maila bakarra
Ikastetxe bakoitzak hautatzen ahalko du zein mailatako ikasleek parte hartuko duten programan, Lehen Hezkuntzako 1. mailakoek edo 5. mailakoek. Alor kudeatzaileak ikastetxe bakoitzeko bi hezkuntza-maila horietako bat txertatuko du programan, eta Lehen Hezkuntzako 1. mailakoek izanen dute lehentasuna; Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasle-taldeek osatuko dute programa, guztira 86 ikasle-talde izan arte.

Ikastetxeek lehen talde-hautaketa egin eta aurreikusitako 86 ikasle-taldeak betetzen ez badira, alor kudeatzaileak hala eskatu duten ikastetxeei hezkuntza-maila bat baino gehiago txertatzeko baimena emanen die, izen-ematearen hurrenkeraren arabera.

Udal-programak adierazpen-hizkuntzak bateratzen dituen hezkuntza-esperientzia bat sortzea du helburu, jolasak eta haurren protagonismoa oinarri hartuta. Halaber, honako hauek sustatu nahi ditu: norberaren adierazpena, sormenerako gaitasunak eta jarrerak bultzatzea eta harreman pertsonalen hobekuntza. Halaber, ikasleen esperientzia aberastu nahi du, askotariko egoerak abiapuntu hartuta inhibizioak, beldurrak eta konplexuak landu eta atzean uzteko; hain zuzen ere, udal-programa jorratzeko tokiak eta denbora sentsibilitatea, behaketa eta entzutea areagotzera eta sormena garatzera egonen dira zuzenduta. 

¿Te ha sido útil esta página?